Armak isiltzea lehentasun

Talde armatuen indarkeria amaiarazteko asmoz, Kongoko Errepublika Demokratikoko Gobernuak setio egoera ezarri du hilabete batez Ituri eta Ipar Kivu eskualdeetan.

Mambasa hiria, Iturin, Kongoko Errepublika Demokratikoan. HUGH KINSELLA CUNNINGHAM / EFE.
Oskar Epelde Juldain.
2021eko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Felix Tshisekedi presidenteak izendatu dituen agintari militar berriek atzo hartu zuten agintea Iturin eta Ipar Kivun, talde armatuen indarkeria amaiarazteko asmoz. Probintzia bakoitzaren buru jarri dituzte armadako teniente jeneral bat eta poliziaburu bat, eta bertako hautetsiak behin-behinean kargutik kendu. Setio egoerak 30 egun iraungo du.

Giza eskubideak babestuko dituela agindu du armadak. Thisekedik berak ere bakea agindu zuen 2018ko hauteskundeen ondoren presidente izendatu zutenean; baina, geroztik, talde armatu berriek edo lehendik ezagunak direnen atzean jarduten duten gaizkileek odola isurtzen jarraitu dute bi probintzia horietan, baita Hego Kivun ere, nahiz eta han setio egoerarik ez ezarri.

Ez dago aztertuta segurtasunaren aurkako mehatxuak urtez urte gutxitzen ari ez ote diren toki askotan, baina presidente berriaren agintaldian indarkeriak gora egin duela esan dute eskubide eta segurtasuneko nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeek. Egia da, oro har, komunikabideetan agertzen ez badira ere, eraso eta hilketa asko gertatzen direla lurraldeotan. Benin, Ipar Kivun, ADF Indar Demokratiko Aliatuak gerrillak etengabeko borrokak ditu Sokola operazioan parte hartzen ari diren soldaduekin, eta, aldiro, babesik ez duten herritarrei eraso egiten diete, lapurtu eta hil; edo segadak egiten dituzte, Ugandako mugan Beni lurraldeak osatzen duen hirukiaren bi ertzetan. 2015ean hasi zuten Sokola operazioa ADF desegiteko helburuz, baina hura hastearekin batera, gerrilla sarraskiak egiten hasi zen. Azken urte hauetan, Monusco Nazio Batuen Erakundeko Kongoko Errepublika Demokratikoa Egonkortzeko Indarraren laguntzarekin, armadak hainbatetan eraso die, eta sarraskiak gutxituz joan dira. Baina oraindik gertatzen dira. Adibidez, Ruwenzori barrutiko auzoetan. Azken urteetan Estatu Islamikoak hartu du ADFren krimenen ardura. Bertakoek lotura ukatu arren, AEBek ere Estatu Islamikoarekin lotutako «talde terroristen zerrendan» sartu dute.

Beste lurradeetan ere badaude talde armatuak. Rutshuruko Virunga parke nazionalaren inguruan dago Ruandako talde matxinoa zen FDLR Ruanda Askatzeko Indar Demokratikoak. Han tarteka gertatu izan diren krimen ilunen arduraduntzat jotzen dute. Talde armatu horietako batzuek, gainera, harremana dute armadako buruzagiekin, armen hornidura eta nolabaiteko kolaborazioa bermatzeari dagokionean.

Operazio taktikoak

Xehetasunik eman gabe, Ituri eta Ipar Kivuko talde armatuen aurkako «operazio taktikoak» agindu dituzte. Aldi berean, Richard Kasonga armadako eledunak iragarri du auzitegi militarrekin elkarlanean arituko direla, segurtasun indarren babesaz baliatuta, indarkeria baliatzen duten armadaburuak aurkitzeko. Zibilen aurkako gehiegikeriak ere auzipetuak izango direla agindu du.

Gatazka urteetan armadaren barruan ustelkeria asko zabaldu den susmoa dago herritarren artean; ondorioz, kezka hedatu zen herenegun bi probintzietako gobernadore militarrak Kongoko bigarren gerratean MLC Kongo Askatzeko Mugimenduko eta bestea RCD Kongoko Demokraziaren Mugimendua gerrilletako kide izan zirela jakitean.

Hala, bigarren gerra garaian gotorlekua Ipar Kivun zuen RCD talde armatuko kidea Ituriz arduratuko da, eta Bunia eta Kisanganiko aginte militarra zuen MLCko kide ohia, berriz, Ipar Kivuz.

Maila politiko estrategikoan, agintari berriak Jean-Michel Sama Lukonde lehen ministroaren gobernuarekin koordinatuko direla esan du Kasongak, eta maila estrategikoan, hierarkia aintzat hartuz, armadako buruzagitzarekin koordinatuko dira. Soldaduak «azken langileak» direla esan du bozeramaileak, ez diotela nazioari traizio egingo, eta euren eginkizuna beteko dutela.

Botere handia geratu da armadaren esku, baina etenean geratu diren hautetsiak ez dira, hitzez behintzat, salbuezpeneko egoeraren aurka agertu. Ipar Kivuko gobernadoreak, esaterako, esan zuen «lege prozedura guztiak» bete direla. Diputatu batzuek ere harrera ona egin diote neurriari, kontuan hartuta setio egoera orain arte inoiz aplikatu ez den eta legez garatu gabe dagoen neurri konstituzional bat dela.

«Erne gaude», esan du Mambasako abokatu batek. «Presidentearen ordenantzak ez ditu giza eskubideak ukitu, hau da, indarrean daude», gaineratu du, eta eskatu die herritarrei ez uko egiteko euren eskubideei. Beste eragile batzuek, desadostasunik ez, baina kezka azaldu dute, armadaren abusuak eta talde armatuekin garatu dituzten konplizitate eta negozioak are jasangaitzagoak bihur daitezkeela aurreikusita. Hala ere, setioaren balorazioa atzeratzea onartu dute.

Herritarren eskubideak zapaldu gabe, Tshisekedi presidenteak eta Lukonde lehen ministroaren gobernuak armak isilarazteko erronkan neurtu behar dituzte euren indarrak. Segurtasuna bermatzea lortu ezean, edota herritarren ekimen eta adierazpenak zapaltzen badituzte, nekez ahalbidetu ahal izango dute luzapenik.

Kenyako milaka soldadu Benira iristear daude, eta porrota litzateke horrelako lurralde txiki batean ADF talde armatua indartua ateratzea, edota gatazkaren dinamika berriak sortzea. Iragan den larunbatean, adibidez, Beni hiriko meskitarik handienean, jihadismoarekin oso kritikoa zen Xeke Ali Amini buruzagi erlijiosoa hil zuten tiroz, meza ematen ari zela, eta jarraian, hiltzaileak ihes egitea lortu zuen. Imamak defendatzen zuen ADFk ez zuela zerikusirik jihadistekin. Egun batzuk lehenago, segurtasun zerbitzuek ohartarazi zioten haren bizitza arriskuan zegoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.