Azkeneraino borrokatu da

Cort laugarrenez gailendu da Espainiako Vueltan, ihesean sartu eta Cullerako igoeran tinko eutsita. Etapak ihes egin dio Roglici, baina lidergoa berreskuratu du, eta aurkariak atzeratu ditu

Magnus Cort Nielsen, garaipena ospatzen, atzo. MANUEL BRUQUE / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Garaipenak alde handiz lortzen dira batzuetan. Beste batzuetan, ordea, ospatzeko ia betarik ere ez da izaten. Hala gertatu zitzaion atzo Magnus Corti (Education First), Espainiako Vueltako seigarren etapan. Danimarkarrak azken unera arte estutu behar izan zuen eguneko ihesaldia biribiltzeko, gain-gainean izan baitzuen Primoz Roglic (Jumbo Visma). Esloveniarrak erritmo aldaketa bizia egin zuen Cullerako gaineko azken metroetan, baina ez zen aski izan Cort harrapatzeko. Ahalegina, nolanahi ere, ez zen hutsala izan, aldea atera zielako beste hautagaiei, eta elastiko gorria bereganatu zuelako berriro. Liderraren jantziak egun bakarra iraun zuen Kenny Elissonderen (Trek) soinean.

Bi kilometro eskasekoa zen amaierako koska, baina %9,4koa zuen batez besteko pendiza. Min egin zitekeen, eta, asmo horrekin, azpi-azpitik erritmo bortitza ipini zuen Ineosek. Berehala erasoka hasi ziren faboritoak, baina soilik Roglicek lortu zuen alde egitea, bukaerako estutuari esker. Esloveniarrak lau segundo atera zizkion Aleksandr Vlasovi (Astana) eta Enric Masi (Movistar); zortzi Egan Bernali (Ineos) eta Alejandro Valverderi (Movistar), eta 25 Adam Yatesi (Ineos). Mikel Landak (Bahrain), berriz, 27 segundoko galera izan zuen. Sailkapen nagusian 1.12 ateratzen dio jada Roglicek murgiarrari, atzoko gainsariak tarteko. Liderrak Mas du atzetik, 25 segundora, eta Lopez dago hirugarren, 36ra.

Hautagaien artean, Hugh Carthy (Education First) izan zen galtzaile nagusia. Iazko hirugarren sailkatuak latz sufritu zuen igoerara heldu aurretik, haize babesak eragiteko izan zen saiakeretako batean, eta, tropelera itzultzea lortu zuen arren, 2.50eko atzerapena izan zuen bukaeran. Hala ere, haren taldekide Cortek irabazi zuen etapa. Danimarkarrak laugarren garaipena du Vueltan, baina atzokoa ez zuen esprintean lortu, ihesean eta maldan gora baizik. Joan Bou (Euskaltel-Euskadi), Bert-Jan Lindeman (Qhubeka), Ryan Gibbons (UAE) eta Jetse Bolekin (Burgos BH) batera egin zuen alde tropeletik, eta boskotea hogei segundo eskaseko aldearekin iritsi zen amaierako igoerara.

Apurka amore eman zuten denek, Cortek izan ezik. Michael Matthews (Bike Exchange) etsi-etsian saiatu zen danimarkarra harrapatzen, baina alferrik izan zen. Askoz ere gertuago egon zen Roglic. Azken metroetan ihesaldia zapuztear izan zen, aurtengo Paris-Nizan Gino Maederrekin egin bezala. Alabaina, egun osoan egindako lanak saria izan zuen atzo. Ondo merezita lortu zuen Cortek.

Mendiko lehen etapa jokatuko da gaur, Gandia eta Balconada d'Alacant artean. Lehen mailako mendatea da hori —8,4 kilometro eta %6,2ko pendiza—, eta hara iritsi aurretik beste bost igoera gainditu beharko dituzte: lehen mailako bat, bigarren mailako bi eta hirugarren mailako beste bi. Oilarren artean jokatuko da etapa, betiere tropelak atzo baino hobeto kontrolatzen badu ihesaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.