Berriz kiskali da infernuan

Lointek Gernika Bizkaiak 29 punturen aldeaz galdu du Turkian Cukurovaren aurka (69-40), eta Eurokopatik kanpo geratu da

Tinara Moore, Temi Fagbenleren txapela jasotzen, atzo. FIBA.
Julen Etxeberria.
2022ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Turkia infernu bilakatu zaio berriz Lointek Gernika Bizkaiari. Bazen oroitzapen txarreko herrialdea, duela hiru urte, lehen kanporaketako joaneko partidan Malosten lortutako hamabost punturen aldea irauli baitzion Galatasarayk Istanbulen, eta Eurokopatik kanpo utzi baitzuen. Atzotik, ordea, are eta txarragoa da Bizkaiko taldeak Turkiaz izango duen oroitzapena. Etxean lortutako 24 punturen aldeari buelta eman zion Cukurovak Mersinen, eta Eurokopatik at utzi zuen. 29 punturengatik nagusitu zen Turkiako taldea: 69-40. Kito Gernikaren ibilia Europako lehiaketan.

Bizkaitarren beldur guztiak bete ziren. Bai, 24 punturen errenta izan arren, beldur baitziren Turkian gerta zitekeenaz. Batetik, argi zuten etxean jokatuta, Cukurovak gora egingo zuela. Baita haren eskuetan zegoen guztia egingo zuela pabiloia infernu bilaka zedin ere. Adibidez, haren pabiloi handia —7.000 ikusle inguru sar daitezke —, txikiago batez aldatzea, giroa bero-bero egon zedin, eta edozein erabaki zalantzagarri egonez gero, epaileek haren alde egin zezaten. 

Baina non jokatu baino gehiagok nola jokatzeak kezkatzen zituen guztiaren gainetik Gernikako kideak. Izan ere, koronabirus oldarraldi batengatik, ia hiru astez jokatu gabe eta taxuz entrenatu gabe ariko ziren Turkiako taldearen kontra. Aurkaria, ordea, tarte horretan hiru partida jokatuta iritsiko zen. Alde handia zen. Horri, gainera, ia egun oso bateko bidaia luze eta neketsua gehitu behar zitzaion. Beraz, ulertzekoa zen bizkaitarrak kezkatuta egotea.

Arrojok, positibo

Bada, jokatzen hasi baino lehen hasi zitzaien okertzen egoera, goizaldean Cukurovako ordezkariek egin zioten PCR proba batean Belen Arrojok positibo eman baitzuen koronabirusean. Partida hasi aurretik ospitalean egin zioten beste batean, ordea, negatibo eman zuen. Baina berandu zen jada, eta haren falta beste buruhauste bat gehiago izan zen Mario Lopez entrenatzailearentzat. Zortzi jokalari bakarrik izango zituen.

Ondo hasi zen Gernika, baina berehala hasi zitzaion ihes egiten partida. Bosgarren minutuan, 9-6 zen emaitza, baina etxeko taldeak 21 puntu sartu zituen erreskadan, eta ezerezean utzi zuen bisitariek etxetik zekarten errenta: 30-6. Bost minutu geroago irauli zuen Cukurovak abantaila: 42-15. Halaxe amaitu zen lehen zatia.

Etenak ez zuen ezer eten. Turkiako taldeak aldea handitzen segitu zuen, eta 37 puntu gora jarri zen: 60-23. Azken laurdenari, berriz, 35 puntu goitik ekin zion: 62-27. Jota zirudien Gernikak: defentsan eskas, eta are eskasago erasoan, makina bat baloi galduta; 22.

Hala ere, azkeneko ahalegin bat egin zuen, eta gutxigatik ez zuen lortu miraria. 24 puntura jarri zen minutu pasatxo falta zela (64-40). Roso Buchek eskura izan zuen aldea 22 puntura jaistea, baina huts egin zuen jaurtiketa. Tiffany Hayesen jaurtiketa libre batek eta Jasmine Thomasen hiruko batek eman zioten errematea Gernikari. Burumakur amaitu zuten partida bizkaitarrek, eta oso haserre Turkian jasotako tratuarekin. Baina Eurokopatik kanpo geratu arren, burua tente izan behar dute. 

Bestalde, Baskoniako beste zenbait kidek positibo eman dute, eta bertan behera geratu da bihar Israelen Maccabiren aurka jokatu beharreko Euroligako lehia. Klubak eta Landry Nnokok, berriz, eten egin dute euren arteko hitzarmena. Klubak espedientea ireki zion aurreko astean jokalariari, ez baitzuen entrenatu nahi izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.