BI TARTE

Ekaitzaren ostean

Ane Labaka Mayoz. Malen Amenabar Larrañaga
2020ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Denbora neurtzeko unitate handienak distantzia neurtzeko unitate handienekin bateratu zituztenean sortu zuten mendeku politika deritzoguna. Eta zuri, zure haragitan bizitzea egokitu zitzaizun; haragi bizi-bizitan.

Zortzi urte ez dira harea erlojuetan kabitzen, ez eta sukaldeko egutegi zaharkituetan ere. Zortzi urte urte asko dira. Urtero-urtero zure etxeratzea aldarrikatu asmoz freestyle jaialdi bat antolatzeko beste. Gasteizko Gaztetxeko harrizko hormek hizketan ikasteko lain. Gertukoen indarrak lehenik Murtziarako eta, ondoren, Zaragozarako joan-etorriko bidaia luzeetan ahitzeko adina.

Zortzi urte urte asko dira. Eta, hala ere, zenbaitek begi-ninietan daramagu oraindik atxilo hartu zintuzten momentua. Matrioxka baten geruza ezberdinak geratu ziren agerian jende uholdeak okupatutako kaleetan. Balkoi zuri bat. Eta pankarta luze bat bertatik zintzilik. Oihuak. Besarkadak. Tentsioa. Tentsio handia. Musuak. Desobedientzia. Samurtasuna. Beltzez jantzitako gizon armatuak. Ukabil bat airean. Eskuburdinak. Auto baten sirena hotsa, gero eta urrunago.

Zortzi urte urte asko dira. Baina ez gara gutxi atxiloketaren aurreko elkartasun dinamika gogoan daukagunak: abendu hotz hartan eliza batean egindako itxialdia eta ezkutuan zeundela zabaldutako bideoak—batzuk zehaztasun osoz oroitzen dugu, esaterako, bideo haietan atzeko horman eguzki-lore bat zegoela—. Ezkutatu egin zinen zure kasua ezagutarazteko asmoz, argi baitzenuen zuri jazotakoak aurrera begira zerbaitetarako balio zezala nahi zenuela. Eta hala izan zen. Geroago, besteak beste, Ondarroan, Donostian, Iruñean eta Gasteizen eraikiko ziren elkartasunezko herri harresi berrien abiapuntu eta zimendu bilakatu zinen, nolabait.

Zortzi urte urte asko dira. Zenbaki hau biderkatu egin daiteke, gainera, lehen atxiloaldiaz geroztik etxera bidean polizia autoak zuri jarraika sumatzen dituzunean, agonia deskribagaitza eragiten duen egoera horretan urtebete baino gehiago daramazunean. Eta, zer esanik ez, beste mila alditan bezala, kostata iritsiko den epaiketa zirku hutsa izango dela aurrez badakizunean.

Zortzi urte urte asko dira. Barruan kabida dute ezin konta ahala bizipenentzat. Pentsa, batzuk karrerako bigarren urtea burutzen ari ginen orduan. Mundua deskubritu nahian ari ginen, geure buruak deskubritzeko. Garai hartan, kanturako elkartzen ginen zurekin: hasierako agur eternoak zituzten arabar kutsuko sariketa berezietan, tarteka, eta, gehien-gehienetan, taberna-zuloren bateko bertso-eskola inprobisatuetan. Zu, bitartean, irakasle lanetan zenbiltzan bertsotan ikasi nahi zuten gaztetxoekin, Euskal Udalekuetan ere bai hezitzaile moduan, Hala Bedi irratiko parrila artean saltsan... Mila asanblada eta mugimenduren parte zinen. Beti mugitzen.

Zortzi urte urte asko dira. Batez ere, atzera begira jarri eta ordutik zenbat udaleku eta asanblada posible igaro diren kalkulatzen hasten garenean: zenbat mendi tontor, zenbat parranda gau ero, zenbat hausnarketa kolektibo, zenbat bidaia, zenbat bilera amaigabe, zenbat sormen prozesu, zenbat hanka sartze, zenbat larrualdi, zenbat plaza, zenbat auzolan, zenbat bertso eskas, zenbat bizi proiektu konpartitu... Hori guztia ukatu dizutela ondorioztatzen dugu horrelakoetan; zuri ere gaztaroaren zati handi bat lapurtu dizutela zure jardun politikoagatik.

Zortzi urte urte asko dira. Lehengo batean «aspaldiko! Zenbat gauza interesgarri egin dituzun urte hauetan» esanez agurtu ninduzun. Blokeatu egin nintzen. Esaldi horren oihartzunak konpainia egin zidan etxera bidean. Ezin izan nuen ekidin pentsatzea zuk ere mila gauza interesgarri egingo zenituzkeela zortzi urte hauek kalean bizi izan bazenitu. Preso imajina zaitzaket, baina ez geldirik. Seguru ez diozula goroldioari tarterik utzi zure garunean leku egin zezan. Beti mugitzen.

Zortzi urte urte asko dira geldirik egoten ez dakien pertsona batentzat: geldirik egon nahi ez duenarentzat. Trumoi hotsa entzun dut urrutian, eta, handik gutxira, zerua lehertu da kristal zati txikietan. Orain lehen baino askeagoa zara. Hartu behar duzun denbora, eta, nahi izanez gero, mila mugimendu dauzkazu zure zain.

Ongi etorri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.