Errealitatearen aurrean

Johnsonek erronken zerrenda luze bat du aurretik. Etxean, 'brexit'-a, Irlandako muga eta Eskoziaren geroa izango ditu arretagune; atzerrian, zer egin Iranekiko eta AEBekiko harremanekin.

Boris Johnson Atzerri ministroa izan zen iragan urteko udara arte. . NEIL HALL / EFE.
ander perez zala
2019ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Kargudun berriek antzera hasten dute agintaldi bakoitza: adierazpen sorta batekin, konpromisoekin, proiektu andana bat garatzeko irmotasunarekin eta, finean, herrialdea euren ikuspuntuaren arabera hobetzeko asmoarekin. Boris Johnsoni dagokionez, haren garaipenak estilo berri bat ere ekarriko dio Erresuma Batuan diplomazia egiteko erari, politikako figura xelebre bat bilakatu baita dagoeneko, bere adierazpenen eta ekintzen ondorioz: ohikoa da Londresen bizikleta gainean ikustea, soinean gorbata eta trajea dituela; gainera, oihartzun handia izan zuen 2012an gertatu zitzaionak: blokeatuta geratu zen Victoria Parkeko tirolina batean, Erresuma Batuko bi bandera eskuan zituela.

Herrialdeak aurretik du azken hiru urteotan izan dituen hilabete erabakigarrien hamaikagarren txanda, eta erabat zatituta egingo die aurre, berriz ere, datozen aste garrantzitsuei. Orain arteko irudiaz haratago, lehen ministro berriak erakusteko du zer estilorekin gobernatuko duen, eta ea gai izango den auzirik garrantzitsuenei aurre egiteko. Toryen barne lehia irabazi zuenean adierazi zuenez, haren agintaldiak hiru ardatz nagusi izango ditu: herrialdea «batzea», brexit-a «gauzatzea» eta Jeremy Corbyn laboristen buruzagia «garaitzea».

GEHIENGOAK ADOSTEA

Argi dago: Johnsonek Theresa May bere aurrekoaren hutsegiteetatik ikasi beharko du; hau da, konpromisoa beharrezkoa dela, eta ezinbestekoa dela gainontzeko indarrekin hitz egitea eta negoziatzea. Eta, orain arte, ez du halakorik frogatu.

Oraindik ez da hasi ere egin berriz negoziatzen Alderdi Demokratiko Unionistaren (DUP) hamar diputatuen babesa; oso garrantzitsua du, are gehiago orain. Izan ere, iragan asteantoryek diputatua galdu zuten Galesko barruti batean —liberal-demokraten mesederako—, eta Komunen Ganberan gehiengoa galtzetik ordezkari bakarrera geratu dira —DUPekoak kontuan hartuta—.

Garaipen hori estrategikoa izan zen, Europako Batasunean (EB) geratzearen aldeko hainbat alderdi ez baitziren aurkeztu, irabazteko aukera handienak zituzten EBn jarraitzearen aldeko indarretako batek irabazte aldera.

Jokaldi politiko horren atzean dauden konpromisoa eta adostasuna behar ditu Johnsonek, ez bakarrik brexit-erako, baita beste hainbat auzitarako ere: hasteko, aurrekontuak onartzeko, horiek ez onartzea nahikoa arrazoi baitabozetara deitzeko.

'BREXIT'-A GAUZATZEA

Erresuma Batuaren irteera kudeatzea izango da Johnsonen erronketako bat; izan ere, herrialdearen historian zatiketarik handienak eta sakonenak eragin dituen erabakiak piztutako krisi politikoa hiru urte irauten ari da. Hortaz, brexit-a gauzatzeko, lehen ministroak frogatu beharko du gai izango dela Komunen Ganberako bozketak irabazteko, eta, gauza guztien gainetik, alderdikideak leial mantenduko dituela.

Azken asteotako adierazpenak eta asmoak aztertuta, ordea, badirudi haren estrategiak ez duela arrakastarako aukera handirik izango. Erresuma Batua urriaren 31n da EBtik ateratzekoa, eta Johnsonek nahi du irteera egun horretan bertan gauzatzea —bi aldiz atzeratu dute—, hurrengo fasera igarotzeko. Ahal izanez gero, itun batekin; halakorik ezin bada, akordiorik gabe.

Ordea, jarrera horrekin ataka estu batean buka lezake: Komunen Ganberak itunik gabeko irteera blokeatuko dio, eta konfiantza mozio bat aurkeztuko du haren aurka; eta, itsasoaren beste aldean, EBk akordioa berriz ez negoziatzeko jarrerari eutsiko dio. Alegia, balitekeela ingudearen eta mailuaren artean geratzea.

IRLANDAKO MUGAREN AUZIA

Duela urte eta erdi, irteera akordioan adosturiko Irlandako mugarako protokoloa —muga gogorra eragozteko backstop delakoa— adostasunerako oztoporik handiena bilakatu zen. Mayk berak negoziatu eta adostu zuen, eta, ostera, hori egiteaz damutu zen; izan ere, ez da alderdikide euroeszeptikoen gustukoa, eta, hortaz, ez zuen nahikoa babesik akordioa onartzeko.

Finean, horrek bota zuen May lehen ministro kargutik, eta horrek eraman du kargura Johnson bera, EBtik ateratzearen aldekoei ziurtatu baitie itunetik kenduko duela, eta, hori lortu ezean, akordiorik gabe aterako direla. Tory euroeszeptikoak konforme dira bi testuinguruekin; ez, ordea, Ipar Irlandako herritarrak, gehienek statu quo-ari eutsi nahi baitiote.

Johnsonen jarrerak are gehiago okertu du Ipar Irlandaren geroa. Egoera zailean dago egun: 2017ko urtarrileko krisi politikoaz geroztik, ez du ez gobernurik, ez parlamenturik; ekintza armatuak ugaritu egin dira azken hilabeteotan, eta irla batzearen inguruko auziak indarra hartu du berriz ere, itunik gabeko brexit-arekin muga gogorra ezarri beharko bailukete. Horiek dira lehen ministroak konpondu beharko dituen arazoak, bake akordioaren oinordetzari buruzko eztabaida inoiz baino biziago dagoen honetan.

ESKOZIAREN ETORKIZUNA

Ekialderago, brexit-aren kaosak ateak ireki dizkio Eskoziako Gobernuari bigarren independentzia erreferenduma sustatzeko, 2021eko maiatza ostertzean jarrita. Hil horretan dira Eskoziako Parlamenturako bozak egitekoak, eta Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak asmoa du galdeketa data horren aurretik egiteko, Eskozia EBtik ateratzen badute — eskoziarren %62k geratzearen alde bozkatu zuten—.

Johnson uztailaren 29an izan zen Sturgeonekin, eta bien argazkia ezin adierazgarriagoa izan zen: Erresuma Batuko lehen ministroaren irribarrea, Eskoziakoarenaren aurpegi serioaren alboan; brexit gogorraren eta unionismoaren aldekoa irribarretsu, irteeraren aurkakoa eta independentista irribarrerik gabe ageri zela.

Bisita horretan, Johnsonek herrialdea «batzeko» proiektuaren berri eman zuen: 332 milioi euroren inbertsioak Eskoziarako, Ipar Irlandarako eta Galeserako; eta, jakina, ezezkoa eman zion bigarren galdeketari. Ikusteko dago, beraz, zer pauso emango dituen Eskoziako lehen ministroak, datozen hilabeteetan Londresen gertatuko denaren araberakoak izango baitira.

Oraingoz, Edinburgo galdeketa posible horretarako markoa prestatzen hasi da; prest daude Johnsoni aurre egiteko.

IRANEKIKO TENTSIOA

Atzerri politikari dagokionez, Johnsonek Iranekiko tentsioa izango du arretagune nagusietako bat. Batetik, are gehiago okertu da Teheranen eta Mendebaldeko potentzien arteko harremana, Ormuzko itsasartean izandako liskarren ondorioz, eta Erresuma Batuak iragan hilean eskatu zuen «europar misio bat» osatzeko, itsasartean barkuak babesteko.

Izan ere, Iranek atxilotuta ditu Erresuma Batuko Stena Impero petroliontziko 23 kideak, bi aste lehenago britainiarrek Iranen petroliontzi bat atzeman zutelako.Horiek horrela, Londresek bere bandera duten barkuei eskatu zien «behin-behinean» ez pasatzeko itsasarte horretatik.

Bestetik, Irango itun nuklearraren iraupena izango du jokoan; Teheranek irailaren 5a jarri du epemugatzat akordioan adosturiko beste neurri bat urratu ala ez erabakitzeko.

AEB-EKIKO HARREMANA

Atzerrira begira ere, Johnsonek harreman egokia izan beharko du AEBekin, aliatu giltzarria baita. Donald Trump presidenteak «Trump britainiartzat» jo du jada Erresuma Batuko lehen ministroa, eta bi agintariek publikoki goraipatu diote elkarri. Baina Trumpek zera erakutsi du: soilik haren bideari eutsita jarraituko dutela adeitasunezko hitzek.

Testuinguru horretan, Johnsonen erronka izango da oreka bat topatzea Europako aliatuen eta Washingtonen arteko harremanetan, itun nuklearraren auziak eta nazioarteko beste hainbatek erakutsi duten modura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.