BI TARTE

Katu deformea

Nerea Ibarzabal Salegi eta Mariñe Arbeo Astigarraga
2019ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Amaitu da aurtengo Durangoko Azoka, idatzi eta esan da honi buruz idatzi eta esan zitekeen gehiena, diru kontuak, estatistikak, zenbateraino garen nor edo ez garen oraindik zer. Sortzaile bakoitzak denboraz eta lan neketsuz sortutako bere «gauzatxoa» eraman du jende aurrera, eta itzuli da etxera erantzun batekin. Eta erantzun horrek baldintzatu dezake hemendik aurrerako bere ibilbidea.

Gauza jantzia dirudi, baina biluzik agertzeko modu bat da sortu duzun hori jendeari erakustea; denok biluzik standen atzean, bederatzi orduz pareko jendearen erreakzioak zelan irakurri asmatzen, begiradak, geldialdiak, iruzkinak, isiltasunak... edozein keinu, zure lanak «funtzionatzen» duela adieraziko dizuna. Bat-batean, sorkuntza ezinbestean arrakastaren edo arrakastarik ezaren multzoetan banatu beharko balitz bezala, eta arrakasta hori plano ekonomikoan edo elite baten onarpenean kokatua, eta zu dikotomia horretan eroria, nor eta zu! Gogoratzen umetan marrazkiak egiterakoan irakasleak galdetzen zizula «eta hemengo hau zer da?», eta zuk... «ba katu bat». Zuretzat oso argi zegoen katu bat zela, zer bestela? Eta orduan berak erantzuten zizun: «Aaaa, bale, bale, katu berezia». Irakaslearen gupidazko tonu hura ederto ulertuta, laster hasi zinen katu identifikagarriagoak marrazten zituen ikaskideari kopiatzen, berriro zure lanak defendatu beharrik ez izateko. Gogorra da onartzea ez zaizula aski zure konbikzioa, nahiago duzula parekoena.

Eta normala da, zure lana plazaratzea erabaki duzun momentutik bertatik bilatzen duzulako publikoarekin konexio hori, trukaketa bat, plazerarena edo ideiaren batena gutxienez. Sortu ere, norbaitengan pentsatuz sortzen duzu askotan, ez didazu ukatuko; izen-abizen multzo bat irudikatzen duzu zure lan hau jasotzen eta epaitzen, eta beraien onarpenak urrea balio du zuretzat. Imajinatu ze poza zure gauzatxoa gustatu zaiela esaten dizutenean, edo pentsa ze mina paretik pasatu, agur esan, eta zure gauzatxoari erreparatu ere egiten ez diotenean. Zelan bilatzen da oreka? Zenbateraino da defendagarria zure katu deformearen marrazkia?

—Eta, bide batez, zuretzat erreferente direla dakiten horiek zelan erabiltzen dute daukaten botere hori? Parez pare? Aitapontekotza kutsuz? Gutxiespenetik? Inbidiatik?—.

Batzuetan beldurra ematen dit oharkabean zelan moldeatu zaitzakeen onartua izan nahiak, edo zelan erotu zaitzakeen zure sormen lana eta zure pertsona bereizi ezinak. «Zu zu zara, eta zure sorkuntzak zure sorkuntzak dira», errepikatu izan dut neurekiko. Bestela, bertso saio txar bat, kritika bat eta miresten dudan norbaiten axolagabetasun keinu bat aste berean aski dira niretzat dena zalantzan jartzeko eta bizimodu berri bat irudikatzeko Alemanian, euskararik eta euskal kulturarik bakoa, pretzelak egin eta saltzen Bavariako okindegi txiki batean, aldamenean gran danes bat dudala, euskaldun itxura duen edonor gerturatu ahala zaunkaka hasiko dena niri denda ixteko astia eman diezadan. Geschlossen.

Baina gero botatzen dizkizute lore batzuk, edo gerturatzen da ume txiki bat zure standera, eta esaten dizu «badaukat zurekin argazki bat ateratzea?», eta noski, hil egiten zara xamurtasunaren xamurtasunez, eta pentsatzen duzu «baina zelan ez zarela ama izango? Pertsona txiki batek zu hamarkada batez epairik eta mugarik barik maitatzeari uko egin? Baliotsuegia da hori sortzaile batentzat».

Zaila da neurtzea. Zaila da orekatzea arrakastak eta egun txarrak, besteen iritziak eta norberaren nahiak, Durangon eta edonon. Bi uren artean bizi da zerbait sortzen duena. Hobe du egun onetan ez harrotu, eta txarretan ez larrutu bere burua.

Beste hainbaten erara, guk ere kolektibotasunean aurkitu dugu estatistiketan aipatzen ez diren barne urakan hauek pixka bat baretzeko tresna, eta orain are gehiago miresten ditut bidea bakarka egin duten artistak, bereziki emakumeak, bereziki gazteak, aldamenetik etengabe entzun behar izaten ditugun aholku eta gutxiespenen gainetik iraun eta aurrera egin dutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.