BI TARTE

Mintz iluna

Nerea Ibarzabal Salegi, Malen Amenabar Larrañaga
2020ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
PCR proba bat egitetik bueltan nator, kotoiaren arraspatzea sentitzetik inoiz kotoirik sentitu nahiko ez nukeen mintz ilun eta ezezagun baten gainean; zapatak eta praka-barrenak bustita noa kalean behera, eta aterkiak ez du jasaten euri sapa honen pisua, indarra ez, pisua. Banoa etxera, nahiz eta beste hamar bat lekutara edo joan ahal izango nukeen legez, baina ez zait bakar bat ere bururatzen. Banoa etxera, inork etxera joatera behartu aurretik.

Orbelak kaleko harlauzetara itsatsi dira euriarekin, algak edo itsas-izarrak moilara bezala, fosiltzen hasteko. Aisialdiak, alkoholak… balio zuten estaltzeko benetako egia: lanerako bizi zarela. Lankideak ikusten dituzula zure ama baino gehiagotan. Beraiekin hartu dituzula azken hilabeteetako kafe gehienak. Orain zure bizitza biluzik agertzen zaizu aurrez aurre, margorik gabe, edergarririk gabe. Aje egunetako errebelazio gordin bat bezala. Hauxe izan zara urte guztiotan zehar ere, baina iluntzeetako lau garagardoren ondotik, tira, bazeneukan zelan berrabiarazi zure baitako ordenagailu grisa.

Gorputzaldi honetan ezin da bizi, ezin da bizi errendizioan, tristuran. Zein emoziok eraldatuko zuen historia gehiagotan? Neurtu ote daiteke nolabait? Tristurak? Ez dut uste. Amorruak agian, baina amorruan ezin da luzaroan biziraun, amorrua mugatzailea da ez badugu transformatzen asmatzen. Beldurrak? Beldurrak mugitu ditu masak, elikatu ditu diskurtsoak, ezagun zaigu, eta baliteke gure erabaki denen erro-erroan egotea beldur papurren bat. Aldatu ote daiteke ezer onerako, hala ere, beldurretik?

Batzuetan begitantzen zait aipatutako emozio horien aldaera mate bat baino ez zaigula geratu eskura, erdi triste, erdi haserre, erdi beldurtuta gaudela, eta ez dakigula oso ondo zer indartu, zein emozio aukeratu transformaziorako. Kolore denak nahastearen emaitza beti da kolore ezgauza bat. Poza eta ilusioa desagertu egin dira, edo bestela hauek ere urardotuta sumatzen ditut gugan, hain indar puruak zirenak lehen, hain ederrak (eta benetan ari naiz diodanean uste dudala ez ditudala berriro inoiz sentituko lehen bezala). Horrek beldurtzen nau. Beldurrak beti aurkitzen du zirrikitu bat norbere harri tarteetatik filtratzeko beste emozioak baino lehen.

Baneukan itxaropena gaurko PCR proban: behin hain mintz sakonak arraspatzen iritsita, agian berraktibatu ziezadaketelako bizitza arnasteko neukan modu baikorrago hura, edo nerbio optikoa ukitzera iritsi eta ikuspuntua aldatu. Ez al da zerbaitengan sinesteari utzi izan bagenio bezala, baina ez dagoela oso argi zerengan? Abandonu bat.

Guretzat garrantzitsuak ziren ekimenek, teoriek, ereduek, helmugek, asmoek… banaka eta bakartuta gaudenean ez digute balio. Hala esaten zuten, baina ez dut uste eskuzabalago edo kontzienteago egingo gaituenik honek. Bueltan goaz geure helduleku indibidualetara, bikotekideengana, lanpostu egonkorretara, etxe terrazadunen bila, Yogi Tea infusioen mezuetara, «Arimaren edertasuna konstantea, jarraitua eta amaiezina da». Ba, agian bai. Ongizate arrastoak bilatu behar geure baitan eta gertukoengan, gutxienez. Zerbaiti eusteko, ezta? Bururik ez galtzeko. Baina zelan, zeren bidez eutsi elkarri, zelan ikusi jendarteko mintz ikusezin guztiak? Zelan berba egin aldaketetarako aukera errealez? Zelan sentitu ekarpen bat egiten diogula bizi garen inguruari, esklusiboki produktiboa edo ekonomikoa ez dena? Zelan defendatu kolektibotasuna distantziatik, beste bilera telematiko jendetsu bat imajinatze hutsak dardarka jartzen bagaitu? Yogi Tea-k ere ez dauka erantzunik. «Zoriontasuna bizitzen jakitearen artea da, gure baitan datzana». Ze ondo, Yogi Tea, eskerrik asko.

Oroitu behar genuke ezinegon marroi honetaz, gure bizitzen tripak ikusi genituenekoaz, zerekin estali edo zeinek josi eduki barik, tripa gordinak atzamarren artean zintzilik, eta zer sentiarazi zigun horrek, eta zer egitea erabaki genuen masa eta mintz horiekin guztiekin. Norantz jo, noren alde, zein emoziok gidatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.