EIBAR 1 LEGANES 0

Hutsik gabe errazagoa da

Eibarrek irabazi egin dio Leganesi, Kikek bigarren zatian sarturiko golari esker. Zazpi puntu batu ditu azken hiru partidetan

Kike Garciak sartu zuen atzo Eibarren gol bakarra. JON URBE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Kikek (51. min.). Epailea. Melero Lopez. Txartel horiak: Eibarreko Escalanteri; eta Leganeseko Gumbauri. Bestelakoak. 4.456 ikusle Ipuruan; tartean, Leganesetik etorritako hainbat zale ere bai.

Eibarrek gaitasuna izan zuen atzo ondorengo hau lortzeko: partida eroso bilakatu zuen Leganesen aurkakoa. Ipuruan, talde bakarrak erakutsi zuen ohi duen jokoa, eta etxekoa izan zen. Partida biribila jokatu gabe, ondo egin zituen hainbat gauza aski izan zitzaion irabazteko.

Bolada gozoan jarraitzeko balioko dio atzokoak; azken hiru partidetan, bederatzi puntuetatik zazpi atera ditu. Realari irabazi egin zion etxean, berdindu egin zuen Atleticoren zelaian, eta atzo ere gai izan zen zaleen aurrean hiru puntuak eskuratzeko. Sailkapenaren erdialdetik gora jarriko da Jose Luis Mendilibarren taldea —174. partida zuen atzo Eibarrekin, eta gehien duena da, Blas Ziarretarekin batera—, eta atzekoei zuloa irekiko die. Leganes azkena da, eta sei puntura utzi du.

Mendilibarren jokatzeko moduaren ardatzetako baten gainean eraiki zuen garaipena taldeak: aurkariaren zelaian jokatu zuen; lehen zatian, batez ere. Makina bat alditan lapurtu ahal izan zioten baloia etxekoek kanpokoei zelai osoaren erdi horretan, ondo egindako presioari esker. Lan horren beste erdia hobeto egitea falta izan zitzaion: aukerak sortzea. Hain goian hainbeste aldiz baloiaren jabe egiteari etekin handiagoa atera beharko zioten etxekoek, baina, asmatu ez zutenez, oso aukera gutxi sortu zituzten.

Oliveirak izan zuen lehendabizikoa; zazpigarren minutuan, falta baten ondorengo jokaldian. Baloia oinen artera azaldu zitzaion, bakarrik zela, eta zartakoa Cuellarren atetik gora joan zitzaion. Hemeretzigarren minutukoa garbiagoa izan zen, Enrichek langara bota baitzuen baloia,De Blasisek erdiratu eta gero. Etxekoek ez zuten beste aukerarik sortu lehen zatian, area kanpotik Herviasek zerura egindako pare bat jaurtiketa izan ezik.

Gutxiago sortu zituen Leganesek, Eibarrek utzi ere ez ziolako egin. Baloia lapurtu bere zelaian, eta azkar gora botatzera jokatu zuen, inolako eraginkortasunik gabe, etxekoen lasaitasunerako. Aukera garbiena Carrillo aurrelariak izan zuen, buruz, geldikako jokaldi batean. Baina Dmitrovicek ezker eskua dotore mugituz urrundu zuen baloia kornerrera.

Mendilibarrek aldagelan jokalariei zer esan zien haiek bakarrik jakingo dute, baina, agian, txalotu egingo zien hutsik egin ez izana defentsako lanean, bezperan nabarmendu zuen bezala: «Aukera gehiegi ari gara oparitzen aurkariei, eta aukera asko sortzen ari zaizkigu». Atzo ez, atzo serio demonio jardun zuten jokalari guztiek, eta nabarmendu egin behar da Jose Angelek erakutsi zuen jokoa atzealdean, aurrekoetan baino eraginkorrago eta biziago.

Hutsik ez egitea oso oinarri ona izaten da aukera gutxiko partidetan eta aurkaria erasoan kamuts antzean dabilenean. Halakoetan, askotan gol bat nahikoa izaten da irabazteko, eta horixe egin zuen Eibarrek. Kikek, 51. minutuan, buruz sartu zuen partidako gol bakarra. Jose Angelek lapurtu zuen baloia Leganesen zelaian, Escalantek De Blasisi zabaldu zion ezker hegalera, eta, haren erdiraketan, Enrichek langara bota zuen baloia. Han zen Kike, ateko zuloan, gola sartzeko.

Ia bigarren zati osoa geratzen zen arren, bi taldeak ez ziren gai izan fundamentuzko ezer gehiago sortzeko. Beroak eta nekeak jota, nahikoa lan bazuten jokalariek. Etxekoek pare bat kontraeraso alferrik galdu zituzten, baina asmatzeko beharrik ere ez atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.