Klima basoen birsortzean

Klima aldaketak baso dinamiketan duen eragina ari dira ikertzen zenbait lekutan; Legairen (Araba), esaterako. Ikerlariek jakinarazi dute heriotza tasak handitu egin direla eta hazkuntza moteldu egin dela.

Legaireko basoak birsortzeko duen gaitasuna ikertzen ari dira. RAUL BOGAJO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Tornadoak eta antzeko gertaera klimatikoak ez dira ohikoak Euskal Herrian. Hemengo baldintzek ez dute halakorik sortzeko bide ematen. Hala ere, klimaaldaketak muturreko gertaera klimatikoen maiztasuna eta intentsitatea areagotu dezake. 2018ko uztailaren 4an tornado bat egon zen Legaireko basoan (Araba), Entziako mendilerroan. orduko 180 km-ko haize boladak erregistratu ziren, eta tornadoak sustraietatik askatu zituen hango pagoak. 40 hektarea inguru baso suntsitu zituen. Euskal Herriko Unibertsitateak pentsatu zuen gertaera hori ikerketarako balia zitekeela, eta elkarlanean aritu da Arabako Foru Aldundiarekin. Klima aldaketak, eta bereziki, tornadoek eta muturreko haizeteek, basoen birsortzean duten eragina ikertzea da asmoa.

Hasieran, lau hektarea utzi zituzten horretarako, baina, orain,eremua handitu dute, eta zortzi hektarea daude erabilgarri. Lau hektarea tornadoak utzi bezala mantendu dituzte, egurrarekin; beste lau hektareatan, egurra kendu egin dute, baina ez dute landaketarik egin. Asier Herrero EHUko ikerlariak adierazi du «esperimentu natural bat» egin nahi dutela, eta bi espazioen bilakaera naturalaren arteko alderaketa bat egin. Nati Lopez de Munain Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Saileko zuzendariak adierazi du oraindik ezin daitekeela ondorio garbirik atera: «Urteren batzuen buruan izango ditugu lehenengo emaitza esanguratsuak, jakingo dugu espazioek zein bilakaera izan duten, ea zein eragin duen basoaren birsortzean egurra bertan uzteak edo ateratzeak».

Halere, badira ondorio batzuk dituzten ikerketak ere. Julen Astigarraga geografo eta ekologoa klima aldaketak Iberiar penintsulako eta ipar hemisferioko basoetan zein eragin duen ikertzen dabil, basoen demografia oinarri hartuta. Hau da, basoetako birsorkuntza, hazkuntza eta heriotza tasak. Jakinarazi du XX. mendearen hasieratik egoera okertzen ari dela: «Heriotza tasak igotzen ari dira, eta hildako zuhaitzak ordezkatzen dituzten arbolak geroz eta txikiagoak eta gazteagoak dira; hazkuntza ere motelduz doa». Gehitu du, etorkizunean, fenomeno naturalak ez ezik, gizakiaren esku hartzea ere areagotzea espero dela. Beraz, uste du litekeena dela formulatutako ekuazioak berdin jarraitzea. Halere, aitortu du birsorkuntzak eta hazkuntzak behera edo gora egingo duten jakitea zailagoa dela, aldaketak gune batetik bestera ezberdinak direlako.

Zuhaitzen dinamikak eta bizi erritmoak, gizakiarenarekin alderatuta, motelak direla adierazi du Astigarragak, eta beharrezkoa dela aurrez eginiko ikerketetan oinarritzea. Hain zuzen, horiei esker jakin da zeintzuk diren basoen demografian eragina duten faktoreetako batzuk; lehorteak, haizeteak, izurriteak eta beste zuhaitzen konpetentzia elikagaiengatik eta urarengatik, adibidez. Hala ere, gaineratu du aldagai horiek ezagutzen badira ere, zaila dela jakiten zenbatekoa den horietako bakoitzaren eragina. Gainera, basoek duten birsortzeko gaitasuna ere gogoan izan behar dela erantsi du. Hala ere, etorkizuna ez da ziurra: «Ikertu dugu, baina oraindik ez dakigu zehazki klima aldaketak nola eragingo dien baso ekosistemei».

Herreroren ustez, klima aldaketak, batez ere ingurune lehorretan eta baldintza lehorren aurrean «sentikorragoak» diren basoetan eragingo du. «Tenperaturak gora doaz, eta prezipitazioak ez badira handitzen, lehorteak ere ugariagoak izango dira». Halere, gizakiaren esku hartzea gogoan izan behar dela uste du, besteak beste, basoen ustiapen falta dagoela iritzita. «Lehen egurra ateratzen zen, baina orain ez. Beraz, basoak geroz eta dentsoagoak dira, eta konpetentzia handiagoa da errekurtsoengatik; ondorioz, zuhaitzen estresa handitu egiten da, eta zaurgarriagoak bilakatzen dira sute, lehorte eta izurriteen aurrean». Pinuen gaixotasunarekin, adibidez, hori gertatu zela erantsi du, paisaia «oso homogeneoa» delako eta organismoak erraz mugi daitezkeelako tamaina eta adin antzekoa duten zuhaitz batetik bestera.

Klima aldaketa, eta gehiago

Munduan zeharreko basoetan gertatzen ari dena Euskal Herriko egoerarekin bateragarria izan daitekeela uste du Astigarragak. Joera berbera dela adierazi du: «Heriotza tasa hazi egin da, eta birsorkuntza eta hazkuntza tasak gutxitu». Halere, erantsi du klima aldaketaz gain, badaudela hemengo basoen demografiak ulertzeko beste bi faktore ere: nekazaritzaren abandonua eta baso ustiapen tradizionalaren murrizketa. Haren arabera, nekazaritza moldeak ez dira garai bateko berberak, eta baso kudeaketa tradizionala ere gutxitu egin da.

Herrerok ere adierazi du nekazaritzako aldaketen eta basoen ustiapen faltaren ondorioz, klima aldaketaren aurrean zaurgarriagoak diren baso berriak sortu direla. Ikerketaren alde egin du: «Masa homogeneo horiek heterogeneo bihurtu behar dira, espezieak nahastuta eta landaketa mistoak eginda, adibidez». Helburua gerora sor daitezkeen arazoei, hala nola haizeteei edo lehorteei, ezberdin erantzuten dieten espezieak egotea da, basoek iraun ahal izateko. Bi adituek, ordea, uste dute ongi ikertu beharko litzatekeela espezieen sartzea, ekosistemetan izan dezakeen eraginarengatik. Eukaliptoaren adibidea azpimarratu du Astigarragak: «Ikerketa zientifikoen emaitzek sistematikoki erakusten dute eukaliptoak eragin kaltegarria duela lurzoruan, hidrologian eta biodibertsitatean».

Egoera bat edo beste izan, biek klima aldaketak duen eragina ikertu ahal izateko, ukitu gabeko basoen aldeko aldarria egin dute. Herreroren ustez, fenomeno naturalen osteko egoerei buruzko ikerketak egin izan dira munduan zehar, baina inoiz ez Euskal Herrian. Beraz, Legaireko kasua «interesgarritzat» jo du, «etorkizuneko kudeaketa neurriak diseinatzeko baliagarria» izan daitekeelako. Astigarragak basoaren bilakaera izan du gogoan: «Gizakiak dena kudeatzeko eta ukitzeko joera izan du, baina garrantzitsua da gizakiaren eraginik gabeko dinamika naturala ezagutzea, haren norabidea jakitea».

Elkarlanaren garrantzia ere aipatu dute. Lopez de Munainen arabera, garrantzitsua da batera jardutea, emaitzek ere egoera berriei aurre egiteko balioko dutelako. Astigarragak ere aktoreen arteko inplikazioa nabarmendu du, eta adierazi helburua «jakintza hoberena eta zehatzena» gizartearen esku jartzean dela. Herreroren iritziz, luzera begirako halako ikerketak beharrezkoak dira, baina horretarako luzerako aurrekontuak ere behar dira; baita zientzialarien eta kudeatzaileen arteko informazio trukea ere. Erantsi du klima aldaketak inpaktu «larriak» izango dituela ekosistemetan, eta ekosistema horiek gizartearentzat «beharrezkoak» direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.