BI TARTE

Gorde ezin dena

Nerea Ibarzabal Salegi, Mariñe Arbeo Astigarraga
2020ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Begiratu zeru gorriei, udazkenekoei zein urtarrilean ikusi genituen egunsentiei; begiratu zure baitako zeru guztiei, begiak gorantz biratuz betazalen azpitik kontuz, min apur bat eman dezake begiko nerbioaren tirakadak. Begiratu, eta esan ez duzula gozatu adina sufritzen. Erotu egin daiteke pertsona, esnatu eta pertsianak altxatzearekin batera. Zer da lainoen gorri hori, su hori, ez dena inon kabitzen, ezin dena gorde, ez behintzat zehazki den bezain eder. Orain ere ez dituzu tonu denak oroitzen, ezetz? Saiatu zinen argazkien saturazioa igotzen, iragazkiak jartzen, deskribatzen berbaz. Baina ez. Ez zen iristen zuk ikusten zenuen horretara. Segundo batzuetan aldatzen dira zeruak begien aurrean, ia ohartzeke, urdintzen da gorria, transfiguratzen dira lainoak arditik txakurrera, dragoitik bi pertsonaren arteko elkarrizketara, ezpatatik itsaso barera. Eta amaitzen da.

Edertasun oro eraldatzen baita. Premisa erraza da bizidun batek uler dezan, eta, hala ere, badirudi bizitza osoa joaten zaigula hori ukatzeko ahaleginean. Eskuekin heldu nahian edertasun honi, usain honi, une honi, gugandik gertu iraun dezan, baina gure atzamarrak ez daude horretarako diseinatuak. Ahateenak agian.

Zeru gorrien eta itsasertzen faltan, astebeteko isolamenduak eta pijama usain honek etxeko txokoei bestelako arreta bat eskaintzera behartu naute, ilunabar bat bilatzera sofako manten, entxufeen eta kuxinen moilan probatu al duzu inoiz zer den egongelako ertz ezohiko batean kokatu, eta horko ikuspuntua deskubritzearena?. Apalen parera joan, eta aspaldi zabaldu bako liburuen orrialdeak astindu ditut, akordeoi zaharren hauspo haustuak lez. Eta, bat-batean, orbelak eta loreen petaloak hasi dira erortzen liburuetatik egongelako lurrera, arrosenak, geranioenak, noizbait gorriak, zuriak, horiak izanak. Orain okre koloreko oroitzapen txatalak baino ez dira, hezetasunak eragindako pekatxo berde eta zuriekin. Betirako gorde nahi izan nuen edertasuna, eta liburuen papera zikintzea besterik ez dut lortu; haur batek behin eta berriro pixaz bustitako koltxoiaren orbanak ageri dira orrialde eta orrialde artean.

Lau hostoko hirustak ere badaude, liburu bat zabaltzen dudanero eror daitezke hiru bat-batean, 2006koak, 2009koak. Zorte zaharra, agian erabili aurretik zimeldu zena. Hostoak zimurtuta eta zulatuta daude, batzuk hiru hostoko bilakatu dira berriro. Ez dut oroitzen zein zelaitan bildutakoak diren, ez noiz, ez ezer. Mexikoko lore bat dago beste koaderno batean, itzulerako hegazkinera igo orduko ilundu eta lizundu zena, likido marroi bat askatuz. Orain libururen bateko paisaiaren edota elkarrizketaren baten erdian bizi dira hosto denak, animalia basati disekatu bat telebista baten gainean bezain lekuz kanpo eta ilun.

Adibidez, esaldi honetan: «Gutxietsia izan da, eta laidotua izan da» (...) «denborak estropezu egin du, eta lurrera erori da». Edo poema honen erdian: «Ez betile bat, ez kimu bat, ezin dira betirako gorde. Kontaketa zehatza da, eta zantzu denek diote ezer gabe geratuko garela». Baita galdera honi loturik ere, zenbat urtez, erantzun ezinik: «Ez al zaigu behin baino gehiagotan gertatu geure zorionaz baino areago besteenaz arduratu garenean, ordura arte ezagutzen ez genuen zorionez izan garela egiaz zoriontsu?».

Saiatu naiz ausazko esaldi horiek elkarrekin lotzen, nire iraganak mezu enkriptatu bat utzi didala sinetsita, mundu behe-lainotsu hau iraultzeko pare bat modu iradokiz dena sinestezin bilakatzen denerako. Amore eman dut, ordea. Onar dezadan porrot hutsa izan dela edertasun iragankorrak kriogenizatzeko nire bizitza osoko saiakera hau. Bizitzea baino ez da geratzen, nostalgia likido marroi bat da nahiz eta gozoa izan batzuetan.

Eta eskerrak ezin diren gorde zeru gorriak, udaberria, lagun baten barre algara amaiezin bat, dantzaldi inprobisatu bat, txikoria-belarrari putz egin eta esporei begira geratzearen poztxoa; edonoren eskura egon daitekeen edertasun hori, jaberik bakoa, igerilekudun gaztelu bateko leihotik zein gure horma findun pisu zaharretatik berbera izango dena, eskerrak ezin den gorde, eskerrak ezingo diguten hain erraz kendu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.