KRITIKA. Antzerkia

Hileta alaia nahiago

Agus Perez -

2018ko abuztuak 14

'Adios, Arturo'

Konpainia: La Cubana. Jatorrizko ideia eta gidoia: Jordi Milan. Eszenografia: Castells Planas eta La Cubana. Jantziak: Cristina Lopez. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Abuztuak 11.

Arturo Cirera ustezko artista polifazetikoak hileta alaia nahi zuen. 101 urte betetzear dituela utzi gaitu eta La Cubana konpainiari enkargatu zion hiletara etorri gara. Berez Bartzelonakoa izan arren, Bilbon eman omen zituen bere urterik emankorrenak eta horregatik gaude Arriaga antzokian, azken despedidaren gonbidatu gisa.

Baina ez gara bakarrak: Kataluniako konpainiaren estilo parte-hartzaileari jarraituz, ikusleen artean agertu dira zeremoniara etorritako ez dakit nongo maharaja eta haren emazte txit gorena, Espainia aldeko noble ozpindu batzuk, Salamancako (Espainia) artzapezpikua eta Espainiako Kultura Ministerioko ordezkaria, beste askoren artean. Eskerrak ez direla den-denak Espainiaren ikonografiakoak izan, zeren eta ustezko elkarte gonbidatuen artean bazegoen English Association of Friends of Bullfighting delako bat, hau da, Zezenketen Lagunen Elkarte Ingelesa. Europar ukitu horrekin lasaitu handia hartu dut, egiatan. Promoziona ditzagun Katalunian debekatuta dauden zezenketak, Manolete eta El Cordobesen irudiekin eta guzti! Biba heriotza!, Millan Astray frankistak esan zuen moduan.

Jaun-andre gorenak ugari etorri dira, bistan denez, eta ikusleen artean agertutakoei beste asko eta asko gehitu zaizkie eszenatokitik, hala nola Athleticeko jarraitzaileak, Noeren Arka ustezko elkartearen ordezkaria, Marcel Crussoe mimoa —bikaina Marcel Marceauren rolean—, Rashid El-Halili defuntuaren txofer bitxia, Renata Pampanini delako bat ahots liriko onarekin eta Caridad Montaner, Rita Montaner abeslari kubatarra irudikatuz. Hainbeste izan direnez, ordubete eta berrogei minutu —ordubete eta berrogei minutu!— eman dituzte amaierarik gabeko aurkezpenetan, Athletic loriatzeari, haren ereserki osoa abesteari eta Pitxitxiren figurari dedikatu dieten ordu laurdena barne.

Dudarik gabe, emanaldiaren tantorik onenak antzezle guztien jantzi koloretsuak eta haiek guztiek pertsonaia batetik bestera jauzi egiteko duten gaitasun itzela izan dira. Punturik makalena, aldiz, irudimenik gabeko bideo-proiekzioen demaseko erabilera. Ia ezinezkoa da jakitea zenbat jende etorri den ekitaldira, baina guztien artean izaki bat nagusitu da, bere lumaje distiratsuagatik: Ernesto izeneko papagaioa, alegia, emanaldi osoa pazientzia handiz bere barran eman duena. Ordea, ez dakigu zein rol bete behar zuen existitu ere izan ez den dramaturgian.

Emanaldia bukatzeko teorian hamar minutu falta zirela aldatu da planteamendua. «Bazen garaia —esan diot neure buruari—, berandu da dagoeneko, baina hobe berandu inoiz ez baino». Di-da batean, hileta-aretoa desagertu eta Agatha Christieren estiloko dekoratu antigoalekoa paratu dute, Arturo hilzorian zegoeneko etxea irudikatuz, eta han elkartu dira sendiko guztiak, haren heriotzaren zain eta haien arteko eztabaida patetikoak grazioso bihurtu nahian. Horrela igaro dira emanaldiaren azken hogeita bost minutuak, eta txaloen unean antzezleak bi aldiz baino ezin izan dira agurtzera irten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna