Jomary Ortegon Osorio. J. A. Restrepo Abokatuen Kolektiboko presidentea

«Bide orriarekin aurrera egiteko oinarri juridiko nahikoa badago»

Ezezkoaren argudioak kontuan hartu eta itunari ekarpenak egiteko aukera dagoela uste du Ortegonek. Santosek eta Uribek sortutako negoziazio espazioari «baztertzailea» deritzo.

Adrian Garcia.
Bogota
2016ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Segurtasun neurri zorrotzak igaro behar dira Jose Alvear Restrepo Abokatuen Kolektiboaren egoitzan sartzeko: nortasun agiria erakutsi, detektagailua pasatu, zaindariaren miaketa, eta Avianca eraikineko 25. solairura igo ondoren bi segurtasun ate igaro. «Sorreratik gaude mehatxupean», azaldu dio BERRIAri Jomary Ortegonek (Bogota, 1979). Elkartea 1980. urtean sortu zuen abokatu talde batek, eta giza eskubideen defentsan jardun dute ordutik. «Plebiszituaren kolpetik» oraindik ez direla altxatu onartu du Ortegonek. «Konfiantza gehiegi genuen».

Ezezkoaren ostean zer gertatuko da bake akordioarekin? Plebiszitua betebeharrekoa da presidentearentzat, baina ez legebiltzarrarentzat. Zer esan nahi du horrek? Aurrera jarraitu al daiteke galdeketa galduta ere?

Konstituzionalaren ebazpena kontuan hartuz gero, ezezkoa gailentzean presidenteak konstituzioa moldatzeko ahalak galdu ditu, eta lege horiek ezin ditu aurkeztu kongresuan. Beharrezkoak ditu eskumen horiek ituna betearazteko. Auzitegi Konstituzionalak ez ditu, halere, kongresuaren ahalak murrizten konstituzioa moldatzeko. Gure ustez, kongresuak aurrera jarraitu behar luke konstituzio moldaketa horiekin; hori bai, ezezkoaren sektoreek egiteko dituzten proposamenak aintzat hartuta. Denbora mugatu batean akordioak lortzen badira, itunari gehitu beharko litzaizkioke. Horrela ez bada, aurrera jarraitu beharko litzateke.

Hortaz, plebiszituari muzin egin beharko litzaioke?

Ezezkoari proposamenak egiteko aukera eman. Aurreikusitako bide orriarekin aurrera egiteko oinarri juridiko nahikoa badago.

Politikoki defendatzen zaila izan daiteke hori, ordea.

Ez ditugu baztertu nahi demokratikoki ezezkoa bozkatu zutenak, baina, era berean, kontuan hartu behar dira bai esan zutenak. Kolonbiak 32 departamendu ditu, eta 21etan gailendu zen baiezkoa. Departamendu horiek guztiak periferikoak dira; asko kezkatzen gaitu demokrazia itxura ematea zentroak periferiaren gainean agintzeari. Errepublika zentralista da oso Kolonbia. Hain zuzen ere, itunean jasotzen zen eskualdeei hitza ematea, lurraldetasun bakea izena duen hori eraikitzea. Baina bake hori ezin da eraiki zentroak herrialde guztiaren izenean hartzen baditu erabakiak. %18ko gutxiengoak [abstentzioa kontuan hartuta baiezkoaren alde egin zutenak] ezin die gainerako sektoreei inposatu, are gehiago ezezko horien arrazoia argi ez dagoenean. Analisi bat egin beharko litzateke zeinek eta zergatik bozkatu duten kontra.

Zein da zuen analisia?

Ezezkoaren kanpaina gezurrez josita egon da. Ituna bermatzeak ekarriko zituen ondorio kaltegarriei buruz ari ziren: zerga eta pentsio erreforma, egungo presidentearen kudeaketaren onarpena, ideologia jakin baten hedapena... Arrazoi horiengatik bada, gezurretan oinarrituta bozkatu zuten.

Zertan huts egin du baiezkoaren kanpainak gezur horiei buelta ez emateko?

Autokritika egin behar dugu: argumentu sinpleagoak erabili behar genituelako. Gobernuak ere badu erruaren zati handi bat. Baliabide guztiak eta hedabideak ditu, eta oso berandu hasi zuen bakearen aldeko pedagogia.

Horren itun garrantzitsuari buruz erabakitzeko heldutasuna falta al zaio gizarteari?

Mingarria da esatea, baina, tamalez, ondorio horretara iritsi gara. Gizarte honek ez du aukerarik izan beharrezkoak diren eztabaidei heltzeko. Pentsatzen genuen beste demokrazia mota bat bultzatuko zutela akordioek. Egun batetik bestera ezin dugu espero herritarrek era serio eta arduratsu batean ulertzea itunaren osotasuna. 297 orriko ituna da, eta jendeak zailtasunak ditu ulertzeko. Ezustea izan da, ordea, gerrilla zaharrenetako batekin gatazka armatua amaitzeko aukeraren aurka horrenbeste jende egotea. Hauteskundeen inguruan pedagogia asko falta da. Boto baliogabe ugari daude oker txikiengatik; botopaperean gaizki markatzeagatik edo bai idazteagatik. Herri honi heziketa asko falta zaio.

Eta orain, zer? Hasi dira alderdien arteko negoziazioak. Zentro Demokratikoak uko egin dio «elkarrizketa nazionalari»...

Kezkatuta gaude. Eliteen artean ari dira negoziatzen orain ituna, eta eredu hori baztertzailea da. Askoren artean egin beharko litzateke akordioa, ez herrialde honetan indarkeria politikoa gehien sustatu dutenen artean. Gainerako alderdiak eta gizarte zibileko eragileak hartu behar dituzte kontuan. Ez ziguten esan plebiszituan ezezkoa nagusituko bazen bi sektore elitista horien artean hartuko zutela erabakia.

Akordioko zein puntu daude arriskuan?

Zentro Demokratikoak justiziari buruzko akordioa kritikatu du, inpunitatea eskaintzen duelakoan. Baina ez da egia. Hain zuzen, gerta daiteke orain sektore horrek indarra egitea haientzat zigorgabetasuna lortzeko. Lurren auziari dagokionez, esan zuten lurrak gerrillarentzat izango zirela. Gezur hutsa da. Inon ez du hori jartzen. Nekazarientzako lurrak dira, baina indarkeriaren bidez haienak egin dituzten lurrak galtzeko beldur dira. Azkenik, kanpainan gogor egin zuten, familiaren defentsa eginez. Horrekin ondorioztatzen dugu eztabaidatu nahi dutena dela genero ikuspuntuarena. Emakumeen elkarteak era oso antolatuan jardun dute, eta lortu dute indarkeria matxista ikusaraztea, ez errepikatzeko bermeak ezartzeko. Herrialdearen mesederako ez, haien onura pertsonalerako nahi dituzte gai horiek eztabaidatu.

Prozesua bideratuta zirudien igandera arte. Zenbat luzatuko da orain?

Asko. Asko. Gehiegi. Batez ere Zentro Demokratikoari uzten bazaio nahi adina luzatzen. Plebiszitua antolatu zuten tramite guztiak azkartzeko, eta abendurako egon behar zuten martxan. Orain, geldialdi mugagabe batean sartzeko arriskua dugu. Bakerako Jurisdikzio Berezia ahal bezain azkar ezartzea aurreikusten zuten, gerran parte hartu dutenak auzipetzeko, eta ez litzateke eperik gabe atzeratu behar.

Zer gerta daiteke Bakerako Jurisdikzio Bereziarekin?

Justiziako terminoak nahi dituzte berrikusi. Ezezkoaren aldekoek inpunitate falta kartzela zigorrekin lotzen dute. Baina nazioarteko giza eskubideen legea aztertuz gero, justiziak ez du zertan kartzela esan nahi. Hemen adostutakoaren arabera, gatazkan parte hartutako guztiek erantzun beharko dute. Horrek ez du esan nahi derrigorrean espetxe zigorra ezarriko zaiela. Haatik, egia jakitea eta biktimak erreparatzea derrigortzen da. Normala da beldurra izatea, eredu berria delako. Akordioak ez dira perfektuak, gauzak daude sakontzeko, baina ez da inpunitate itun bat. Arriskutsua da gerrillarien eta segurtasun indarren zigorrak eztabaidatzea berriro, Egiaren Batzordea kolokan utz dezakeelako. Gerrillariek dituzten onura berberak izango dituzte segurtasun indarrek. Biktimak ados daude erabat? Ez, baina biktimek onartu badute ituna dagoen bezala, ulertezina da mekanismo horiek guztiak berriro aztertzea.

FARCek onartuko al lituzke puntu horiek berriz ere negoziatzea? Edozein negoziaziotan galtzekoak izango lituzke gerrillak.

Oso zaila da beste negoziazio bat abiatzea. Lau urte eman dituzte Habanan, eta bi aldeek amore eman dute gauza askotan. Bi aldeek ondo jokatu dute, eta lortu zitekeen akordiorik onena lortu dute. Oso zaila da zerbait hobea egitea.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.