Fiskaltzak auzia «gainetik kendu» nahi duela diote biktimen familiek

Prokuradoreak baieztatu du Guerreros Unidos kartelak hil eta erre zituela Ayotzinapako ikasleak

Ayotzinapanako 43 ikasle desagertuen familiek hainbat mobilizazio egin dituzte irailaren 26tik hona; horietako bat astelehenean egin zuten, eta Mexiko Hiriko Zocalo plazan amaitu zen. VALENTINA VALLE.
Araitz Muguruza.
2015eko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Mexikoko Iguala hirian 43 ikasledesagertu eta lau hilabetera ondorioztatu du fiskaltzak Guerreros Unidos karteleko kideek gazteak bahitu, Caculeko zabortegi batera eraman, eta bertan hil zituztela. Arrastoak ezkutatzeko asmoz erre egin zituztela eta gero San Juan ibaira bota zituztela ere zehaztu dute. Ayotzinapako desagertuen gurasoek, ordea, ez dute onartzen ebazpena, eta fiskaltzari egotzi diote auzia ixteko «presa politikoa» duela. «Nabarmena da hauteskundeetarako itxi nahi dutela auzia, gainetik kendu nahi dutela». Ekainaren 7an izango dira hauteskundeak.

Jesus Murillo fiskalak prentsaurreko batean eman ditu xehetasunak. Handik gutxira egin ditu adierazpenak Vidulfo Rosales Ayotzinapako ikasleen gurasoen abokatuak: «Ez dugu onartuko ikerketetan hiltzaileen deklarazioak bakarrik hartzea kontuan». Horregatik, auzia erabat argitu arte borrokatuko direla esan du. «Gertatutakoa zientifikoki argitu arte».

CIDH Giza Eskubideen Ameriketako Batzordea Mexikora iritsiko da egun batzuk barru. Rosalesen ustez, fiskalak prentsaurrekoa herenegun emateak «zerikusi zuzena du» etorrera horrekin, orain dela gutxi arte geldirik egon baita ikerketa.

Rosalesek zalantzan jarri du fiskaltzaren lana, beste behin.«Probak aldatzeko edo aitorpenak indarkeria bidez lortzeko joera handia du fiskaltzak; historikoki frogatuta dago». Nahiz eta armadak narkotrafiko taldeekinduen harremanaren «zantzuak» badauden, Rosalesek nabarmendu du Murillok horien aipamenik ez duela egin.

Murillok ez du amaitutzat jo auzia, oraindik ere susmagarri guztiak atxilotu gabe daudelako, baina iruditzen zaio orain arte aurkitutako zantzuak «nahikoa» direla ebazpena osatzeko. «Caculen hil eta erre zituztela ondorioztatzeko balio dute; dauzkagun zantzuak beste hainbat auzitakoak baino argiagoak dira». Han jasotako arrastoak Austriako laborategi batean ikertzen ari direla ere jakinarazi du Murillok. Oraindik, ordea, 43 ikasleetatik bakarra identifikatzea lortu dute. Gorpuak erre zituztenean «arrastoen zati handi bat» desagertu egin zela zehaztu du fiskalak. «1.600 gradura erre zituzten».

Atxiloketa denak egin gabe

Hilketen balizko arrazoi batzuk eman ditu Murillok agerraldian. Ikasleetako batzuk Los Rojos karteleko kideak zirela uste zutelako hartu zituztela esan du —Guerreros Unidos kartelaren «etsaiak» dira Los Rojos—. Hala ere, ez du erabat baieztatu. «Oraindik ez dugu garbi delituzko taldeetan parte hartzen zutenik».

Ikerketa hasi zutenetik 99 pertsona atxilotu ditu Mexikoko Poliziak. Hainbat polizia, karteletako kide eta politikari daude auzian nahastuta; besteak beste, Jose Luis Abarca Igualako alkatea eta Maria de los Angeles Pineda haren emaztea, gertaeren bultzatzaile nagusiak izatea leporatuta. Izan ere, ikasleak desagertu ziren egunean ekitaldi politiko bat egitekoak ziren hiriaren erdigunean, eta poliziek uste zuten hura zapuztera joango zirela. Felipe Rodriguez El Cepillo Guerreros Unidos karteleko kidea da atxilotu dituzten azkenetarikoa. Milenio hedabideak filtratu du Poliziari egin zion aitorpena, eta zeresan handia eragin du Mexikon. Haren arabera, «goitik agindu» zioten ikasleak hiltzeko, Los Rojos karteleko kideak zirelakoan.

Oraindik arduradunetako asko atxilotu gabe daudela ere gogoratu du Murillok. Sei lagunen atzetik dabiltza. Felipe Flores Igualako Segurtasun Publikoko arduraduna da horietako bat, ikerketa argitzeko «ezinbesteko pieza».

Desagertutako ikasleen gurasoek Mexikoko Gobernua salatuko dute etzi NBEren Indarkeriazko Desagertzeen Genevako batzordean, giza eskubideen urratzeetan duen erantzukizunagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.