Begoña Alfaro

Kalera itzuli nahi duen aktibista

Begoña Alfaro abokatu eta ekintzaileak aise irabazi ditu Ahal Dugu-ko hauteskunde primarioak Nafarroan, eta alderdiko burua izanen da, Eduardo Santosi lekukoa hartuta.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Kalean ibiltzen ohitua dago Begoña Alfaro (Zarrakaztelu, Nafarroa, 1982). Aldarrikapen sozialetan eroso ikusten du bere burua, eta, azken urteetan, PAH Hipotekak Kalte Eginikoen Plataformako bozeramaile izan da Nafarroan. Abokatua da lanbidez, eta etxegabetzeekin loturiko kasu ugaritan aritu da; eskarmentua du, beraz, banku eta etxejabeekin negoziatzeko tenorean. Asteon, Nafarroako Ahal Dugu-ko idazkari nagusi hautatu dute, martxoaren 12tik 17ra eginiko hauteskunde primarioetan.

Alderdiak emaniko datuen arabera, 716 afiliatuk parte hartu zuten bozketan, eta Alfarok aise irabazi zuen lehia: 455 boto eskuratu zituen, boto guztien bi heren [Ainhoa Aznarezek 126 bildu zituen, eta Neniques Roldanek, 113].

Ongi landutako proiektu bat aurkeztu du abokatuak, alderdian ongi errotua eta oinarriko zenbait sektoretan ilusioa piztu duena: nabarmendu du alderdia «arnasberritzea» duela xede, eta, horretarako, aurpegiak ez ezik, zenbait inertzia aldatu nahi ditu. Aldarrikatu du Ahal Dugu-k «funtsezko eragilea» izan behar duela erakundeetan eta, batez ere, «erakundeetatik kanpo». Kaleetako pultsu hori galdu dutelakoan dago, eta hor jarri nahi du indarra. «Alderdia berreskuratu behar dugu, eta baita galdutako eremuak ere, udalerriz udalerri lan eginez eta gizarte mugimenduekiko elkarlana bultzatuz». Ezkerreko alderdien politika «kaletik» urrundu dela uste du, eta horri eman nahi dio konponbidea. Bestalde, alderdi barruko egiturari begira, «antolamendu argi eta sinplea» proposatu du, organo bakoitzaren eskumenak zehaztuz eta «barne kohesioa» bilatuz. Hain zuzen, aurreko urteetako tirabirak gainditutzat jo dituzte alderdi barruan, eta «batera» lan egiteko deia egin dute hiru hautagaiek.

Nafarroako Gobernuan Ahal Dugu-k jokatu beharreko rolari dagokionez, berriz, «leialtasunez» lan egiteko asmoa agertu du Alfarok, «baina Ahal Dugu-ren nortasuna ahaztu gabe», eta gobernua «ezkerrera bultzatuko duen iparrorratza» izateko xedez.

Idazkari nagusi erdalduna

Primarioetara aurkeztutako hautagaien artean, Alfaro da gazteena: 39 urte ditu, baina ez da politikan hasiberria. Haren izena ezkerreko beste zerrenda batzuetan agertu izan da, eta 2015eko abenduko Espainiako bozetan hautagai izan zen, Ezkerrak bultzaturiko Unidad Popular izeneko zerrendan.

Laura Perez eta Eduardo Santos idazkari nagusi ohiak ez bezala, Alfaro ez da euskalduna, baina «erakunde guztietan euskara sustatzeko politikak ezarri behar direla» aldarrikatu izan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.