BI TARTE

Hasierakoa egia da, eta amaierakoa agian

Nerea Ibarzabal Salegi, Malen Amenabar Larrañaga
2020ko urriaren 11
00:00
Entzun
Ba omen da herrixka bat Japonian Nagoro izenekoa. Shikoku irlan dago. Errepide estu eta bihurgunetsu bati jarraituz iristen da bisitaria bertara. Arboladi baten erdian ezkutatutako etxe multzo bat baino ez omen da, harri koloreko erreka batek zeharkatua. Euri langarra, arimaraino iristen den hezetasuna, zubi bat. Udazkenetan jasanezina da tristura, suposatuko duzu. Nagoroko biztanle gehienek alde egin zuten herritik, lana amaitu zelako edo hil zirelako, eta ez zen pertsona berririk jaio. Orain 377 herritar dira: 27 pertsona eta 350 panpina.

Nonahi omen daude panpinak: zubi-ertzean, etxe-atarietan, soroan... Trapuzkoak eta pertsonen neurrikoak dira, beraien arropa eta osagarri guztiekin. Ayano Tsukimi izeneko emakume batek josi ditu denak; bere aitarena josi zuen lehenengo hura hil zenean, eta bere baratzean jarri zuen txorimalo lanak egin zitzan, baina, pixkanaka, herritik joandako edo hildako denen omenezko panpinak josten hasi zen, haiek utzitako hutsunea trapuz, artilez eta egunkari paperez betetzen.

Ayanoren ekintza artistiko saiatuak ez ditu Nagorotik joan ziren herritarrak itzularazi, baina turistak erakartzeko balio izan du. Tentuz gerturatzen dira bertara, eta kamerak aldean, eskolan sartzen dira lehenbizi, duela zenbait urte itxi behar izan zuten eskolan; ikasgeletako arbelak zenbakiz eta hizkiz gainezka daude, irakasle panpinak argi eta zorrotz, ikasle panpinei ikasgai betiereko bat erakusten, isilpean. Zubiaren ondoan, berriz, arrainik izutzen ez duen arrantzale pare bat, alkandora koadrodunak soinean, errekara begira. Emakume nagusi bat aulki gurpildunean. Autobus-geltoki bat presarik bako bidaiariz beteta, inora ez joateko inoiz igaroko ez den autobusean. Ume bat zuhaitz bat astintzen, haizea datorrenean.

Ayanok ahal bezain ondo zaintzen baditu ere, kanpoan dauden panpinak higatuta eta bustita daude beti, kanposantuetako hilarrien gainean utzitako peluxeak nola, eta turistei ez zaie irribarre zabalegirik bistaratzen hauekin argazkiak egiterakoan. Askok zalantza egiten dute txangoaren zentzuaz. «Esan nizun ez zuela merezi honaino etortzea». «Leku honek hotzikarak ematen dizkit, goazen hemendik». Nagoron bizi diren 26 biztanleak ere urduri jartzen dira, zaharrak izanik gehienak, Ayanok ohi baino gehiago begiratzen badie, edo ohi baino jatorrago agurtu, haien aurpegiko dimentsioak puntadaka neurtzen ari dela susmatzen baitute, edo begiak irudikatzeko botoirik egokienak zeintzuk liratekeen erabakitzen ari dela.

Liskarrak ere izan dituzte. Elkar jasaten ez zuten bi bizilagunetako bat hil zenean, besteak ez zuen onartu nahi izan etsaiaren itxurako panpinarik espaloian. «Bizitza osoa eman zuen nire trapu zaharrak ateratzen, besterik ez nuen behar orain!». Panpina batzuk lekuz aldatuta ere agertu izan dira. Zenbait panpina inork ez zituen pertsonan ezagutu, herrian bizi zirenik ere ez zekiten, eta beste zenbait desagertu egin dira gauetik egunera, bizitzan zehar ere desagerrarazi zuten neskato gazte haren panpina, adibidez, edo Nagoroko azken arotzarena, zurrumurruen arabera, hiriburuko altzari enpresa handi bateko sarreran dagoena orain. Baina Ayanok berriro josten ditu denak banan-banan, bere hari lodiak eta oihalak estu-estu korapilatuz, konbikzio ilun eta nekaezin batek bultzatuta bezala. Etsaitasunak etsaitasun, herritar denak egunero elkar ikustera eta elkarrekin gogoratzera behartzen ditu, elkarri eragindako kaltea, elkarren ihes egiteko arrazoiak, elkarren trapu bustizko absentzia begiratzera. Denak bertan bizi zirenean bezala. Eta noski, hori ez da erraza. Are, dagoen gauzarik zailena da. Horrexegatik alde egiten dute nagorotarrek txorimaloen herritik, ezin dutelako hainbeste iragan heze arnastu eta gainera aurrera egin. Trapuzkoa ez den jendeak ahazteko eskubidea izan nahi du, edo oroitu nahi duen hori aukeratzekoa. Ezta? Zuk ere alde egingo zenuke. Amesgaizto bat da Nagoro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.