BI TARTE

Kanpoaldea

Nerea Ibarzabal Salegi, Malen Amenabar Larrañaga
2021eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Hirien postaltze pixkanakakoak erdigunetik urrun eraman ditu egunerokoan ikusi nahi ez ditugun gauzak. Ez dira desagertu, ezkutuan daude. Adibidez, fabrika handi eta ketsuak, edo usaintsuak, edo pozoitsuak, edo dena batera. Hirien kanpoaldean dihardute orain, jo eta su, autobide ertzak argiz betez, eta izarrak kez estaliz gauetan. Poligonoetara bideratu da heriotza ere; beilatokiak kalea elkarbanatzen du kotxe-tailerrarekin eta kontserba-fabrikarekin, eta elkartzen dira negarra eta fenwichak, hortz parea zorrotz, eta kamioien atzera-martxaren soinua. Hiri garbietan, jende garbia nahi da; kanpora, beraz, garbitzat hartzen ez den nornahi, ez dena aski zuria, aski diruduna, aski diskretua. Jarri dira porlanezko arantzak zubipeetan, hustu dira bizilekuak, eta diseinatu banku berriak kaleetan eta parkeetan, inori etzaten ez uzteko bezain modernoak eta krudelak direnak. Eta, zelan ez, urrundu ditzagun kartzelak erdigunetik, arren, hauek dira-eta asma zitekeen tresnarik sofistikatuena aurrez aipatutako jende hori guztia modu eraginkor eta legezko batean begien bistatik kentzeko tarte luze batez, edo betirako.

Kartzelak eta heriotza periferian badaude dagoeneko, auskalo, orduan, periferiaren zein dimentsiotan dauden kartzela barruan gertatutako heriotzak. Zaballako kartzelan hildako azkenarekin, 2020an hamaika preso hil dira guztira Euskal Herriko kartzeletan, egunkari honek jakinarazi duenez. 2019an 194koa izan zen espainiar estatuko kartzeletan zenbatutako heriotza kopuru ofiziala (urtarrilean eta abenduan hil ziren gehien), eta 2020an 130 inguru izan direla adierazi du Salhaketa elkarteak bere webgunean.

Hilero hamarretik gorako heriotza batezbestekoa da hori, eta horren sarraski mardulak, azalpenak ere halakoxeak eskatzen ditu, berez. Proportzioan entzun behar lirateke funtzionarioen, kartzela barruko osasun profesionalen, arduradunen, tokian tokiko ordezkari politikoen adierazpenak eta azalpenak, ia egunero. Haien eskuetan baitaude milaka eta milaka bizitza eguneko 24 orduz, haien erabakimenaren mende, haiek behartuta. Baina ez da ezer entzuten. Heriotzen kausak idaztera mugatzen dira izen-abizenen ondoan, labur eta lehor: «erizaintzan hila», «urkatua», «balizko gaindosia», «bihotzekoa», «heriotza naturala», «gaixotasun terminala», «ospitalera bidean hila», «heriotza naturala ospitalean», «pneumoniaz hila ospitalean». Hil hurren dauden presoak kartzelatik ateratzen dituztela salatu izan dute eragileek, kanpoan hil daitezen, estatistiken hobe beharrez.

Kartzelak hondamendia dira. Sistema akastun baten ikur gorena, ez dagoena bizitzarako pentsatua (ez kartzela, ez sistema bera). Bizi osorako kartzela zigorra eta heriotza zigorra eskatzen dituztenek gustura baino gusturago egon behar lukete egun Europako herrialde gehienetan dagoen ereduarekin, bi zigor horiek bermatuta baitaude, modu batera edo bestera. Hauts gehiegi harrotu gabe hiltzen da jendea, debalde, eta preso askok bizitza pasatzen dute kartzela batetik bestera, sartu-irtenka, kartzelak kartzela gehiago dakarrelako zurrunbilo horretatik irteteko aukera errealik (dirurik, babesik…) izan ezean.

Eta periferiak ez du mugarik harekin espekulatu nahi duenarentzat, eta miseria haziz doa, eta nonbaiten ezkutatu beharko da. Makrokartzela berriak eraikitzeari buruz hitz egiten da orain, kartzelak husteaz aritu beharrean. Zubietakoa ere bidean da jada. Batzuek baino ez dute jakingo zein interes egongo diren horren atzean, nork eraikiko duen eta nola, eta nork aterako duen etekina horren kudeaketatik. Argi dago, behintzat, ez dutela eraikin berri bat egingo bertan biziko direnen bizi-kalitatea hobetzearren, ikusitakoak ikusita.

Inguruak eusten dio erdiguneari. Begiratu errepide ondoko argiei, poligonoei, alanbreei eta kontrol-dorreei. Ez deituez-leku, ez. Ez utzi lurruntzen, ez daitezela are gehiago aldendu, ekar ditzagun eztabaidaren erdigunera orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.