Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Etxe(ra)koak

2020ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Xanti, Loli, Mikel, Iñaki, Arantxa, Joxean, Maria, Eider, Nerea, Unai, Aitor, Oier, Izaro, Gorka... Etxeko egin ditugu Etxekoak eta Etxekoak udan saioetako pertsonaiak COVID-19aren garai arraro honetan, eta txalo bero bat ondo merezia dute gure pantailetatik eta bizitzetatik alde egin duten honetan. Noiz arte? Betiko ote? Ezin jakin. Nahiago genuke, inoiz berriro etxeratzen bazaizkigu, COVID-19aren eta haren ondorioak gainditutako giro batean egingo balute, baina ez dago erraz hala izango denik aurreikustea.

Gaurkotasunari zalu erantzunez eta aurrekontu murritzarekin, oso lan profesional eta gustagarria lortu dute, gidoi txukun eta sendoetan, baliabide teknikoen erabilera egokian eta aktoreen lan bikainean oinarrituta. Umoreari hain serio begiratzen zaion garai honetan, izango da akaso kasu honetan ere barreren bat burlatzat hartutakorik, baina nik ez dut errespetu falta larririk sumatu.

Erabilitako hizkuntzaren aldetik, aldiz, agertu dira sare sozialetan kritika batzuk batez ere gaztelaniazko esaldien erabilera gehiegizkoari egindakoak: «Grupo de riesgo», «hecho polvo», «¡qué va!», «premio a la combatividad», «bocadillo de chocolate»... Ez da, tamalez, Etxekoak eta Etxekoak udan saioetan ikusitako kontua soilik, joera nahiko zabaldua baizik. Batzuetan, errealismoaren edo dena delakoaren izenean, onargarria izan daiteke, baina kasu askotan neuri ere deserosoa egin zait, batere premiarik gabe erdarara jotzea euskara eta euskarazko fikzioaren ahalmena gutxiestea delako. Garbizalekeria ote da euskal fikzioari «arrisku-talde», «porru eginda», «bai zera!», «saiatuenaren saria», «txokolate-bokata» eta gisakoak susta eta heda ditzan eskatzea? Bide horretan aitzina, «atzo plazan ikusi nizun?» esanarazi behar ote zaie euskal fikzioko pertsonaiei, «atzo plazan ikusi zintudan» esan ordez? Antzekorik ere entzun da...

Alderdi hori alboratuta, berriz diot, txalogarriak izan dira Etxekoak eta Etxekoak udan. Horiei eta astelehenetik ostegunera arteko DBH-ren errepikapenei—eta ez oso aspaldi, gisa berean, Irrikitown-en errepikapenei— begira, lehendik ere ondo genekiena egiaztatu dugu: profesional bikainak ditugu euskarazko fikzioa eginez gure etxean noiznahi sartzeko. Etxerako modukoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.