BI TARTE

Ganbak

Nerea Ibarzabal Salegi, Mariñe Arbeo Astigarraga
2022ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Bederatzi euroko ganba-kaxa batek piztu du iraultza Alacanten. Esnatu da herria. Gizon batek kaxa horietako bat lapurtu omen zuen supermerkatu-kate erraldoienetako bateko hozkailuetatik. Ihes egitear zela, baina, herritar multzo batek harrapatu egin zuen parkingean, eta lurraren kontra geldiarazi, indarrez. Bizpahiru lagun jarri zitzaizkion belauniko bizkar gainean, eta beste hamar inguruk biribila itxi zuten, begira-begira. Inork ez zion laguntzarik eskaini lurreko gizonari, sareetan zabaldutako bideoak irauten duen tartean, behintzat. Pentsatzen dut supermerkatuak bere ateko seguratak kaleratuko zituela honen ondotik, badauka eta, lan hori debalde egingo dion bezero talde suharra.

Parking bateko herritar ezezagunak hiru segundotan antolatu dira etsai komunaren aurka. Adostasunerako probabilitate hau beldurgarria da. Baina gerora piztu diren eztabaidetan argi ikusten da gure parkingean zein den ideologia nagusia: beti jabearen alde, beti jabetzaren alde. Bakoitzak bere modura justifikatzen du barruko polizia. Batzuentzat arazoa lapurtutako produktuaren kalitatea da: ez da ogia, ez da esnea, ez dira gailetak bere seme-alaba pobreentzat; ganbak dira. Eta hori kapritxo bat da, benetako behartsuek behar ez duten zerbait. Herritar hauek dira norbaiti euro bat ez emateko arrazoi gisa halako esaldiak darabiltzatenak: «Jatekoa erosteko izango balitz, emango nioke, baina alkoholetan edo tabakotan gastatuko du». Pobreziari exijitzen diote zelakoa izan behar duen.

Beste batzuk langileriaren aldeko aliatuz mozorrotzen dira. Gizon horrek lapurtutako ganba-kaxak utziko duen zuloa supermerkatuko langileek ordaindu beharko omen dute beraien poltsikotik. Horman pintaketa bat ikusi, eta, bat-batean, kale-garbitzaileez oroitzen diren horiexek dira. Herritar hauek ez dute «langileria» hitza erabiltzen, horrek ekarriko lukeelako klase izaera baten eta arazo estrukturalen kontzientzia bat. «Jende langilea» esaten dute, «jende ondratua», eta, ñabardura horri esker, ganba-kaxa eraman duen gizona ez da multzo horretan sartzen.

Beste zenbait «lapurtzea txarto dago» premisaren atzean ezkutatzen dira, eta ez dago hortik ateratzerik. Haientzat pozgarria da parkingeko jendea ongiaren alde mobilizatu dela ikustea, behingoz, noiz, eta Gabonetan, gainera. Beste asko lurreko gizon hori kartzelatzearen alde agertuko dira, baina beste hainbestek kontra egingo diete, izan ere, kartzelak «jende ondratuak» bere zergekin ordaintzen dituen bost izarreko hotelak baino ez dira.

Badakit putre horien aurkako ahotsak ere asko garela, baina beraien adostasunak kezkatzen nau. Bide desberdinetatik ondorio berera iristeak. «Lapurra!» entzun, eta jakiteak zer egin behar den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.