Aukera baliatu nahian

Europako Padel Txapelketan hartuko du parte etzitik aurrera euskal selekzioak. Txapelketa Bilbon eta Bizkaiko hainbat herritan jokatuko da, eta euskal selekzioa irabazteko hautagaietako bat da.

Pedro Etxarri erremate bat egiten partida batean. BERRIA.
Iñaki Fernandez Guridi.
2021eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Sokatiran eta kayak-surfean lehiatu eta gero, padeleko Europako txapelketan ariko da etzitik aurrera euskal selekzioa. Sokatiran zazpi domina irabazi zituen (urrezko lau eta brontzezko hiru); kayak surfean, hamabost titulu.Padelean ere txapelketa irabazteko aukera dutela uste dute gizonezko zein emakumezko euskal ordezkariak.

Gizonezkoen kasuan, txapelketaren lehen fasean Kroaziarekin eta Danimarkarekin neurtuko dituzte indarrak, eta emakumeek, berriz, Danimarkarekin eta Txekiarekin. Gizonezkoetan, hamalau taldek hartuko dute parte guztira, eta emakumezkoetan, bederatzik. Bietan da irabazteko hautagai nagusia euskal selekzioa, eta bietan izango dute Portugal arerio nagusi.

Euskal taldeak selekzio gisa lehiatzeko arrazoia da Nazioarteko Federazioak (FIP) antolatutako txapelketetan baino ez duela parte hartzen Espainiako Federazioak, eta ez dela izaten Europako Federazioak (FEPA) antolatutakoetan, oraingoan bezala. Hala, selekzioak aukera baliatu du.

Europako Txapelketa, gainera, Euskal Herrian jokatuko da; Bizkaian, hain zuzen. Etzitik hilaren 9ra bitarte, 300 partida jokatuko dira Padeltokin (Ortuella), Padel Indoor (Barakaldo), Padel&Go(Santurtzi) eta Padel Derio zentroetan (Derio). Finalerdiak eta finalak, berriz, Bizkaia pilotalekuan izango dira. Tartean, Europa osoko 500 lagun bilduko dira: entrenatzaileak, jokalariak eta laguntzaileak.

Junkal Aizpurua (Donostia, 1997) eta Pedro Etxarri (Donostia, 1995) izango dira euskal selekzioarekin arituko diren jokalarietako bi. «Ilusio handia» egiten die txapelketan aritzeak. Aizpuruaren kasuan, lehen aldia izango da, eta «harro» dago. Etxarrik, berriz, behin baino gehiagotan izan du euskal selekzioan aritzeko aukera, eta oraingoan ere «oso gustura» jokatuko du. Hala ere, biak bat datoz honekin ez dela aurrerapauso bat emango ofizialtasuna lortzeko: «Ez dugu uste hau denik bide egokiena, baina hau guztia federazioen esku dago. Guk ezin dugu ezer egin».

Biek nabarmendu dute euskal selekzioak irabazteko aukerak dituela emakumezkoetan zein gizonezkoetan. Dena den, Aizpuruak zuhurtzia eskatu du. «Ez ditugu arerioak gehiegi ezagutzen. Baina taldekide bat World Padel Tourren egon da jokatzen. Portugalgo neska batekin hitz egin zuen, eta esan zion hango jokalari onenak datozela txapelketa honetara. Beraz, Portugalen maila oso ona izango da, eta haien eta gure artean egongo da txapelketa. Badakigu oso zaila izango dela irabaztea, baina posible ikusten dugu. Gainerako selekzioak ez ditugu ezagutzen, baina lan ona egin dezakegu. Ondo entrenatu dugu, eta ilusioz gainezka gaude».

Selekzio bakoitzeko hiru bikote daude, eta aurrera egiteko, bi hartu beharko dituzte mendean. Portugalen kontra finalerdietan edo finalean neurtuko lituzkete indarrak: «Badakigu portugaldarrek bi bikote oso on dituztela. Hirugarren bikoteari erraz irabazi diezaiokegu, baina, nola bi bikote garaitu behar ditugun, zaila izango zaigu Portugal menderatzea», adierazi du Aizpuruak. Gainerako selekzioa ez ezagutzearen arrazoia ere eman du: «Ez dira World Padel Tourren lehiatzen, eta, ondorioz, haien maila baxuagoa da». Etxarri, hala ere, ez da fio: «Hautagai nagusiak gara, baina besteek sustoren bat eman diezagukete. Atentzio handien eman didan selekzioa Portugalda, baina egia da ezin izan ditudala gainerako taldeak asko ikusi».

Etxarrik jarraipena eman nahi dio joan den asteburuan irabazitako Grand Slamari. Izan ere, orain arte ez dituzte emaitzak alde izan Joseba Diegok eta berak, eta uste du ondo etorriko zaiela azken emaitza hori. «Final askotara iritsi gara azken urtean, baina irabaztea asko kostatzen zaigu. Maila asko hobetu da, eta gazteak zeresana ematen ari dira», nabarmendu du.

Aizpuruaren kasuan, denboraldia «eskasa» izaten ari da. Medikuntzako gradua ateratzeko buru-belarri ibili izan da ikasten, eta orain mediku egoiliar izateko azterketa prestatzen dabil: «Hori dela eta, ez ditut txapelketa asko jokatu; bakarrik entrenatu egin naiz. Uztailean hasi nintzen berriz jokatzen. Oraindik ez nago nire sasoirik onenean, baina ilusioz gainezka nago. Txapelketara maila onean helduko naizela uste dut. Horri heltzen diot».

Zaletasuna, gora

Biak bat datoz padela asko ari dela hazten Euskal Herrian. Kontziente dira gero eta pertsona gehiago ari direla federatzen, eta hori berri ona da. Izan ere, esan nahi du Euskal Padel Federazioak irabazi gehiago dituela, eta kirola bera ikusgarritasun gehiago irabazten ari dela. Eta, horri esker, txapelketa gehiago antolatzeko aukera dagoela aurreikusten dute. Ez hori bakarrik: diru gehiago irabazita, aukera dago jokatzeko gune berriak egiteko.

Gainera, pandemia garaian izan arren, Euskal Herriko Txapelketak ez dira alde batera gelditu, eta jokatzeko aukera izan dute euskal padel jokalariek. Hori ere funtsezkoa izan da aurretik jokatzen zuten jokalariek zaletasuna eta ohitura ez galtzeko, eta kirolari ikusgarritasuna emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.