Taillongo hiru izarrak

Gaur beteko dira hamabost urte Taillon mendian Xabier Zubieta, Luis Mari Pikabea 'Loro' eta Xabier Saralegi hil zirenetik. Orduko bizipenak gogoratu dituzte senitartekoek: Txaro Zubietak eta Iñaki Pikabeak. Asteburuan berriz oroituko dituzte.

Xabier Zubieta. Kirolari petoa zen, Saralegiren eta Pikabearen antzera; hirurak Taillonen hil ziren. BERRIA.
Unai Ugartemendia.
2022ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Urteroko ekitaldia izan ohi da azken hamabost urteetan, Beran (Nafarroa), urtarrilaren erdialdean egiten den Mendi Eguna. Herriko gehienek gogoratzen dute 2007ko urtarrilaren 13a. Ez zen ospakizun egun bat izan. Ezta gutxiagorik ere. Nafarroako mendizaletasunak inoiz jasan duen mendi istripurik handienetako bat izan zen Taillonen (Pirinioak, 3.144 metro). Mendi horretako iparraldeko horma eskalatzen ari zirela erori, eta hil egin ziren Xabier Zubieta eta Luis Mari Pikabea Loro beratarrak, eta Xabier Saralegi lesakarra. Hamabosgarren urteurrena da gaur.

Ez dira samurrak gabonen ondorengo egunak Txaro Zubieta (Bera, Nafarroa, 1971) eta Iñaki Pikabea (Bera, Nafarroa, 1975) lehengusuentzat. Oroitzapenak bor-bor etortzen zaizkie Taillongo istripuaz gogoratzean. «Oso segundo gutxian, bizitza aldatu zitzaidan! Larunbatero bezala, gurasoen etxean nengoen, bazkaltzen, eta alaba eta iloba siestan zeuden. Halako batean, Sabino Kortak deitu zuen etxera anaiarekin mendian asko ibiltzen zen. Oso arraroa zen hark deitzea. Jarraian galdetu nion zergatik deitu gintuen, eta segituan esan zidan: 'Hil egin dira!'. Ez nuen ezer ulertzen! Hiru izenak bat-batean bota zizkidan. Isilune bat izan zen etxean. Denak han hasi ginen aurrera eta atzera, eta aitari entzuten nion aldi oro: 'Ez da posible!, Ez da posible!' Konturatzerako, leku guztietara deika hasi ginen», oroitu du Zubietak. Harentzat, oso gogorra izan zen istripu hura. Izan ere, Xabier anaia, Luis Mari lehengusua eta Xabier Saralegi koinatua galdu zituen. Zubietak, ordurako, beste anaia bat ere galdua zuen, auto istripu batean, hiru urte lehenago.

Pikabeak ere ez du inoiz ahaztuko 2007ko urtarrilaren 13 hura. «Etxalarren [Nafarroa] nuen jatetxean nengoen, lanean. Bazkalordua iristear zen, eta koinata deika nuen. Hark ere bat-batean esan zidan: 'Iñaki, hil egin dira!' Ez nekien mendira joanak zirenik ere! Baina anaia Patxik bazekien mendira joanak zirela. Egun hartan, 11:00etan deika hasi zitzaien hiru anaiei, baina ez zuten hartzen. 12:00etan berriro, eta ezer ez. Hurrengo deia, ordea, hark jaso zuen. Deia ikusi bezain laster, susmo txarra hartu zion. Bete-betean asmatu zuen».

Zubietak gogoan dauka istripua baino bi egun lehenago Xabier anaiarekin nola elkartu zen gurasoen etxean. «Zerbait eman behar zidan aitzakiarekin elkartu ginen gurasoenean. Orduan aipatu zidan asteburuan mendira joatekoa zela. Gogoan dut nola galdetu nion: 'Ziur zaude mendira joan behar duzula? Bai, beharra daukat, eta Xabier koinatuak ere bai!', erantzun zidan». Astebete lehenago, Unai Etxepare lesakarra ere hil egin zen, Anayet mendian [Huesca, Espainia]. Haren gorpua aurkitu zutenetako bat izan zen Xabier Saralegi, Zubietaren koinatua, hain zuzen ere.

Dolu egunak izan ziren Bortzirietan urtarrilaren 13aren ostekoak. «Oso ezagunak ziren hirurak. Saltsa guztietan sartuta egoten ziren, batez ere kirol munduan. Jendearengana iristeko erraztasun izugarria zuten», gogoratu du Pikabeak. Zubietak ere ederki gogoratu ditu gazte haien orduko ibilerak. «Orduan, inor ez zen ibiltzen mendi lasterketetan, eta bi lehengusuei denek esaten zieten erotuta zeudela!». Hil baino urtebete lehenago, egun Euskal Herriko mendi lasterketarik ezagunenetako bat den proba antolatzen hasi ziren: Berako Mendi Maratoi Erdia. Kirolari petoak ziren hirurak. Korrika ez bazen, mendiko eskian, edo bestela eskalatzen, baina beti kirolean aritu ziren.

Mendian ere esperientzia handia pilatutakoak ziren istripuaren aurretik. «Bi lehengusuak gehienbat, beti batera zeuden. Mendian oso gazte hasi ziren, eta, esaterako, Luis Mari anaiak 18 urterekin jada igoa zuen Kilimanjaro mendia [Tanzania, Afrika, 5.895 metro]. Ondoren Alpeetara, Andeetara eta Himalaiara ere joan zen», azpimarratu du Pikabeak. Bi lehengusuek Gasherbrum II mendiaren gailurra (Pakistan, Karakorum, 8.035 metro) zapaldu zuten 1999an. Loro Pikabeak hiru saiakera ere egin zituen Shisha Pangmara (Txina, Himalaia, 8.013 metro). Azken saiakera Edurne Pasabanen taldearekin egin zuen beratarrak.

Taillonekin bakean

Istripuak Bortzirietan atsekabe izugarria piztu zuen arren, Pikabeak ez zion utzi mendira joateari. «Geroztik, gehiagotan joaten hasi nintzen. Gurasoek inoiz ez digute ezer galarazi, baina anaiari ere askotan esaten zion amak, ea zergatik joaten ziren menditzar haietara. Mendira joaten ziren bakoitzean, kandela bat pizten zuen».

Anaiaren heriotzaren ondorenmendira joaten jarraitu duen arren, Pikabeak argi dauka:«Arriskua ikusi izan dudan aldiro, atzerako bidea hartu dut».Zubietak ere arrazoitu nahi izan du erantzuna. «Horrelako istripu batek ingurukoengan zer eragin izan zuen ikusi ondoren, ez du merezi berriro ere halako sufrikariorik pasatzea. Gurasoentzat izugarrizko kolpea izaten da seme-alabak galtzea». Pikabeak berak ere berretsi ditu lehengusuaren hitzak. Gogoan dauka oraindik ere aitak Loro anaia hilkutxan ikusi zueneko hura. «Luis Mariren gorpua ikusi nahi zuen, nahi eta nahi ez. Kutxaren barruan zegoena hura zela ziurtatu zuenean, bakean gelditu zen». Zubietak hausnarketarako denbora hartu du. «Inor ez dago prestatuta bere ondorengoak agurtzeko. Ez da naturala gurasoek seme-alabak agurtzea». Horrelako heriotzek eragiten duten samina ez da berehalakoan hazten den horietakoa.

Dolua pasatu ondoren, oroitzapen onak gogoratzeko garaia izaten da askorentzat. Bi lehengusuen heriotzaren gaia ez da inoiz tabua izan Zubietaren eta Pikabearen etxean. «Inoiz ez dira tabu izan gure anaien heriotzak. Mendiaz ere askotan hitz egiten dugu. Onartzea besterik ez da gelditzen. Bakoitzak bere modura sufritu du hutsunea, baina askotan hitz egiten dugu haietaz ere», gogoratu du Zubietak. Eta, horretarako, haien omenezko eguna antolatu ohi dute.

Heriotzaren lehen urteurrenean jada antolatu zuten Santa Barbararako igoera. Geroztik, urteroko ekintza da, eta urtarrilaren 13aren inguruko larunbatean egiten dute. Azken urteetan, gainera, Manttale mendi taldekoek egun osoko egitaraua prestatu dute. Baina ez da horretan bakarrik gelditzen oroitzapena. «Herriko festetan, sanestebanetan, abuztuaren 2ko txupinazoa Santa Barbaran ospatzen dugu. Kuadrillakoak, lagunak eta senideak igotzen gara hara, eta gure amak, haien kuadrillakoen blusa jartzen du zintzilik. Xanpaina edaten dugu haien omenez, eta Mikel Laboaren Txoria txori abesten amaitzen dugu. Goiz zoragarria izaten da», aitortu du Txaro Zubietak.

Larunbatean egingo dute 2022ko Mendi Eguna, baina lehenengo urteekin alderatuta oroitzapenak asko aldatu direla ere azpimarratu nahi izan dute biek. Aurten, esaterako, Mikel Sarasola piraguista donostiarraren Jötunn dokumentala emango dute arratsaldean, Berako kultur etxean. «Aurreneko urteetan omenaldi gisara hartzen genuen eguna, baina, azken urteetan, festa modura hartzen dugu. Arratsaldeko kronoigoerak berdin eusten dio, baina gauza gehiago ere erantsi dizkiogu azken urteetan. Omenaldi bat zen lehen, eta mendi egun bat da orain», nabarmendu du Pikabeak. Zubietak gogora ekarri nahi izan du hamargarren urteurrenean antolatu zuten afari erraldoia. «200 pertsona baino gehiago elkartu ginen, propio prestatutako karpa batean. Izugarrizko hotza egin zuen, baina berogailu antzeko batzuk ipini genituen, eta izugarrizko festa egin genuen. Oroitzapen bikainak ditugu Mendi Egunaz». Gaur ere, Taillon gaineko izarren distira desberdina izango da Zubieta, Pikabea eta Saralegi gogoratzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.