BI TARTE

Garbi

Ane Labaka Mayoz - Malen Amenabar Larrañaga
2020ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Beldurra birusa bera baino askoz arinago hedatu da gurean. Komuneko sarreran ez oso modu egokian euskaratutako karteltxo plastifikatu bat topatu dut lehenago eta, bertan, gaixotasun kutsakorrak prebenitzeko eskuak nola garbitu behar diren azaltzen da, pausoz pauso. Argazki eta guzti, honako hauek dira zerrendatutako jarraibideak: 1. Eskuak busti. 2. Esku ahurretan xaboi likidoa jarri. 3. Igurtzi esku ahurrak euren artean atzamarrak ere gurutzatuz. 4. Igurtzi esku ahur bakoitza bestearen esku-gainarekin eta atzamarrak gurutzatuta. 5.Atzamar puntak ondo igurtzi hatz lodien eta eskumuturren inguruan. 6. Xaboia kendu urarekin. 7. Lehortu paperezko oihal batekin. 8. Eskuoihal horrekin itxi txorrota. 9. Bota eskuoihala zakarrontzira. *Oharra: Garbiketak 15-20 segundo iraun behar du, gutxienez.

Zuriketa morearen hilabetearen ekuatorean gaude oraindik; garbiketa morearen garaian. Ikusi nahi izanez gero, emakume aurpegia duten lan gatazkak ikus daitezke nonahi. Zaintza duindu nahian, Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentroetako langileek 250 egun daramatzate borrokan dagoeneko. Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateko eta EAEko ikastetxe publikoetako garbitzaile azpikontratatuek ere duela bi aste ekin ziotengrebari.

Bien bitartean, azken horien lanuzteak zalantzan jartzera ausartu dira zenbait ikasle kexati, beraien sare sozialetan irakurri daitekeenez: «Ni guztiz ados nago garbitzaileak egiten ari diren aldarrikapenekin baina...». Sindikaturen batek ere jarraitu du aurrekoen ildo beretik: «Guk ezer baino lehen argi utzi nahi dugu bat egiten dugula garbitzaile guztien soldataren homologazioarekin baina…. Beti iruditu izan zait arriskutsua baina horien atzean ezkutatu daitekeen guztia.

Badirudi inoiz baino jasanezinagoa dela unibertsitateari darion ustel usaina. Garbitzaileek, protesta artean, beraiek ekintza bandalikorik egin ez dutela argitzeko premia sentitu dute. Beraien lana egunero pilatzen den zikinkeria egunero garbitzea dela azaldu behar izan dute publikoki, eta, hain zuzen ere, lan hori egiteari utzi diotelako daudela zikin eraikinak.

Sektore feminizatu eta prekarizatuetan gertatu ohi den moduan, garbitzaile horien lana ere guztiz ikusezina da, ordea. Arkatzaren punta zorroztean sortutakoak lurrera bota eta biharamunean leku berean esertzean hondakin horiek berez desagertu direla pentsatu lezake, agian, norbaitek. Besteren batek, kafetegira bidean gosetuta, tupust egin lezake parean zegoela ere ohartu ez den garbitzaile-karrotxoarekin.

Akaso zu ere madarikazioka arituko zinen noizbait, komunera estu eta larri iritsi eta fregona gurutzatu batek lurra bustita dagoenez barrura ez sartzeko agindutakoan. Orain, mendekatzeko gogorik bazenu, garbitzaileen greba eskubidea urratu eta EHUko eta Hezkuntzako arduradunek garbiketa lanak egiteko antolatutako ikasle talderen batean har zenezake parte, betiere osasunaren izenean.

Unibertsitatetik kanpora ere, zenbaiti mesede egin dio mundu mailan piztutako alarma egoerak. Zorionez, baina, koronabirusak sortutako histeria kolektiboak ere ezin du guzti-guztia estali. Zaborraren kiratsa iragazi egiten da zulotxoen artetik eta batzuk,A-8an zehar egindako joan-etorri bakoitzean gogoratzen dugu bi langilek hilabete baino gehiago daramatela zaborpean; geuk sortutako zaborrak irentsi dituela.

Zaborraren kudeaketaren arduradun zuzenak, ostera, deseroso sentiarazten dituzten gorbaten korapilo estuak laxatu nahian sumatzen ditut beste behin. Argi dago xehe-xehe ezagutzen dituztela eskuak garbitu eta aurpegiak zuritzeko jarraibideak: 1.Eskuak busti. 2.Esku ahurretan xaboi likidoa jarri. 3.Igurtzi esku ahurrak euren artean atzamarrak ere gurutzatuz. 4.Igurtzi esku ahur bakoitza bestearen esku-gainarekin eta atzamarrak gurutzatuta. 5.Atzamar puntak ondo igurtzi hatz lodien eta eskumuturren inguruan. 6.Xaboia kendu urarekin. 7.Lehortu paperezko oihal batekin. 8.Eskuoihal horrekin itxi txorrota. 9. Bota eskuoihala zakarrontzira. *Oharra: Garbiketak hauteskundeak igaro arte iraun behar du, gutxienez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.