Lehiatu eta disfrutatu

Gaur ekingo diete kanporaketei Gernikak, IDK-k eta Araskik. Aurkari «gogorrak eta zailak» izango dituzte aurrean: Valentzia, Cadi la Seu eta Girona, hurrenez hurren.

ainara arratibel gascon
2019ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Denboraldiko garai erabakigarriari heltzeko «ilusioz» dira Espainiako Ohorezko Mailan jokatzen duten hiru euskal saskibaloi taldeak. Beren helburua lortu dute kanporaketarako sailkatuta, baina mugarri gehiago gainditzen ahaleginduko dira. Entrenatzaileak baikor dira.

MARIO LOPEZ Lointek Gernika Bizkaiako entrenatzailea

«Kanporaketetan aurrera egiteko, defentsako lanean hobetu behar dugu»

«Gorabeherekin» helduko die Lointek Gernika Bizkaiak titulurako kanporaketei, Mario Lopez entrenatzaileak (Gernika, Bizkaia, 1967) nabarmendu duenez. «Ez gaude denboraldiko garairik onenean: erregulartasuna falta zaigu partidetan».

Valentzia kontrario«gogorra eta sendoa» dela nabarmendu du, eta espero du kanporaketa «parekatua» izango dela. «Oso barneratua dugu ziurrenik hirugarren partidan erabakiko dela». Uste du kantxa faktorea alde izatea «garrantzitsua» dela, baina ez «erabakigarria». «Kantxa faktorea alde izateak lehen partida irabaztera behartzen zaitu ia ezinbestean. Gainontzean, oso maldan gora jartzen zaizu kanporaketa. Hori dela eta, aparteko garrantzia ematen diot gaurko partidari».

Ligan bi norgehiagokak irabazi zizkioten Valentziari, baina Lopezentzat ez dira erreferentzia: «Guk bi jokalari garrantzitsu galdu ditugu ordutik: Jazmon Gwathmey eta Blake Dietrick». Horrek defentsan «ahalmen fisikoa» galtzea eragin diela aitortu du. «Defentsan, ligako talde onenetan, hirugarren ginen, eta zazpigarren gara orain. Kanporaketetan aurrera egin nahi badugu, defentsan hobetu beharra daukagu ezinbestean».

«Are gehiago», Valentziaren moduko talde fisiko baten aurrean. «Meiya Tirera, Maria Bettencourt, Joy Adams, Jori Adams... Oso jokalari atletikoak dira». Horrekin batera, Tamara Abalderen eta Maria Pinaren«kalitatea eta eskarmentua», eta Anna Gomezen gidaritza goraipatu ditu: «Oso joko antolatzaile berezia da, garaia delako.Taldean errebote gehien jasotzen duen jokalaria da. Barruko jokalarien blokeoak baliatzen ditu horretarako, eta, horri esker, partidaren erritmoa ezartzen du. Defentsako errebotea ondo zaindu beharko dugu hori saihesteko». Hortik harago, uste osoa du taldeak erasoan egin dezakeen lanean. «Talentua irabazi dugu Rachael Banham eta Courtney Williamsekin».

AZU MUGURUZA IDK Gipuzkoako entrenatzailea

«Burutik kendu behar dugu Cadik lehia bakarra galdu duela etxean sasoi osoan»

Sasoiko emaitza eta joko bolada onenetakoan iritsi zaizkio titulurako kanporaketak IDK Gipuzkoari. Ligako azken zazpi norgehiagoketatik sei irabazi ditu Azu Muguruzak (Donostia, 1968) zuzentzen duen taldeak. Horri esker, inoizko garaipen kopuru handiena lortu du: hamabost. Joera on hori aprobetxatzearen beharra nabarmendu du Muguruzak. «Baliatu behar dugu Cadi la Seuri irabaztea behar dugun aurrerapausoa emateko».

Kanporaketa «irekia eta gogorra» espero du. «Haiek kantxa faktorea alde dute, baina bi taldeek oso sasoi onean amaitu dugu liga. Edozer gauza gerta daiteke». IDK behartuta dago etxetik kanpo partida bat irabaztea, finalerdietarako sailkatzeko. Baina ez du lantegi erraza, denboraldi osoan partida bakarra galdu baitu zaleen aurrean Cadi la Seuk, Perfumerias Avenida ahaltsuaren aurka. «Burutik kendu behar dugu estatistika hori, eta mentalki aurrerapauso bat eman behar dugu». Horrekin batera, haien jaurtiketa ondo ixtearen beharra nabarmendu du, ligan puntu gehien sartzen duten taldeetako bat baita: 85,53 partidako batez beste. «Leku desberdinetatik saskiratzeko gai diren jokalari asko ditu. Horrek zaildu egiten du defentsa». Beraz, ezinbestekoa iruditzen zaio hasieratik atzean intentsitate handiz aritzea. «Lehen minutuetan asmatzen ez badute, gutxiago ausartuko dira.

Aurkariari ez ezik, bere taldeari ere erreparatu dio Muguruzak:«Pazientzia izan behar dugu, baloia jarraitutasunez eta argitasunez mugituz, eta, aukera txikiena dugunean, bizi jokatu». Irabazteko puntu asko sartu beharko dituztela aurreikusi du. Arlo horretan Iva Brkic, Lyndra Weaver eta Toch Sarr dira IDK-ko jokalari erabakigarrienak. «Baina besteek ere beren ekarpena egin behar dute; gainontzean, zaila izango da irabaztea».

MADELEN URIETA RPK Araskiko entrenatzailea

«Presiorik gabe eta ausart jokatuko dugu, ez dugu ezer galtzeko»

Kanporaketetarako sailkatu zen azken euskal taldea RPK Araski izan zen. «Azken hamarkadakoliga erregularretatik gogorrena izan da hau, taldeen maila fisikoa eta teknikoa asko igo delako.Guretzat saria da kanporaketak jokatzea», dio Madelen Urieta (Amurrio, Araba, 1981).

Girona egokitu zaie lehen kanporaketan. «Eurokopako finalerdietara iritsi dira, eta ligan gai izan zen Perfumerias Avenida mendean hartzeko. Maila handiko bi bosteko osatzeko taldea dauka. Azken lau partidetatik hiru galdu dituen arren, faborito argia da».

Bere taldea, dena den, ondo ikusten du. « Jokalariak gogoz eta pozik daude lehiatzen segitzeko, eta eurengan sinesteko esan diet. Presiorik gabe eta ausart jokatuko dugu, ez dugulako ezer galtzeko.». Gogorarazi du ligan elkarren aurka jokatutako azken partidan gai izan zirela Girona estu hartzeko: «Oso ondo lehiatu ginen, baina azken hiru minutuetan nekea antzeman genuen, eta haiek aprobetxatu egin zuten».

Orduko jokoa errepikatu nahiko lukete: «Banakako defentsan oso adi egon behar dugu, haiek edozein zulo topatzen dutelako saskiratzeak egiteko. Partzial erabakigarriak egiten dituzte partidetan». Horretarako, funtsezkoa iruditzen zaio aulkiko jokalarien ekarpena:«Defentsan une oro zure onena ematea eskatzen dizu Gironak. Txandakatzeak erabakigarriak izango dira».

Kataluniarrekjokalari garrantzitsu bat faltako dute: Nadia Colhado pibota. Iragan astean ebakuntza egin zioten eskumuturrean. «Uztaipean haien erreferentzia da, eta antzeman dezakete haren falta». Dena den, kanpotik ere oso talde indartsua dela gogorarazi du: «Hiruko jaurtitzaile petoak dituzte: Keisha Hampton, Roso Bunch...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.