BI TARTE

Pintadek

Ane Labaka Mayoz eta Malen Amenabar Larrañaga
2019ko urriaren 12a
00:00
Entzun
«Pintadek esan ohi dute paperek isiltzen dutena», entzun berri dut Gorka Urbizuren ahots sarkorrean. Aspaldi aditu gabeko kantua aleatorioki agertu da erreprodukzio-zerrenda nahasian eta bat-batean dardaraka hasi dira autoaren kristal lohiak. Nik ere, beste askoren artean, badaukat ingurukoei tarteka gorrotagarria suertatzen zaien mania bat; ia inoiz ez naiz gai izaten abesti bat osorik, hasi eta buka, entzuteko. Oraingoan, ordea, ez dut gezidun botoia sakatu eta hurrengora jauzi egiteko tentaziorik sentitu.

Ez aurrera ez atzera gelditu naiz; standby egoeran. Zuzenekoren batera bertaratzean gertatu izan zait lehenago horrelako zerbait, baita aldiro garestiagoa den obraz betetako autobideko joan-etorri monotonoren batean ere. Kantu bat bukatu eta segundo gutxira hasi ohi da hurrengoa normalki, entzuten ari denari aurrekoak iradokitakoa disekzionatu eta digeritzeko tarterik utzi gabe. Noizean behin, melodia berria hasi bitarteko hutsune horren falta sumatu dudalako pasa izan zait disko nahiz kontzertu baten amaierako piezara heldu eta ni hasiera-hasierako beste hartan geratu naizela ohartzea. Esaldi batean harrapatuta, ahapaldi batean preso. Eta ez dut uste niri bakarrik gertatzen zaidanik.

Ez aurrera ez atzera. «Pintadek esan ohi dute paperek isiltzen dutena». Eta pintadek kontatu dezakete maiz orri zurietatik kanpo geratu den gure herriaren historia. Lagin moduan balia genitzake ezustekoren bat tarteko bukatu gabe utzitako margoketak, azken hizkiak falta zaizkienak, ortografia eta gramatika arauak errespetatzen ez dituztenak nahiz aurretik idatzita zegoenaren gainean beste kolore batez zirriborratutakoak.

Uda amaieran, lagun batekin gaueko paseoan nenbilela, argi keinukariak piztuta zeuzkan auto baten aurretik igaro ginen. Harritu egin ninduen aurreraxeago gazte bat disimuluan geldirik eta erdi zelatan ikusteak. Pasaeran esprai potoen soinua entzundakoan ulertu genuen zer zen gazte hark eta bere kideek esku artean zerabiltena. Uste dut irribarre egin nuela neure baitarako.

Gaztea(goa) nintzenean gu nola ibiltzen ginen gogoratu nuela kontatu nezakeen jarraian. Nola janzten genuen jertse beltz diskretuenaren kaputxa eta nola estaltzen genuen aurpegia gauaren ilunean barneratzean. Baina gure asanbladan ere genero-rolen araberakoa zen zereginen banaketa eta imajinatze hutsarekin eskuak izerdiz blaitzen zitzaizkigunak hormetan nahiz karteletan jarri zitezkeen esaldi originalak pentsatzera mugatzen ginen sarri. Edo, kasualitatez, halako arduraren bat egokituz gero, gaixo jarri ohi ginen astegun buruzurietan goizaldean egindako hitzorduen aurretik.

Horrexegatik poztu nintzen horrenbeste duela urtebete inguru goizean goiz kalera irten eta konturatu nintzenean gure herriko emakume gazte batzuek ez zutela gau hartan lo askorik egin. Herriko erdigune osoa sinbolo eta esaldi feministaz bete zuten. Nesketako batzuk harrapatu eta identifikatu egin zituzten. Margoketa ia guztiak udaleko langileek ezabatu zituzten eguerdia iristerako.

Gau hartako artelanetatik batek bakarrik iraun du gure etxepeko horman. Borobil more bat da eta nabarmena da bukatu gabe dagoela. Gurutze forman gainezarritako azpiko bi marrak falta zaizkio borroka feministaren ikurra osorik irudikatzeko. Zurikeria morea darion mundu honen metafora ezin ederragoa dela iruditu zitzaidan ikusi nuen lehen aldi hartan.

Mundu honetan bertan emakumeak erre egiten zituzten herriko plazetan duela ez horrenbeste, kalean zehar paseatzera behartzen zituzten ilea larru-arras moztu ostean edo gorputzaren kontrola galtzeko helburuarekin errizino olioa eman ondoren, herri guztiaren aurrera ateratzen zituzten gainean libratu zitezen. Umiliatu egiten zituzten publikoki.

Gaur egun, mundu honetan bertan, une oro gogoratzen zaie espazio publikoa okupatzeko adoretzen diren emakumeei azkarregiak, txolinegiak, politegiak, itsusiegiak, gatzgabeegiak, lotsagabeegiak, ausartegiak, apurtzaileegiak... direla. Edo, besterik gabe, publikoegiak direla.

Espazio publikoan jazarri zaizkie hauetako batzuei duela ez horrenbeste. Zutabe hau idatzi bitartean gogoan daukat nola eraso zioten emakumezko bertsolari bati iluntzean kantura joan behar zuen herrian bere aurkako pankarta mespretxatzaileak zintzilikatuta. Zutabe hau idaztera eraman nau duela egun batzuk nire eskuetara heldu zen argazkiak. Ekintzaile feminista bati bere izen-abizenak agertzen diren pintada bat egin diote pertsiana itxi batean, bere auzoan bertan, lantokitik gertu.

Ezinbestean, enpatia handia sentitzen dut mehatxu hauek jaso dituzten emakumeekiko. Beldurgarria izango da norbait bere etxean zure aurkako ekintza hori diseinatzen imajinatzea;espraia erosten, zer idatzi pentsatzen... Beldurgarria.

Ez da zaila ulertzea zertaz ari garen sorgin-ehizak badirauela diogunean. Orain beste modu batean gogorarazten digute zein den dagokigun lekua, baina kontrol mekanismoa lehengo berbera da: beldurra.

Ez da zaila ulertzea zertaz ari garen beldurra bandoz aldatuko dugula diogunean. Bitartean, elkartasun keinuek isilduko dute pintadek esaten dutena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.