Real Madril 1-1 Reala

Hiru ezin direnean, baleko da bat

Realak berdindu egin du Real Madrilen zelaian, irabazten joan eta gero. Txuri-urdinek 54. minutuan lortu dute aldea; etxekoek 88. minutuan orekatu dute partida

JUANJO MARTÍN / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Portuk (54. min.). 1-1: Viniciusek(88. min).

Badira aurkari batzuk distira berezia dutenak. Haien aurka ondo aritzea jardun onaren berrespen izaten da. Haietako bat lortzear izan zen atzo Reala, Real Madrili haren etxean irabaztea gertu izan baitzuen.

Bana berdindu zuen azkenerako, baina agerian utzi du azken jardunaldietako lan ona ez dela kasualitatea izan. Europa begiz jota dute txuri-urdinek, eta helburu hori duenak maila guztietako taldeak estutu behar ditu. Lortu zuen hori, 88. minutura arte. Orduan berdindu zuen Real Madrilek; puntu ona izan zen Realarentzat, baina mingostasun arrasto bat utzi zion, garaipena horren gertu izanda.

Dena den, berdinketa landua izan zen. Bi taldeek elkarrekiko errespetu handia erakutsi zuten hasieran. Lehendabiziko minutuetan neurketa orekatua jokatua zuten Real Madrilek eta Realak, arerioari neurria hartu nahian. Atzeko lerroan sendo, eta erasora modu antolatuan jotzea hobetsi zuten.

Hala, banatu egin zuten baloiaren jabetza, zelaian presentzia irabazi nahian aritu ziren. Lehen hogei minutuak igarota, ordea, aurrerako urratsa egin zuen etxeko taldeak. Espainiarrek Isco Alarconen jiran antolatu zuten jokoa; zelai erdiaren eta erasoaren arteko lotura egiteaz arduratu zen, eta atzera egin zuen Realak. Haiek izan ziren Real Madrilen lehen zatiko unerik onenak; gol aukerak izan zituzten, baina langak eta Alex Remirok saihestu zuten Zidanerenak markagailuan aurreratzea.

Behin madrildarren lehen erauntsiari eutsita, erasoan zirrikituak aurkitzeari ekin zioten donostiarrek. Kontraerasoa baliatu zuten horretarako; atsedenaldira heldu aurretik era horretara saiatu zen Reala, baina eraginkortasun gutxirekin. Bi taldeek izan zituzten atsedenaldiaren aurretik gola egiteko aukerak, nahiz eta Real Madrilek nagusitasun handiagoa izan, eta une askotan Reala deseroso aritu.

Atsedenalditik bueltan erabat aldatu zen hori. Realak konfiantzaz beteta ekin zion bigarren zatiari, presiora egin zuen, eta berandu baino lehen jaso zuen saria: Portuk 0-1ekoa egin zuen 54. minutuan.

Real Madrilen eskema aldaketak ahalbidetu zuen hori. Zidanek hiru atzelariko marrazkia ezarri zuen atsedenaldiaren ostean, Casemiro haiei laguntzera jaitsita, eta aurreratu egin zituen atzeko lerroko hegalekoak, erasora begira jarriz. Hortik heldu zen Realaren gola; Martin Zubimendik zelai erdian berreskuratutako baloi baten ostean hegaletik erasora egin zuten txuri-urdinek, Lucas Vazquez aurreratuta zegoela probestu baitzuen Natxo Monrealek hondoko marraraino heltzeko. Bigarren zutoinean ere aurreratua zegoen beste hegalekoa, eta Ferland Mendy. Cristian Portuk buruz egindako errematea sarera joan zen zuzenean.

Hortik aurrera, Real Madrilek ero moduan egin zuen erasora. Realak, berriz, emaitzari nola-ahala heltzea izan zuen xede. Ez zuen lortu; Viniciusek banakoa egin zuen 88. minutuan. Pena izan zen, baina, hotzean, balio handiko puntua lortu zuen, sasoi amaieran oroitzen direnetakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.