BI TARTE

Patricia

Ane Labaka Mayoz eta Malen Amenabar Larrañaga
2019ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Bost hilabete inguru igaro dira aitona-amonen etxera deitu eta telefonoz bestalde ahots fin batek «Aló?» esanez erantzuten duenetik. Bisitan goazenero bitrozeramikaren gainean beste jakiez gain arroz zuriz betetako lapiko bat ere badagoenetik.

Patriciak hogeita hemeretzi urte bete ditu asteon. Nikaraguakoa da izatez: Nueva Segoviakoa. Apirilean zeharkatu zuen lehen aldiz Ozeano Atlantikoa putzuaren alde honetara lan bila etortzeko. Bederatzi urteko semea agurtu eta eusten zioten harreman-sare guztiak aldi indefinitu baterako etenda egin zuen bidaia. Hemen lanean ari zen lehengusina baten etxean hartu zuen aterpe.

Amak kontatzen du maleta gorri batekin agertu zela etxera lan elkarrizketaren ondorengo lehen goiz hartan. Amonari uste baino gutxiago kosta zitzaion bizitza osoan zehar berak egindako zaintza lanak beste norbaiten gain utzi behar zituela onartu eta etxean «neska» zegoenetik lasaiago bizi zirela aitortzea. Izen bat bazeukala eta «neska» deitu beharrean Patricia deitzeko erregutzen genion bi biloba gazteek hasieran. Eta, hara non, denborarekin Patri hots egitera heldu den.

Orain, distantzia pixka bat hartuta, errazagoa izan daiteke atzera begiratzea eta ohartzea nola bihurtu zen etxe barruko ordena kaos bat-batean, egun batetik bestera. Aitonak gero eta zaintza premia handiagoak zituen eta amona gero eta nekatuago eta baldarrago zebilen. Bien alaba estresak jota, bajan, bereak eta bi emanda, eta semea, kasualitatez, absenteago.

Horrelakoetan, lan elkarrizketa batean gurutzatu daitezke zure beharra eta apirilean lehengusinaren etxera lan bila etorri zen emakumearena eta, biharamunean, goizeko zortziak baino lehen izan dezakezu bera ate joka. Fabore bat egin diozula irudituko zaizu, agian.

Bilobak jakin badaki, ordea, kasu honetan ere etxe barruko langilea dela familiari mesedea egin diona. Gogoratzen duelako beste amona gaixotu eta gizarte-laguntzen eskaera egitean lau hilabete barrurako eman zietela hitzordua eta burokraziaren paperetan galduta zebiltzan bitartean zendu zela amona hura. Akorduan duelako zein luzea zen itxaron zerrenda egoitza pribatu garestietan. Oraingoan, beraz, nahitaez onetsi behar izan du beste bide batzuetara jotzea.

Bilobak badaki familiak zorte ikaragarria izan duela Patriciarekin. Eta, hala ere, barru-barruan, ezin du Patricia ere zorteduna izan dela sentitzea ekidin. Etxera iritsi denetik saiatu direlako —batez ere, ama— bera ahalik eta ondoen hartzen. Aurrekoa zahartu samar zegoenez, koltxoi berri bat ekarri zioten lehen gauean bertan, hobeto deskantsa zezan. Urtaro aldaketarekin batera, bi bilobek erabiltzen ez zuten arropa atera zuten armairutik berari emateko. Edozer behar izanez gero lasai eskatzeko esan zitzaion. Nikaraguan zer jan ohi zuten galdetu eta hango janari tipikoa erosita ere mimatu nahi izan zuen amak.

Ahalik eta duinen ordaintzeko saiakera eginda, bere egoeran daudenek baino gehixeago kobratzen du Patriciak. Behin ea epeka ordaintzea nahiago zuen galdetu eta ezetz erantzun zuen berak; nahiago zuela dena hilabete bukaeran jaso eta zuzenean Nikaraguara igorri. Esklabotzatik oso gertu dagoen lanaldia izan arren, bere egoeran daudenek baino ordu libre gehiago ere badauzka. Bere inguruko kasuak kontatuta, ia luxu bat dirudi gauetan aitonari komunera laguntzeko pare bat aldiz soilik esnatu behar izateak.

Bere urtebetetzea izan berri denez, izugarri gustatu zaizkion belarritako batzuk oparitu dizkiote eta eguna libre hartu du etxe barruko langile gisa lanean ari diren bere lagunekin batera bazkaltzeko.

Niri zalantza sortu zait; «hau dena» beragatik egiten ari garen edo, egiazki, beharrezkoa zaigun gu hobeto sentitu gaitezen. Nahiz eta sistema perbertso bera sostengatzen ari garela jakin, egon zitekeen baino egoera hobean dagoela sinets dezagun. Pozik dagoela dirudi. Auskalo zer pentsatuko duen gutaz bere gelan gotortzen denean.

Klase ertaineko familia ustez ezkertiar bat gara, gauzak ahalik eta ondoen egin nahian ari dena. Kontraesanez gainezka dagoen biloba bat naiz, intersekzionalitateari buruz hizketan ari zen bitartean, etxe barruraino sartu eta teoria guztia hankaz gora jarri diona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.