Nafarroako Gobernuak erdira murriztu nahi du pobrezia tasa

Jokin Sagarzazu -

2018ko abenduak 5
2015eko datuen arabera, Nafarroako biztanleen % 8,8 pobrezia mailaren azpitik bizi zen. Hori erdira murrizteko, 161 proposamen jaso ditu Nafarroako Gobernuak 2018-2021eko eperako Gizarteratze Planean. Parlamentuan aurkeztu zuen atzo Miguel Laparra Eskubide Sozialetako lehendakariordeak.

Besteak beste, enpleguaren alorrean, gobernuak helburu gisa jarri du errenta bermatua jasotzen dutenen % 50ek lan bat lortzea hamabi hilabete baino lehen, eta gainerakoek bi urte baino lehen. Etxebizitzaren alorrean, aurreikusten du eskubide subjektibo gisa aitortzea, etxebizitza lege berri baten bidez. Hezkuntzarenean, helburu jarri du eskola uzte goiztiarra % 8tik beherakoa izatea —egun % 11,3 da Nafarroan—.

Azken hogei urteotan Nafarroako Gobernuak landu duen lehen Gizarteratze Plana da —aurrekoa 1998koa da—. Laparrak azpimarratu duenez, gizarte eragileekin batera landu dituzte neurriak. Gobernua babesten duten taldeek txalotu egin dute plana. Oposiziokoentzat, aldiz, «kea» baino ez da; kritikatu dute Laparrak ez dituela gastuak zehaztu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna