Beste su-eten bat hitzartu dute Ukraina ekialdean, astearterako

Xabin Makazaga -

2014ko abenduak 5
Donetsk hiriko aireportuan asteartetik indarrean zegoen Ukrainako armadaren eta matxino errusiazaleen arteko su-etena, eta Luhanskeko Herri Errepublikan gaur sartzekoa zen indarrean aste hasieran hitzartutako menia. Baina atzo bi aldeek jakinarazi zuten tregoa zabalago bat adostu dutela ESLA Europako Segurtasun Lankidetza Antolakundearen eta Errusiaren bitartekaritzari esker. Abenduaren 9an sartzekoa da indarrean. Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak Defentsa eta Barne ministroei, segurtasun indarrei eta Guardia Nazionalari agindu die Donetsken eta Luhansken borrokak eteteko behar diren neurriak hartzeko. Donbasseko bi errepubliketako agintari matxinoek ere baieztatu dute akordioa, nahiz eta nabarmendu hitzarmena oraindik ez dutela idatzi eta data aldatu egin daitekeela.

Orain arteko su-eten guztietan, baita Donetskeko aireportuan indarrean dagoenak ere, menia haustea leporatu diote elkarri bi aldeek. Oraingoa beteko ote den galdetuta, ez dela igarlea erantzun zuen atzo Andrei Purgin Donetskeko lehen ministrordeak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna