BI TARTE

101 km

Ane Labaka Mayoz, Malen Amenabar Larrañaga
2021eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Araiara iritsi ginenerako hamar bat ordu zeramatzaten jada arnas estuen erritmoari eusteko ahaleginean.Kopeta-argi eta guzti abiatu ziren Murgiatik gauerdian, eta erlojuko orratzen mende zebiltzan ordutik, atsedenerako tarterik gabe, malda pikoenetan oinez eta ordeka guneak nahiz beheranzko zidorrak korrika egiteko baliatuz. Guk, bien bitartean, egin genuen lo ahalik eta gozoen nork bere ohean, erre genuen mihia presaren presaz motxila prestatu bitartean gosaritarako infusioari hurrupaka ari ginela, igo ginen lagunen autora oraindik begiak guztiz zabaltzeke genituela, gosaldu genuen bigarrenez errepide ertzeko gasolindegi batean, topatu genuen hasiera puntua eta ekin genion pixkanaka gorantz.

Zoragarri zegoen Aizkorri puntarako bidea. Zuhaitz adarrak biluzten hasiak ziren, eta hezetasun usaina barrentzen zitzaigun sudur-mintzetan. Orbelak udazkena doinutzen zuen gure zola azpietan.

Aratz lanbropean ezkutatuta zegoen gu ondotik igaro ginenean. Beste alderantz begiratuta, aldiz, hodeiak ikus zitezkeen zeruan etzan-jolasean, aldika urdin eta aldika laino, eta, beherago, Urbiako fonda. Handik aurrerakoa lurrera begira egin behar izan genuen, gu baino lehen beste hainbestek higatu zituzten harri labainkorrenei izkin egin nahian.

Beti pentsatu izan dut mendian goazela sortzen zaizkigula maiz elkarrizketarik sakonenak. Bestela iristen ez garen lekuetara irits gaitezkeela halakoetan, bai geure buruarekin ari garenean, bai eta beste norbaiten konpainian ere. Mendia arnasa da niretzat, patxada; gazta eta txokolate beltza konbinatzea behin gailurrera heldu eta pareko mendiak zein diren asmatu bitartean.

Horrexegatik begiratzen nien harriduraz aldapan gora izerdi eta lerde jario zetozen haiei. Zangoetako zainak puztu-puztu eginda, norbere gorputzaren aurkako deman ari zirenei. Hiru Haundiak lasterketaren XXII. edizioa zen, eta partaideek hogeita lau ordu zituzten, gehienera jota, 10.125 metroko desnibela zuen 101 kilometroko ibilbidea osatzeko. Helmugara iristea lortu zuten askok datorren urteko Ehunmilak proba omen zuten buruan.

Baliteke proiektuz proiektu bizi garenak ere mendi korrikalariak bezain asegaitzak izatea. Egia baita gure bizitzako ultra trailetan ere tontor bat zapaldu orduko —edo are, zapaldu baino lehentxeago— hasi ohi garela, ezinbestean, hurrengo tontorrarekin amesten eta, akaso, hobe genukeela—adizki pluralak darabiltzadanean neure buruari ari naiz beste inori baino gehiago— gailurra egin ondoren tarte bat hartu ahal izatea bertan lasai eseri eta egindakoaz gozatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.