Oraina eta etorkizuna

Iñigo Llopisek bost domina zintzilikatu ditu lepotik Dublinen, Igeriketa Egokituko Europako Txapelketan. Lehiatik denbora asko aldendu zuen lesio batetik osatuta itzuli da donostiarra.

2018ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Gauza guztiek izaten omen dute alde on bat, batzuetan aurkitzea zaila den arren. Ez zion alde onik ikusiko Iñigo Llopisek (Donostia, 1998) 11 urterekin izan zuen hankako lesioari, baina horrek eragin zuzena izan zuen Llopis eta igeriketa elkar zitezen.

Hanka osatzen lagunduko ziolako hasi zen igeri egiten Llopis: «Errekuperazioaren parte zen igeri egitea, ez nuen lasterketetan parte hartzeko intentziorik hasiera batean. Baina probatu egin nuen behin, eta, asko gustatu zitzaidanez, jarraitzea pentsatu nuen».

Futbola ere gustatzen zaion arren, bien artean aukeratu beharra izan zuenean ez zuen zalantzarik izan, igeriketa hautatu zuen: «Benetan eroso sentitzen naiz uretan, eta ikaragarri gozatzen dut kirol hau».

Horren eroso sentiarazten duen uretan irabazi ditu bost domina, Igeriketa Egokituko Europako Txapelketan, Dublinen: urrezkoa 400 metrokoan; zilarrezko bi 100 metrokoan eta bizkar estiloko 100 metrokoan; eta brontzezko beste bi 4x100 metro txandakakoan eta 4x100 metro estiloetan.

Llopis fisikoki oso indartsu iritsi zen Dublinera, eta lehiatzeko oso motibatuta. Halere, Llopisek ere ez zituen espero horren emaitza onak: «Uste baino emaitza hobeak izan ditut. Bi domina irabaztekotan egongo nintzela uste nuen, 400 metrokoan eta txandakako arruntean. Horrenbeste domina ez nituen espero». Hasiera batean, ez zen ariko estiloetako txandakoan, baina bizkar estiloko 100 metrokoan taldekidearen aurretik egin zuenez, entrenatzaileak Llopis hautatu zuen beste txandakakoan parte hartzeko. Hala ere, probaren bat bereziki prestatu bazuen, hori 400 metrokoa izan zen, horretan moldatzen baita ondoen. Horren erakusgarri da urrea irabazi zuela, eta bigarren sailkatuari denbora asko atera ziola, hemeretzi segundo pasatxo.

Orain dena da polita, baina igerian hasi zenetik ere igaro behar izan ditu une latzak Llopisek, bereziki igerilekuetatik urte bat baino gehiago aldendu zuen belauneko lesio baten erruz. 2016ko Rio de Janeiroko Paralinpiar Jokoetan min hartuta lehiatu zen, eta Jokoen ondorengo oporraldian sendatuko zitzaiola espero zuen; baina berriro entrenatzen hastean, minak hor jarraitzen zuen. Azkenean, ebakuntza egin zioten, eta denbora luzez itxaron behar izan zuen igerilekuetara itzultzeko. Egun gogor horiek atzean utzi ditu jada: «Sentipenak onak dira, eta ez dut minik sentitzen. Pixkanaka ari naiz hobetzen, eta hanka geroz eta indartsuago dago. Hankan konfiantza berreskuratzen ari naiz».

Garaipen horiek entrenamendu gogorraren emaitza dira, izan ere, astelehenetik larunbatera egunero entrenatzen da, eta horietatik hiru egunetan goizez eta arratsaldez. Igerilekuan eta gimnasioan entrenatzen da: «Igerilekuan bi ordu inguruz entrenatzen gara, eta, ondoren, gimnasioan, beste 45 minutu edo ordubete. Uretan edo gimnasioan, bietakoren batean entrenamendu gogorra egokitzen zaigunean, bestean arinago aritzen gara; bateragarri egiten ditugu. Entrenamendu bikoitza dudan egunetan, gainera, arratsaldeetan igerilekuan soilik entrenatzen naiz». Madrilgo Goi Errendimendurako Gunean aritu da entrenatzen aurten, baina datorren denboraldian Donostiara itzuliko da entrenatzera.

Igeri jarraitzeko irrikan

Europako Txapelketarekin eman dio amaiera denboraldiari Llopisek; orain, hiru aste edo hilabeteko oporrak izango ditu berriro entrenatzen hasi aurretik. Baina oporretara joaterako jada itzuleran pentsatzen ari da, hurrengo denboraldia burutik kendu ezinik: «Horrenbeste denbora igerilekuetatik kanpo pasatu ostean, gogotsu bueltatu naiz, jarraitzeko asmoarekin. Datorren urtean Munduko Txapelketa dago Malaysian; ea gutxieneko marka lortzerik dudan bertan izateko».

Aurreko Munduko Txapelketa ospitaletik ikusi behar izan zuen, operatu berritan baitzegoen; eta horrek Munduko Txapelketa batean lehiatzeko gogoa areagotu dio. Tokioko Jokoak hemendik bi urtera dira, baina oraindik ez du horretan pentsatu nahi: «Guztion ilusioa da Jokoetara joatea, baina urtero helburuak jarri beharra dago. Ezin da pentsatu lau urtetik behin, Rio amaitu eta Tokion pentsatzen jarri, luzeegia da. Beraz, oraingoz, helburua hurrengo urteko Munduko Txapelketan aritzea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.