BI TARTE

Udako etxea

Ane Labaka Mayoz, MariƱe Arbeo Astigarraga
2022ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Arantxa Urretabizkaiaren Azken etxea bukatzear zegoela helarazi diote proposamena mezu bidez. Liburuko protagonistak argi du azken etxean ez duela itoginik ez hotzik nahi. Berak ere ez du askoz gehiago eskatzen, argi natural pixka bat landareentzat, arnasteko adina metro karratu eta puztu gabeko errenta ordaingarri bat.

Bizi den lekuan bizita gehiegi eskatzen du, ordea. Urtean zehar etxebizitzen ehuneko berrogei inguru hutsik egon ohi da kresal usainezko herrian. Hala, eguzki-izpiak indartzen hasi orduko bete ohi dira dendetako erakusleiho gardenak iragarkiz. Deskribapen xeheekin eta argazkiekin apainduak dira horietako zenbait; beste batzuek, berriz, eskuz eta arrapaladan egindako zirriborroak dirudite. Gaztelaniaz idatzita daude asko. Gehientsuenetatik ikusten da itsasoa, letra larriz. Etxe bat alokatzen da, irakurtzen du aldiro. Etxe bat alokatzen da, udaldirako.

Kontua da hilabete batzuk joan direla pisu berria izan zitekeena begiz jo zuenetik. Irailerako libratuko da, esan zioten. Jabeak handiago batetara lekualdatuko dira eta konfiantzazko norbaiten bila dabiltza. Jakin badaki konfiantzazko dioenak bere irudiko esan nahi duela, ahalik eta bere irudikoen; bere azal koloreko. Eta, hala ere, zortedun sentitu zen, ezagun bat tarteko, konfiantzazko tarte murritz horretan kabitu zitekeelako. Ordutik, uda osoa igaro du ataurretik pasatzen zen bakoitzean gortinetatik barrura beha, han zer ikusiko. Ametsetako etxea irudikatu du berak; irail hasieran eman behar zioten benetakoa ikusteko aukera.

Mezua baino ez zaio iritsi, dena den. Etxea alokagai egongo da irailaren erditik ekainaren azkenetara arte. Hustu egin beharko da gero. Hurrengo udararako ere konprometitu omen dira jabeak jada aurtengoan bertan egon diren gertuko batzuekin. Luzerako alokairua beharrean, udarakoa lehenetsi dute eta, lotsa izpirik gabe, gainerako hilabeteetarako alokairua eskaini diote berari. Gertukoakkonfiantzazkoak baino aurreraxeago daude, beraz, balizko maizterren hierarkian; hiru hilabetean berak urte osoan ordainduko lukeena baino gehiago ordaintzeko prest daudelako, nonbait.

Eta bai, guztiok dauzkagu kontraesanak, ados. Akaso, zuk ere oinordetuko zenuen espero gabeko jabetzaren bat eta izango duzu etxe bat soberan uztailetik irailera bitarte turismoak irensten duen herrian. Bigarren etxe bat hutsik, gazte eta ez hain gazte asko lehenengoa lortu ezinik dabiltzan bitartean. Zeurea espekulaziorako ondasun bilakatuta, jolas zintezke beste horien etxebizitza eskubidearekin. Segi zenezake, lasai asko, zeure buruari ezkertiarra zarela sinetsarazten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.