HILBERRIA. Xabier Markiegi

Ararteko ohia hil da, 82 urte zituela

BERRIA.
Erredakzioa
2021eko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Xabier Markiegi Ararteko ohia hil da. Eroriko baten ondorioz, duela gutxi operatu zuten Markiegi, baina osatzen ari zela hil zen, atzo, Almeriako (Espainia) bere etxean. 82 urte zituen. Markiegi ezaguna zen, nagusiki, 1995. eta 2000. urteen artean Arartekoa izan zelako. Bilbon jaio zen, 1938. urtean. Filosofia eta letretan, Psikologian eta Teologian lizentziaduna zen, eta Ingeniaritza ere ikasi zuen. 1981. urtean heldu zen Eusko Legebiltzarrera; Mario Onaindiaren lekua hartu zuen, biak Euskadiko Ezkerrako kide zirenean.

Markiegi 1994. urtera arte izan zen legebiltzarkidea, baina ez zen PSEko kide bihurtu. Euskadiko Ezkerrako VI. batzarrak 1993an onartu zuen PSErekin bat egitea, eta, besteak beste, Onaindia PSE-EEko presidenteorde bihurtu zen. Markiegi, ordea, ez zen sartu alderdi berrian, nahiz eta haiekin harreman ona mantendu zuen.

Herriaren defendatzaile kargua 1995. urteko martxoan hartu zuen, EAJren, PSE-EEren, IUren eta Unidad Alavesaren babesarekin, eta 2000. urteko irailean Mercedes Agundezek hartu zuen haren erreleboa. Geroago, Terrorismoaren Biktimen Fundazioarentzat egin zuen lan; baita Rabateko Cervantes Unibertsitatean ere, bost urtez. Fernando Buesa fundazioko lehen presidenteordea ere izan zen.

Arartekoak ohar batean nabarmendu du Markiegi buru izan zuen garaian finkatu egin zela instituzioa, eta gizarteari ireki zitzaiola erakundea: «Xabier Markiegiren eta Mercedes Agundezen agintaldiak sendotu zuen Ararteko erakundea, bulego horren jarduerak kuantitatiboki eta kualitatiboki areagotu baitziren; era berean, agintaldi horretan erakundea gizartera zabaldu zen, Bilbon eta Donostian herritarrak artatzeko bulegoak abiaraziz». Hainbat gizarte gai jorratu zituela ere nabarmendu du Arartekoak, batik bat «haurren, nerabeen, adinekoen eta buruko gaixoen arazoei buruz». Gogora ekarri du Poliziak etorkinei emandako tratuari buruzko txosten bat egin zuela, eta EAEko kartzeletako egoeraz ere idatzi zuela.

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusi eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak atzo gogoan izan zuen Markiegi, eta, besteak beste, «giza eskubideen alde egindako lana» goraipatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.