PSOEko hemeretzi goi kargudun kondenatu dituzte Andaluzian

Jose Antonio Griñan presidente ohiari sei urteko kartzela zigorra ezarri dio Sevillako Auzitegiak, enplegu erregulazio espedienteen kasuagatik. Chavesi, berriz, bederatzi urteko inhabilitazioa

Paulo Ostolaza.
2019ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Bederatzi urteko ikerketa baten ostean, Sevillako Auzitegiak atzo eman zuen enplegua erregulatzeko Andaluziako espedienteei buruzko lehen ebazpena. 2000 eta 2009 artean Andaluziako Gobernuko kide izan ziren 21 goi kargudun zeuden inputatuta, eta horietatik hemeretzi zigortu zituen auzitegiak, diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik eta prebarikazioagatik. Nabarmenenak, berriz, gobernuko presidente izandako Jose Antonio Griñan eta Manuel Chaves izan dira; Griñani sei urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta, Chaves, bederatzi urtez kargudun publiko izateko inhabilitatu zuten. Auzitegiak ateratako ondorioen arabera, presidente eta ministro ohiek bazuten Andaluziako Gobernuak bederatzi urtez (2000-2009) izan zuen finantzaketa sistemaren berri. Ebazpena ez da behin betikoa, eta kondenatuen defentsek atzo bertan iragarri zuten Espainiako Auzitegi Gorenera jotzeko asmoa zutela.

Kartzela zigorrik gogorrenak, zazpi urte eta hamaika hilabetekoak, Javier Guerrero Andaluziako Lanaren eta Gizarte Segurantzaren zuzendari ohiari eta Antonio Fernandez kontseilari ohiari ezarri zizkien auzitegiak. Kasuko beste izen garrantzitsuetako bati, Magdalena Alvarez Espainiako ministro ohiari, bederatzi urteko inhabilitazio zigorra ezarri zioten, prebarikazioagatik. Guztira, 21 epaituetatik hamarri kartzela zigorrak ezarri zizkien auzitegiak, bederatziri inhabilitazioa, eta bi absolbitu zituen. Fiskaltzak eskatutako zigorrak ia bere hartan onartu zituen Juan Antonio Calle epaileak.

Andaluzian inoiz izan den ustelkeria kasurik handiena da, eta 507 inputatu daude guztira, tartean Andaluziako Gobernuko bi presidente ohi, euren gobernuetako sei aholkulari, eta garai hartako hamahiru goi kargudun—2000. eta 2009. urteen artekoak dira ikertutako kasuak—. Atzo emandako epaian horiek soilik ziren epaituak. Mercasevilla kasuan, 2009. urtean, enpresan inoiz lan egin ez zuten hainbat pertsona aurrez erretiratuta zeudela antzeman zuen Espainiako Poliziak, eta, hari hartatik tiraka, argitu zuten erretiro aurreratua irregularki hartutako 6.000 pertsona baino gehiago zeudela. Asko, inputatutako politikarien gertuko pertsonak. Berez, krisia pairatzen ari ziren enpresei eta langileei laguntzeko zen Andaluziako Gobernuaren funts hura, baina ustelkeriaren aurkako fiskaltzak 680 milioi euroko iruzurra egotzi die. Epaituak ebazpenaren zain zeuden 2018ko abenduaren 17tik, 152 saioren ostean epaiketa amaitutzat eman zenetik. Epaiak 1.700 orri inguru ditu.

Erreakzioak

Azken urteetan, enplegua erregulatzeko espedienteen kasuak zeresan handia eman du Espainian. PP eta PSOE alderdi nagusien ustelkeria kasuek Espainiako politikaren egituran aldaketak eragin dituzte, eta PPkoek Andaluziako kasua erabili dute Gurtel auziaren kontrapisu gisa. Epai hark Mariano Rajoy Espainiako presidentearen aurkako zentsura mozio bat eragin zuen.

PSOEren kasuan, ordea, ez dirudi ebazpenak halako ondoriorik izango duenik. Pablo Casado PPko liderrak, ordea, ez du aukera galdu, zeharka, Pedro Sanchez jarduneko presidenteari dimiti dezala eskatzeko: «Sanchez gobernu zintzo bat bidegabe zentsuratuz heldu zen gobernura. Orain koherentea izan eta ardurak bere gain hartu behar ditu, Espainiaren historiako ustelkeria kasu handienagatik». Albert Rivera Ciudadanoseko lider ohiak ere dimisioa eskatu dio Sanchezi, politika utzi zuenetik eginiko lehen adierazpenean. PSOErekin koalizio akordio bat sinatu duen Podemoseko liderrak, Pablo Iglesiasek, berriz, esan zuen halako ebazpenak «bi alderdiko sistemaren ondorio» direla, baita Espainia «aldatu» egin dela ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.