BI TARTE

Kamiseta urdina

Ane Labaka Mayoz, Malen Amenabar Larrañaga
2020ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Azken urteotan beti iruditu izan zait martxoak ez dauzkala hogeita hamaika egun bakarrik. Aurtengoan ere, arrazoi ezberdinak direla medio, egutegia zeharo geldotu dela dirudi: denbora gelditu dela.

Hasieran, artean telebista programetako eta herri ezberdinetan antolatutako Emakumeen asteak amaitu berri zeudela, datorrenaren dimentsioa kalkulatu ezin duenaren umore kutsuz hartu genuen kontua. Izena ikasi berri genion birusa ere patriarkala zela azpimarratzen genuen: «justu guregana martxoan heltzea ere...». Martxoaren 8aren aurreko nahiz osteko asteetan kontzentratuak genituen hitzaldi, bertso saio eta emanaldiak agendatik banan-banan erori ahala, behin eta berriro zetorkidan burura Samara Veltek hilaren lehen egunetan egunkari honetan idatzitako artikulua.

Hasieran, iazko neguan egindako aurreikuspenen arabera nire urteko arnasaldia behar zuen hegaldi merkea bertan behera utzi izanak amorratu ninduen gehien. Agur hondartzari, eguzkipean sugandilen modura itzulikatzeari, neure buruari astebetez ezer egin gabe egoteko baimena emateari... Agur pribilegioei. Horra, klase ertaineko familietako alaben buruhausteak; Tenerife, Sri Lanka, Argentina, Kordoba... Zuk ere hegaldiren bat zeneukan lotuta?

Hasieran, scape room distopiko honek ere bere xarma izan zezakeela iruditzen zitzaidan. Tantodun pijama eta azala bat eginda sumatzeak, bularretakoa etxeko egongelan sareko tutorial bati jarraika kirola egin behar nuenean soilik janzteak edo inoiz prestatu gabeko jakiak prestatzeak; azalorezko pizzak, espeltazko bizkotxoak eta olozko gailetak. Eta originalak izaten ari ginelakoan ia denok egin ditugun gauza absurdo horiek guztiak.

Hasieran, poz txiki bat sentitu nuen barnean irakurtzeke nituen gau-mahaiko liburuen pila pixkanaka txikitzeko astia izango nuelako parentesi behartu honetan; ingurukoek aholkatutako serieen maratoiak egin nitzakeelako mantapean gotortuta.

Hasieran, sare humanoen faltan, egun osoa igarotzen nuen sareei konektatuta. Sareen bidez, bertso eskola inprobisatuak egin daitezkeela deskubritu genuen. Kafe hartzeak ere hitzartu genituen lagunekin. Hunkitu egin ginen, pantailaz bestalde, lagun batek haurdun dagoela kontatu zigunean.

Hasieran, lotura arraro bat sentitu nuen inguruko bizilagunekin. Bati bozgorailuetatik musika jartzea otu zitzaion. Zerbeza batekin hurbildu nintzen leiho ertzera. Uste dut dantza ere egin nuela. Orduan nekez sumatzen zen egunez egun berarekiko garatu dudan gorroto honen zantzurik. Orain ez diot barkatzen eguneroko txaloaldiaren ondoren Lau teilatu abestia jartzea eta leihoak ixten ditut zortziak iristen direnean. Erredundanteegiak zaizkit txaloaldi eta lapiko-jotzeak. Isiltasunari beldurra diogula ondorioztatu dut.

Hasieran, Slawomir Mrozek idazle poloniarraren Iraultza ipuinean bezalatsu, etxeko altzariak behin eta berriro lekualdatzeari ekin nion. Bizikleta estatikoak eragindako ipurdiko mina dagoeneko jasanezina zitzaidanean iritsi zen udaberria, baina ez nintzen ohartu ere egin.

Gaur pareko umetxoak bost urte bete ditu. Nire izen bera dauka. Bizilagunek Zorionak zuri kantatu diote. Gabonetako argiak jarri dituzte leihateetan; koloretako puxikak etaapaindutako pankartak. Gaur, gutxien espero nuen unean, hunkitu egin naiz. Zirraren neurgailua kontrola galduta daukat; uneka, kursitzat nuena polit iruditzeraino.

Gaur negar egin dut sareetan zehar zokomiran nenbilela. Duela egun batzuk irakurri nuen kostata baina lortu zutela autismoa duten pertsonak kalera ateratzeko baimena. Jendeak balkoietatik oihu egiten dietela salatu dute orain eta, mesfidantzaren izurria hedatu denez, kamiseta urdinak edo txaleko horiak jantzi ditzatela eskatu dute zenbaitzuk; jendeak errazago identifika ditzan.

Identifikatu. Seinalatu. Markatu. Gerra garaian ilea buru arras mozten zieten emakumeak etorri zaizkit gogora. Garaitu. Bataila. Irabazi. Itxialdiko bigarren astea gainditu dugun honetan, belikoa ez da hizkera soilik. Kaleak militarizatzea aski ez, eta balkoietan ere polizia afizionatuak dauzkagu orain. Eta bai, aldatuko da egoera, garaituko dugu garaitu beharrekoa, baina gerra hau bukatzen denean ere,batzuek kamiseta urdinak izango dituzte oraindik soinean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.