BI TARTE

Hiposmiadun ibilaldia

Nerea Ibarzabal Salegi, Malen Amenabar Larrañaga
2021eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Apirilak 3:

Gaur hiru hilabete eta hiru egun. Armosutako jogurtak, kafesneak eta hortzetako oreak zapore bertsua utzi didate ahoan. Begiak itxita, ezingo nituzke bereizi arropa garbiak eta zikinak, ezta sukaldeko txorrotako eta komuneko txorrotako ura ere (eta ez esan ez dutenik zeharo gustu desberdina, badakit-eta baietz).

Olio esentzialen kaxa hartu dut gaur ere, begirada sabaira jasota, ez baitut nahi ikusmenak ezer baldintza diezadan. Lehenengo botilatxoa ireki dut. Menta? Bigarrena. Te arbola? Hirugarrena. Honek limoia izan behar du, derrigor. Laugarrena. Ez, mentazkoa hauxe da, orduan zein zen lehenengoa?

Txakurrari arnesa jarrita, kalera irten gara biok. Begiek eta azalak nabaritu dute, sudurrak ez; lurrin bera sumatu dut gure etxean (berez laranjazko aire-gozagarri bat daukagu), atarian (gure atariak eskailera usaina izan behar luke, zureak bezala) zein kanpoan (pinu-hautsez jositako haizeak sudur-zuloetako ileak astindu dizkit, alferrik). Berdin-berdin zaio dena nire sudurreko epitelioari, guztiak du halako txokolate usain neutro bat, agian epitelioaren beraren usaina izango dena, gainerako ñabardura guztiak lanbrotzen dizkidana.

Txakurrak aurrea hartu dit eta bere kasa doa. Muturra lurrari josita bizi da, lurpeko sokaren batek tirako balio bezala hara eta hona, eta ez nik. Gai da bazterretako aspaldiko txizak usaintzeko, arrek edo emeek eginak diren igartzeko, eta berak bezperan egindakoek hor jarraitzen dutela ziurtatzeko. Eukaliptadi gazte baten ondotik igaro gara (ba al da beste basorik?), ur gutxitxo dakarren errekastoa entzuten da sasien artetik, pinporta hori eta moreak zelaietan, eguraldia bekozkoa belzten hasita eta haizea hozten. Usaintzen duzu paisaia? Nik paisaiaren memoria baino ez, sudurra barrurantz tolestu behar izan dut garuneko kortexari usain egiteko.

Interneten irakurri dut, ikerketarik gaurkotuenen arabera, pertsonok bilioi bat usain (edo gehiago) hautemateko gai garela, nahiz eta lehen kopuru hori 10.000koa zela uste izan zen. Sinesgarriagoa zait bilioiarena, gutako bakoitzaren azalak usain bat baldin badu, gure sukaldeek, izarek, autoek, eskuek, hozkailuek baldin badute usain desberdina, batzuetan harremanetan erabakigarria izan daitekeena, gainera. Orain ezin ditut usnaka bereizi nire lagunek etxean ahaztuta utz ditzaketen jakak.

Txakurra errekondoko elbitza jaten ari da, gero gonbitoka egiteko. Lurpeko sokak gauza asko irakasten dizkie animaliei, guri ez bezala. Larrituta, hormako goroldio lehorrari heldu diot atzamarrekin, eta sudur zuloraino sartu dut. Arnasa sakon-sakon hartu dudanean igarri dut zer edo zer, han urrunean, goroldioa nigandik hiru-lau metrotara balego bezala; lauso bada ere, usaimen-memoria nekatu batek eraman nau umetako Gabonetako jaiotzaren prestaketara, goroldio piloa ikusten dut sikatzen sutondoko egunkari-paperen gainean, eta bertan bizi diren zomorro eta koko txikiak Belengo plastikozko artzainen aurpegietara igotzen. Biriketako airea kanporatu orduko desegin dira irudi denak. Berriro hartu dut arnasa, neure gorputzaren pisua jaso behar banu bezala sudurrarekin, baina badirudi zenbat eta gehiago usnatu, orduan eta zailagoa dela oroitzapen aratz horretara itzultzea, makalagoa dela garai hartara naraman hari-muturra. Higatu eta hautsi egiten zait bidean. Bide bazterreko denetariko belar puntak erauzi ditut ariketa berbera egiteko: irak, txikoria-belarrak, hirustak... Txakurrak hildako sugandila bat aurkitu du. Nik aker gorri bat ikusi dut, zintzarria entzun dudalako.

Interneten irakurri dut, horixe egiten baitut nire zentzumenez fio ez naizen aldiro, COVID-19a pairatu dutenen %88k galtzen dituztela usaimena eta dastamena denboraldi baterako. Horietatik %80k berez berreskuratzen omen dituzte biak. Zenbaitek hilabeteak behar izaten dituzte, eta beste batzuen kasuan, baliteke zentzumen horiek desberdin itzultzea, edo ez itzultzea. Baina ikerketa gaurkotuenek diote bestela ere bilioika gauza ez ditugula sumatzen sudurraren parean ipini ezik.

Txakurrak bizilagunaren txakurren arrastoa harrapatu du bidean, eta ziztu bizian alde egin dit aldapan gora. Haizea inoiz baino ikusezinagoa da aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.