Milaka langile botako dituzte Fordek eta Jaguar Land Roverrek

Fordek berregituraketa handi bat hasiko du kostuak txikitzeko, eta modelo guztiak auzitan jarri ditu. Jaguar Land Roverrek 4.500 lanpostu kenduta egin nahi dio aurre salmenten jaitsierari
BERRIA

Iker Aranburu -

2019ko urtarrilak 11
Berregituraketa handi baten atarian dago Forden Europako adarra. Kostuak nabarmen txikitu nahi ditu AEBetako konpainiak, eta horrek «milaka» langileren kaleratzea eta hainbat modelo bazterrean uztea ekarriko du. Baina ez da Ford neurria txikitu nahi duen bakarra: JLR Jaguar Land Roverrek ere iragarri du 5.000 langile botako dituela. Dieselaren gainbehera, Txinako eskaera txikiagoa eta brexit-ari buruzko zalantzak argudiatu ditu konpainiak kaleratzeak justifikatzeko.

Fordek zehazki zenbat langile botako dituen ez dago oraindik finkatuta. Sindikatuekin negoziatzen hasi da lantaldea txikitzeko moduei buruz —erretiro aurreratuak eta diruz lagundutako kaleratzeak izango dira haietako asko—. «Baina ziur esan dezakegu milaka batzuk izango direla. Berregituraketak eragin handia izango du enpleguan», onartu dio Financial Times egunkariari Steve Armstrong Ford Europako buruzagiak. Azaldu duenez, berregituraketa ez da azalekoa izango: «Kontua ez da gaurko negozioa eraginkorragoa izatea, baizik eta berriro diseinatzea».

Gaur egun, AEBetako multinazionalak 53.000 langile eta hamabost lantegi ditu kontinentean. Horietako bat, Blanqueforten (Gironda, Frantzia) abiadura kaxak egiten dituena, abuztuan itxiko duela berretsi zuen abenduan. 860 langile aritzen dira han, eta Frantziako Gobernuak ez du baztertu fabrika erostea eta gero Punch austriarrari saltzea.

Historia luzea du Fordek Europan. 1930eko hamarkadaren hasieran lantegi bana eraiki zituen Kolonian (Alemania) eta Dagenhamen (Ingalaterra), eta orduz gero kontinenteko autogilerik handienetako bat izan da. Azken urteetan merkatu kuota galdu arren, marka salduenetan hirugarrena izan zen iaz EBn. Urtarriletik azarora 910.000 auto saldu zituen (%6,4ko merkatu kuota), 2017an baino %2,3 gutxiago. Hego Euskal Herrian, berriz, 3.269 auto saldu zituen iaz, eta salduenetan zazpigarrena izan zen.

AEBetan, autorik ez

Berregituraketaren helburua da kontinentean %6ko irabazi tartea lortzea; funtsean, saltzen duen auto bakoitzetik %6 irabazia izatea konpainiarentzat. Kopuru handia da hori luxuzkoak ez diren autogileentzat, eta Fordek ez du Europan inoiz halakorik lortu. Berez, azken bi urteetan galerak izan ditu.

Bermoldaketa ez da kontinentera mugatuko. Mundu osoan 12.000 milioi euroko aurrezkia egin nahi du Detroiteko konpainiak. Hori egiteko modu bat izango da modelo errentagarrienetan zentratzea, eta galerak ematen dituztenak alde batera uztea. AEBetan, esaterako, iragarri du auto arruntak egiteari utziko diola, eta SUV edo 4x4 itxurakoak soilik egingo dituela. Europan, C-Max modeloaren ekoizpena txikitzen hasi da dagoeneko, eta beste modelo guztiak auzitan daude, «Fiesta, Focus, Mondeo, guzti-guztiak», Armstrongek onartu duenez.

Kostuak txikitzeko beste urrats bat datorren astean du egitekoa Fordek. Iragarriko du ibilgailu industrialak Volkswagenekin batera egingo dituela. Ez da baztertu behar auto elektrikoak eta gidaririk gabekoak elkarrekin garatzeko asmoa ere adieraztea.

Diesela, Txina eta 'brexit'-a»

Fordek ez bezala, JLRk badaki zenbat langile kendu nahi dituen: 4.500. Kostuak 2.700 milioi eurotik gora. txikitu nahi ditu, irabazietara itzultzeko. Kaleratze gehienak ekoizpenarekin zerikusia ez duten lanpostuetan egingo ditu JLRk. Iaz, salmenten beherakadari aurre egiteko, mila lanpostu kendu zituen Solihull-eko fabrikan, eta hiru eguneko lan astea ezarri zuen Castle Bronwichen (biak Ingalaterran).

Hainbat urtez Forden menpe izan ziren Jaguar eta Land Rover, baina 2008an Tata talde indiarraren esku geratu ziren, eta 2013an enpresa bakarra osatu zuten. Urte onak izan dituzte —noranahikoen arrakastak Land Rover bultzatu du, eta Jaguarren modeloek ere harrera ona izan dute—, baina azken urtean gauzek okerrera egin dute, eta 2018. urtea galerekin bukatuko du konpainiak. Arrazoien artean daude dieselaren krisia —bere autoen hamarretik bederatzi dira— eta Txinako merkatuaren erorketa.

Beste kezka bat ere aipatu du konpainiak kaleratzeak justifikatzeko: brexit-a. Erresuma Batuak EBtik ateratzeak ez dio mesederik egingo enpresari, eta are gutxiago irteera akordiorik gabekoa baita. Ingalaterran ditu langile gehien (40.000), baina osagai asko kontinentetik iristen zaizkio.

Hain zuzen ere, Eslovakiako Nitrako fabrika berrira eramango du Land Rover Discoveryren ekoizpena. Auto elektrikoei leku handiagoa egingo die, eta bateriak egiteko fabrika bat zabalduko du Hams Hallen (Ingalaterra). Gaur egun auto elektriko bakar bat egiten du, Jaguar I-Pace izenekoa, baina Magna Steyrrek eraikitzen dio, Grazen (Austria).

Azarora arte, 191.000 auto saldu zituen JLRk EBn, iaz baino ia %5 gutxiago, eta merkatuaren %1,4 du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna