Fikziozko izurriak, errealitatearen ispilu

Idazle eta zinemagile askok jo izan dute izurrietara garaian garaiko gizartearen arazoak eta beldurrak islatzeko. Eleberri eta film post-apokaliptikoekin, krisialdi garaietan gizakiek agertzen dituzten alde argi eta ilunak irudikatu dituzte. Obra horietako zenbaitek antzekotasunak dituzte egungo errealitatearekin.

Luis Scafatik Jack Londonen The Scarlet Plague (Eskarlata izurria, 1912) eleberrirako egindako ilustrazioa. BERRIA.
Ane Eslava.
2020ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Zirkulazioa debekatua. Jolastokiak zigilatuta. Antzokiak itxita. Maskarak aurpegietan. Azken asteetan ohikoak bihurtzen ari diren eszena askok eleberri edo film post-apokaliptiko batean dagoela sentiarazi diote edonori. Ez dira gutxi, izan ere, antzeko egoerak erretratatu dituzten fikziozko lanak; animaliek eragindako, laborategietan sortutako edota estralurtarrek ekarritako birusek munduan piztutako kaosa gai nagusi dutenak. Zenbaitetan modu surrealistan eta zientzia fikzioaren bidez, eta besteetan errealitatera hurbilduz, gizakia ispilu baten aurrean jarri dute halako obrek: bere beldurrekin aurrez aurre. Eta orain, beldur horiek egia bihurtzen ari direnean, irudi lezake lan horiek iragarri zutela zer zetorren.

COVID-19 gaitza hedatzen hasi zenean, askok, errealitatea ulertu ezinik, kulturara jo zuten gertatzen ari zena islatuko zuten lanen bila. Albert Camusen Izurria eleberria izan zen salmentak handitu zituen lehenetarikoa. 1947an argitaratua, 1940ko hamarkadan izurrite batek astindutako Aljeriako Oran hirian elkartasunaren zentzua aurkitu zuten zenbait medikuren istorioa kontatzen du lanak, eta Imanol Tapiak 1992an euskaratu zuen Literatura Unibertsala bildumarako. Eleberriak kontrajartzen du protagonistaren pentsamendu arrazionala konfinamenduan daudenen jarrera irrazional eta zentzugabearekin. Halaber, jorratzen dituen gaien artean dago gertukoengandik bereiztearen gogortasuna, honelako pasarteekin: «Amaren ondoan ia hari begiratu gabe bizi izan ziren seme-alabek, euren kezka eta nostalgia guztia jartzen zuten amaren oroitzapena pizten zuen aurpegiaren zatiren batean. Mugarik gabeko banaketa basati horrek [...] nahastuta uzten gintuen». Gogoeta filosofiko bat ere badakar: zein den existentziaren zentzua, jainkorik eta moral unibertsalik ez dagoenean. Idazlearen ondorioa da gizakiak ez duela ezeren gaineko kontrola. Hala, izurriak «absurdoa» irudikatzen du lanean, Camusek berak definitzen lagundu zuen teoria.

Baina ez da egun hauetako egoeraren gisakoak islatzen dituen eleberri bakarra. Esaterako, Mary Shelleyren The last man-ek (Azken gizona, 1826) ere antzekotasunak ditu errealitatearekin. Egileak Napoliko (Italia) Sibila de Cumas leizean aurkitutako eskuizkribu profetiko gisa aurkezten du obra —berak adierazitakoaren arabera, benetan aurkitu zuen testu bat toki horretan, 1818an—. 2073an dago girotuta, izurrite misteriotsu bat herrialdeak suntsitzen eta gizateriaren iraupena arriskuan jartzen ari denean. Munduaren amaiera du mintzagai, baina baita maitasuna, itxaropena eta bizirik irautea ere. Ingeles literaturan, genero apokaliptikoko lehen eleberritzat hartzen da Shelleyrena, eta, munduan, lehenetarikotzat, baina bere garaian gogor kritikatu zuten.

Margaret Atwooden MaddAddam lanak (2013) ere zer pentsatua eman dezake egunotan. Idazle kanadarrak gertuko historiaren elementu errealak nahastuz mundu distopiko bat irudikatu zuen: aldaketa genetikoa arau den mundu bat, korporazioek esperimentu genetikoen bidez kontrolatutakoa, non bizitzaren alderdi guztiak merkaturatzen dituzten, txiroen eta aberatsen arteko arrakala handituz. Egoera horretan, birus hilgarri batek ia biztanleria osoa suntsituko du. Ertz ugariko lan bat da, eta pandemiaren aurretik bazen mundua ere jartzen du zalantzan.

Baina egungo errealitatera hurbiltzen den eleberri bat bada, The Eyes of Darkness da (Iluntasunaren begiak). 1981ean, Dean R. Koontz estatubatuarrak idatzi zuen, preseski, 2020. urtearen inguruan Txinako Wuhan hiriko laborategi batean Wuhan-400izeneko birus bat sortuko zela, eta mundu osoan zehar hedatuko zela. Eleberria oharkabean igaro zen orduan, baina orain, egungo krisiarekin dituen paralelismoek modan jarri dute: liburua deskatalogatuta dago, eta Internet bidez oso garesti saltzen ari dira.

Antzinatik

Koronabirusaren pandemiatik harago, izurrien gaia antzinatik izan da islatuta literaturan. Sofoklesek, K.a. 429an jada, Tebasi (Grezia) eraso zion izurrite bat erakutsi zuen Edipo errege-n, eta, halaber, Tuzididesek Atenasko izurritearen inguruko gertaera harrigarriak kontatu zituen Peloponesoko gerraren historia-n (K.a. 460-395). Geroago, 1351n, Giovanni Boccacciok, Dekamerona ipuin bilduman, izurri bubonikoak Florentziako (Italia) herritarrengan izan zituen ondorio fisiko, psikologiko eta sozialak deskribatu zituen. Halaber, 1772an, Daniel Defoek 1665ean Londres astindu zuen Izurri Handia bizi zuen gizon baten bizipen gordinak kontatu zituen A Journal of the Plague Year (Izurriaren urteko egunerokoa) lanean.

Horiez gain, aipatzekoak dira Jack Londonen The Scarlet Plague (Eskarlata izurria, 1912) eleberri futurista, 2073an kokatutakoa, pandemia batek Lurra hustu eta 70 urtera; Robert Cooken Epidemia (1987), izurri baten hedapena saihesteko ahaleginean diren mediku eta biologoen pasadizoak jasotzen dituena; edota Jose Saramagoren Ensaio sobre a cegueira (Itsutasunari buruzko saiakera, 1995), azalpenik gabeko itsutasun epidemia batek sortutako krisi soziala kontatzen duena.

Euskal literaturan, Anjel Lertxundiren Otto Pette (1994) eta Edorta Jimenezen Sukar ustelaren urtea (2004) lanek dituzte izurriak mintzagai. Lertxundiren eleberrian, izurriak Erdi Aroko erreinu bat jotzen du. Erregeak Pette buruzagia izendatuko du krisiaren kudeaketaren buru bakar, eta hark neurri zorrotzak ezarriko ditu. Muturreko egoera horrek gizartearen alde negatiboa azaleratuko du: koldarkeria, lukurreria, beldurra... Jimenezen lanean, berriz, 1588an tifusak Ingalaterrara bidean doan armadaren ontzi bat joko du, eta egoeraren larritasunak marinelen sekretuak azaleratuko d,itu.

Literaturara lehenago heldu baziren ere, pantailara ere eraman dituzte izurriak. Steven Soderbergh zinemagilea, kasurako, 2009ko A gripearen pandemian oinarritu zen bi urte geroago Contagion (Kutsatzea) egiteko, eta orain, gaurkotasuna hartu du berriro ere. Pelikulan, Txinan birus hilgarri bat sortzen da, saguzarrek eta txerriek eragindakoa, eta mundu osoan zabaltzen da, oso azkar. Mahai gainean jartzen dituen gaien artean dago mundu globalizatu batean ezin dela birus baten hedapena galarazi.

Virus (Birus, 2013) Hego Koreako ekoizpenak, berriz, beldurraren hedapenaren gaia jorratzen du: beldurra gaixotasuna bera baino azkarrago zabaltzen dela iradokitzen du, histeria eta kaos handiko eszenekin. Lan horiez gain, aipatzekoak dira Roger Cormanek zuzendutako The Masque of the Red Death (Herio gorriaren mozorroa, 1964), Edgar Allan Poeren 1842ko ipuin batean oinarritutakoa; Wolfgang Petersenen Outbreak (Agerraldia, 1995), Richard Prestonen The Hot Zone (Eremu beroa, 1994) nobelan oinarritutakoa; eta Terry Gilliamen Twelve Monkeys (Hamabi tximino, 1995), Chris Markerren La Jetee (Kaia, 1962) filmean inspiratutakoa.

Bestelako hondamendiak

Izurriak ez ezik, beste motatako hondamendiak ere irudikatu dituzte fikzioan; sarritan, gainera, unean uneko beldurrekin lotuta. Hala, Nagasaki eta Hiroshimaren aurkako eraso nuklearraren ondoren ugaritu egin ziren ezbehar nuklearren inguruko lanak; hala nola Andrei Tarkovskiren Offret (Sakrifizio, 1986) eta Stanley Kubricken Dr. Strangelove (Strangelove doktorea, 1966) filmak.

Ohikoak dira zonbien eta banpiroen ingurukoak ere: genero post-apokaliptikoaren azpigenerotzat hartzen dira. Richard Mathesonen I am Legend (Kondaira naiz, 1954) eleberria da horietako bat: banpiroen inbasio baten ondorioz, protagonista bakarrik dago munduan. Ageriko kontakizunaz gain, bakardadea, bakartzea, gainpopulazioa eta halako gaiak jorratzen ditu lanak, eta zinemara ere eraman dute. Horren ildotik, Danny Boyleren 28 Days Later (28 egun geroago, 2003) filmak galdera bat dakar: ea zer den okerragoa, zonbia bihurtzea ala indartsuenaren legean oinarritzen den gizarte kaotiko baten parte izatea. Ezezagunari zaion beldurrak, izan ere, elkartasunik eza sor dezakeela erakusten du lanak.

Horiez gain, badira eraso estralurtarren inguruko lanak, hala nola Herbert George Wellsen The War of the Worlds (Munduen gerra,1898) eleberria; makinen matxinadei buruzkoak, Stanley Kubricken 2001: A Space Odyssey (2001: Espazioko odisea, 1968) film mitikoa, kasurako; eta hondamendi ekologikoenak, esaterako Andrew Stantonen Wall-E (2008) animaziozko filma.

Garai ezberdinetan eta ezaugarri ezberdinekin, baina historian maiz jo dute kulturara unean uneko beldurrak islatzeko, eta izurrien kasuan ere hala izan da. Eleberriek eta filmek erakutsi dute halako krisialdiek gizakien argi-ilunak atera ditzaketela: elkartasuna eta irauteko sena, baina baita botere norgehiagokak eta berekoikeria ere. Oraingoan ere, beraz, gizartearen jokabidea aztertu nahi duenak badu nora jo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.