IRITZIA

Dario Fori esker, neurri handian

Mikel Martinez
2016ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Dario Fo hil da. Bufoirik politikoena, astintzaileena eta, hitz hauek pilatzeko orduan konturatzen naiz, nire teatro-ibilbidea markatu duen artista, neurri handi batean.

Orain 35 urte-edo La tigresa y otras historias, Dario Fo eta Franca Rameren bakarrizketa ikusi nuen, Manel Barcelo aktore kataluniarrak eginda, Bilboko Albeniz Antzoki desagertuan. Funtzio hura iltzatuta daukat buruan. Medikua eta unibertsitateko irakaslea nintzen garai hartan, eta antzerkiarekin koketeatzen hasia, Maskarada Antzerki Taldean. Handik gutxira bestelako ofizioak utzi eta «aktore» sartu nintzen buru belarri. Dario Foren erruagatik, neurri handian.

Maskaradan, kalean eta haurrentzako aritu eta gero, aurrerapauso erraldoia ematea erabaki genuen: helduentzako antzezlan potoloa prestatzea; eta Fo aukeratu genuen. Urteetan eman genuen Pistolaren begi zuri beltzak. Era profesional batean eskainitako lehen euskara hutsezko antzezlana. Dario Foren erruagatik, neurri handi batean.

Urte gutxira Dario Fo bera ikusi nuen, Ayala antzoki desagertuan, Mistero Buffo egiten. Barceloren La Tigresa bi dimentsioetan iltzatuta daukat; Dario Fo bufoia, aldiz, hiru dimentsiotan eta kolore betean: harrigarria! Aktore bakar bat, agertoki hutsean,gizarteko instituziorik sakratuenak astintzen era dibertigarri eta ikusgarrian. Horixe egin nahi nuen nik!

Handik gutxira Kontrabaxua prestatu genuen, bakarrizketa barregarri mamitsua. Eta Mistero Buffo-ren zatitxo batekin ere ausartu nintzen: Lazaroren Berpiztea. 7 Katu gaztetxe ez desagertuan eskaini genuen orain gutxi. Eta Arriaga zapaltzen ez duten hainbat gaztek ikusi zuten antzerkia ere gailu iraultzailea izan daitekeela. Dario Fori esker.

2001ean, Anarkista baten ezusteko heriotza estreinatu genuen Donostiako Antzoki Zahar oraindik bizian eta komedia harrigarri barregarri baten bitartez larritu ginen denok Boterearen krudelkeria eta faltsukeriarekin.

Dario Fo, nik, guk, askok egindako antzerki lanaren erreferente bat. Antzerkia, biziaz eta etorkizunez kargaturiko arma. Dario Fori esker, neurri handi batean.

Eskerrik asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.