Italiako Giroa

Ez da espezialista soila

Gannak irabazi du Giroko bosgarren etapa, ihesean. Almeidak lidergoari eutsi dio, eta Bilbao bigarren jarri da sailkapenean, 43 segundora

Ez da espezialista soila.
enaut agirrebengoa
2020ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Erlojuaren kontra ez ezik, maldan gora ere ederki asko moldatzen da Filippo Ganna (Ineos). Hala erakutsi zuen atzo erlojupeko munduko txapeldunak, Giroko etapa menditsua irabazita. Bakarkako saioan garaipena lortuta abiatu zuen lasterketa, eta bosgarren etapa ere bere egin zuen; nola, eta Valico di Montescuro luzean (22,7 kilometro eta %5,8ko pendiza) eraso erabakigarria jota. Oso ziklista astuna da, baina zangoetan duen indarrak edozein ibilbidetan distira egiteko aukera ematen dio. Atzokoak 4.500 metroko desnibela zuen, eta, etapaz gain, mendiko elastikoa ere eskuratu zuen Ineoseko italiarrak. Faboritoen artean, berriz, su etena izan zen, eta Joao Almeidak (Deceuninck) eutsi egin zion maglia arrosari. Haren atzetik, Pello Bilbao (Bahrain) ageri da orain sailkapenean, 43 segundora. Gernikarrak aurrea hartu zion atzo Jonathan Caicedori (Education).

Giroko hirugarren etaparik luzeena izan zen, 225 kilometrorekin. Hiru mendate puntuagarri igo zituzten txirrindulariek: hirugarren mailako Catanzaro eta Tiriolo, eta gaina helmugatik hamabi kilometrora zuen Valico di Montescuro, lehen mailakoa. Egun garrantzitsua zen, eta borroka handia izan zen ihesaldia egiteko. Peter Sagan (Bora) izan zen tematien saiatu zenetako bat, baina ez zuen tropelaren baimenik izan. 55 kilometroren ostean, zortzi txirrindularik egin zuten aurrera: Ganna eta Salvatore Pucciok (Ineos), Carl Fredrik Hagenek (Lotto Soudal), Valerio Contik (UAE), Hector Carreterok (Movistar), Edoardo Zardinik (Vini Zabu), Jonathan Restrepok (Androni) eta Jan Tratnikek (Bahrain).

Tropelean, Almeida liderraren Deceuninck aritu zen lanean nagusiki, baina beste talde batzuk ere agertu ziren buruan; Astana eta Jumbo Visma, besteak beste. Ihesaldiari gehienez bost minutuko aldea utzi zioten, eta azken igoerara 2.30eko abantailarekin iritsi ziren. Onenen hatsa garondoan nabaritzen hasita, azpi-azpitik jo zuen Carreterok. Eraso horrek jokoz kanpo utzi zuen Hagen, teorian ihesaldiko igotzailerik onena. Hortik gutxira, bere taldekide Thomas De Gendt etaparen garaipenaren bila irten zen tropeletik, gurpilean Einer Rubio (Movistar) zuela. Sunweb ari zen atzean tiraka, eta gero Trekek hartu zion lekukoa.

Carretero eta Ganna bakarrik gelditu ziren ihesaldian, eta De Gendtek eta Rubiok helmugatik 19,5 kilometrora harrapatu zituzten, Lottokoak egindako lan handiari esker. Ganna lasterketa buruan irauteko gai izan zen. Eta eutsi ez ezik, hautsi egin zuen hirukotea, gainetik lau kilometrora. De Gendtek nahiko eman zuen aurpegia, eta errelebo eske gelditu zitzaion Rubiori. Tropelak harrapatu egin zituen azkenean, eta Gannak minutu bateko aldearekin ekin zion jaitsierari, lainopean. Onenen artean, Domenico Pozzovivok (NTT) egin zuen saiakera bakarra, eta aurkariak ondo itsatsi zitzaizkion. Nibalik soka tenkatu zuen maldan behera, baina ez zuen apurtzerik lortu.

Gannak ondo merezita altxatu zituen besoak helmugan. Zehazki 34 segundo atera zizkion oilarren multzoari. Bigarren Patrick Konrad (Bora) izan zen, eta hirugarren, Almeida. Portugaldarra nahiko larri ibili zen maldan gora, baina ez zen eten, eta lau segundoko gainsaria ere hartu zuen helmugan. Hartara, sendotu egin zen sailkapen nagusiko lehen tokian. Caicedo, berriz, atzean gelditu zen igoeran, eta Bilbaok aurreratu egin zuen sailkapen nagusian. Jonathan Castroviejo (Ineos) ezin izan zen faboritoekin batera helmugaratu, baina hamalau segundo eskasengatik.

Gaurko etapa esprintean buka liteke, baina ez da ziurra, amaiera gorabeheratsua izango baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.