Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Kirola «Ez nituen uztartzen artzain lanak eta emakumea»

Publizitatea

Kirola

Aitor Gisasola. 'Dominica'-ren egilea

«Ez nituen uztartzen artzain lanak eta emakumea»

Transhumantziari buruzko lan batetik abiatuta, emakume artzainen errealitatea erakusten duen film laburra osatu du Fredi Paiarekin batera.
Eli Arrillaga, artaldearekin, Urbiako belazeetan.
Eli Arrillaga, artaldearekin, Urbiako belazeetan. Z / BESTEAK

2015-12-15 / Unai Ugartemendia

Urteak dira telebistaren munduan lanean hasi zela Aitor Gisasola (Algorta, 1968). Mendia hizpide zuen Oinak izarretan dokumentaletan ere parte hartu zuen. Oraingoan ere dokumental berri batekin agertu da Bilboko Mendi Film jaialdian. Bi gai aztertu nahi izan ditu, Fredi Paia (Algorta, 1981) herrikidearekin batera, Dominica izeneko lanean: artzaintza eta emakumea. Estreinaldiak ikusmin handia sortu du, lehiaketaz kanpo emango duten arren.

Nola sortu zen Dominica dokumentala egiteko aukera?

Duela zenbait denbora Fredi Paiak dokumental bat egitea proposatu zidan, Euskal Herrian aspaldian pasatzen zen transhumantziari buruz. Fredik, gaztetan, transhumantzia egiten zuen pertsona bat ezagutu zuen, Mikel Etxezarreta izena zuena. Berriro ere transhumantzia egiteko prest zegoen, garai batean egiten zuen moduan. Bidaia horretatik dokumental bat ateratzea zen asmoa. Mikelen andrea ere, Eli, tartean zegoen. Prentsan ohiartzun handia izan zuen, eta grabatu ere egin genuen. Plano batzuk osatzea falta den arren, material gehiena prest daukagu. Grabaketaren erdian, grabatzen ari ginen lana komunikabideetan nola tratatu zuten ikusita sortu zitzaigun ideia.

Zer-nola tratatu zuten komunikabideetan?

Denek gauza bera idatzi zuten: artzaina eta haren emaztea: Eli Arrillaga. Nik ere, hasiera batean, beti berdin pentsatu izan nuen. Ez nituen uztartzen artzain lanak eta emakumea. Elik begiak ireki zizkigun. Bere bizitza kontatu zigunean konturatu ginen gu ere historian zehar bazirela emakume artzainak izandakoak ere.

Zer-nolako bizitza izan du Arrillagak, dokumentaleko protagonistetako batek?

Zarautzen [Gipuzkoa] jaioa da Eli, eta 20 urterekin baserri batera ezkondu zen. Han, behiak, ganadua eta ardiak zituzten, berrehun bat inguru. Handik bost urtera, hilabete batzuetako haurrarekin, alargun gelditu zen. Orduan, jaioterrira itzultzea edo bertan jarraitzea erabaki behar zuen, eta bigarrena aukeratu zuen. Artzaina emakumea zen kasu honetan. Gerora, Mikelekin ezkondu zen. Orduan kontatu zigun Dominicaren historia. Elik izan zuen bizitzaren antzekoa izan baitzuen hark ere.

Zein da Dominicaren kasua?

Urbian [Oñati, Gipuzkoa], emakume izena duen borda bakarrak Dominica izena du. Zergatik? Alarguna zelako eta ondoan gizonezkorik ez zuelako. Esanahi erraza dauka: gizona badago, emakumea desagertzen da. Horren harira egindako dokumentala da. Hasiera batean, guk grabatutako irudien trailer antzeko bat egin behar genuen, datorren urtean aurkeztuko dugunaren aitzakian. Ondoren, Eliri proposatu genion, eta oso pozik hartu zuen.

Nola sortu zen Fredi Paiarekin lan egiteko aukera?

Jada hamar urte izango dira Getxoko euskaldun zaharrei buruz bi dokumental egin genituela. Elkarrizketak egin, Getxoko euskararen historia kontatu, 1936ko gerrako kontuak… Aurretik, Getxoko azken baserritarrei buruzko lan bat eskatu zidan udalak, eta orduan ere Fredirekin harremanetan jarri behar izan nuen.

Pozik geratu zarete egindako lanarekin?

Bai, bai, gustura geratu gara. Gauza xume bat egin nahi genuen. Oso dokumental laburra da, eta garrantzitsuena mezua helaraztea da. Orain arte ikusi dutenek oso ondo ulertu dute. Mezua argia da, eta jendearengana oso erraz iritsiko delakoan gaude. Eliren lana aparta izan da, oso ondo azaltzen du bere burua.

Nola izan zenuten jaialdian parte hartzeko aukera?

Javier Baraiazarra zuzendariaren eskutik. Lehen esan bezala, etorriko denaren aurrerapen bat egiteko eskatu zigun. Biak lotuta dauden arren, artzantza eta transhumantzia, guk beste gauza bat azaleratu nahi genuen.

Aurrerantzean, zein dira Aitor Gisasolaren proiektu berriak? Mendiarekin zerikusirik izango du?

Datorren urtean aurkeztuko duguna amaitu behar dugu lehenik. Lan dezente dugu oraindik muntatzeko, material mordo bat dugulako esku artean. Oraindik ez dakigu gauza asko nola egin. Hala ere, muntatzen hasiak gara, eta udaberrirako amaitzea espero dugu. Ea nola geratzen den.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak