IRITZIA

Laboaren bitartekaria

CAROLINE DE OTERO / BESTEAK

Juan Gorostidi -

2018ko uztailak 13

Hil zenetik hamar urte pasatuta, Mikel Laboaren (Donostia, 1934-2008) obra akuilu eta inspirazio iturri da oraindik ere. Azken lan azpimarragarria Mizel Theret dantzari eta koreografoaren eskutik etorri da. Laboaren bost lekeitioak jaso ditu, eta haiek ulertzera bultzatzen du.

Joan den martxoan estreinatu zuen Lekeitioak lana, Bilbon, Miarritzen (Lapurdi) eta Aulestin (Bizkaia), eta gaur eskainiko du berriz, Eako (Bizkaia) poesia egunetan, 22:30etan, Eskolondon.

Ondorengo hau badok.info-ko blogean argitaratutako testu baten hainbat pasarterekin osaturiko idazkia da.

... Oso bizirik den norbaitena egin zait Laboaren ahotsa, beste behin, Mizel Thereten emankizunean. Dantzariaren jarreraren poderioz, baina, ahots hura hildakoen artetik zuzentzen ari zaidala jabetu naiz. Laboak arrasto indartsua utzi zigun bizirik zen bitartean; eta modu horretan betikotu da. Baina ezin berraragituz dabil hildakoen ibaian, bertako fantasma eta izpiritu gaiztoekin deman, baita haserre eta etsituta ere, jabeturik oraino bizirik gaudenok zeinen ulermen makal eta erabilera fribolo egiten dugun bere ahotsaz eta auheneez. Etsituen dabilenean, suntsitu nahiko lituzke haren arrasto guztiak, eta, aingura horretatik libro, arima arinez etorri ama berri goxo baten sabelera. Baina ezinezkoa du, eta, une batzuetarako bada ere, bere burua eskainiko dutenen bila dabil gure artean, bakerik ematen ez dioten bere ahotik atera ziren hots eta arrangura madarikatu haiei bide bat aurkitu diezaiogun.

Une batzuetarako bederen, Mizelengan aurkitu du Mikelek bere gorputza utziko dion adiskidea, bitartekaria; baina ez edozein baldintzatan. Contrappasso legearen jakitun, Mikelen ezaugarrien kontrakoak behar ditu haren zama eroaleak: ahotsa zuen hark, isilik behar du honek; gitarraren gibelean ezkutatzen zen figura herabe eta ikaratuaren ordez, gorputz soilez bete beharko du honek egin beharrekoa. Mikelek utzitako zenbait arrasto aukeratu beharko du beste behin, eta hildakoaren izpirituaren oraingo behar larriei bidea egiten saiatu. Magia magiaren gainean ipintzen duen erronka beldurgarrian.

Iluntasun tenkatu batek girotzen du hildakoen eta bizirik daudenen arteko tratua. Eta isiltasun batek. Badaki bitartekariak ezin izango duela onik itzuli bestalde horretan sartu orduko hango mandatarien lana behar bezala beterik ezean. Kontzentrazio handiz jarri da gure gizona espazio horri so erpin batetik: soka gorri batez zoruan marraztua den lauki beltza da beste dimentsioa irudikatzen duen espazio magikoa. Isilik eta geldi. Dimentsio horretan barneratzeko une egokiaren zain.

... Eman du pausoa dantzariak, baina ezin digu aurpegia erakutsi. Begiraleei bizkarra emanez jarraituko du denbora luzez, espazio hura berea egin bitartean bederen; hildakoaren ahotsarekin bat egin arte luzean. Pauso batzuk eman eta zorua haztatzen du, saihetsetik etzaten da. Zutitzen denean, bi eskuak lurrean eta oin puntetan, korrika ziztuan aterako den atletaren moduan ipiniko da baina, aurrera jo beharrean, buruz lurrera eramango lukeen mugimendua geldituz. Erorikoa gerta ez dadin, oinak lurrean jarri, makurtu eta etzan egiten da beste behin saihetsean, lerro zuzen luzea marraztuz.

Laboak utzi zizkigun grabazio guztien artean ez dago Orreaga bezain intziri irrintzi asaldagarriagorik. Bortu hertsi batean suertaturiko pasarte odoltsuenera jo zuen horretarako, Erdi Aroko antzinatean euskaldunak ere nor bazirela adierazteko odolez izenpetu zuten batailara. Koblakariek derrotatuak besteak izan zirela azpimarratu zuten, behingoz, beste horiek gerora handi eta boteretsu bilakatu badira ere. Joan den mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran plazaraturiko pieza hura bakana izan zen Laboaren kantutegian, eta muga bat seinalatu zuen. Eta seinalaturiko muga arriskutsu hura nola zeharka zitekeen erakutsi zigun.

Gerora, Herioren hegal hotzaren ukitua sentitu berritan, damutu egin zen agian gehiegikeria hartaz, eta ezabatu egin nahi izan zuen ausarkeria hura. 1960 eta 1970etako mozkorraldi asaldatuaren ostean eta Herioren ukituaren segidan, harekin bakea egiten saiatu zen kantaria. Ezabatu egin nahi izan zuen, baita memoriatik ere, Orreaga salbai lotsagabe hura, eta izen bereko beste bat grabatu zuen hurrengo hamarkadan. Bigarren horri lotu zaio dantzaria keinu haren leialtasunez, gauzatzen ari den exorzismoaren abiapuntu gisa.

... /...

Ezpata odoleztatuak lurperatuak izan dira, eta inoizko arrano-hegal handiusteak hegaldatzea ezinezkoa duten hegal hautsiak bilakatu dira. Nekatua da ahots hori, gehiegi luzatu eta itoan airea antsian hartzera behartua da etengabe. Antsia eta hegalen ezina. Oinak iltzatuak dira zoruan, eta ahots murmurioarekin batera, beso-hegalak figura berrosatzen saiatzen dira. Ez luzerako, antsika hartuko baitu airea behin eta berriz bestaldeko izpirituak, eta figura berriz hautsiko da behin bitan hirutan. Handik aurrera, etsia onartuz bezala, bi besoek irudi biluzia osatzen dute, erdi hegal, erdi helduleku —beso-hegalak dira, aurpegiarekin batera, beltzez estali gabe dauden gorputzaren atal bakarrak—. Beso-hegal ezinduak gorputz zut eta geldoarekin hasiko dira deman; esku zabalduak ukabiletan bilduko. Askatuko badira, aurretik zerbait borrokatu behar dute, baina hutsean dabiltza. Borrokak ezin, eta berriro bilatzen ditu hegal hautsiak dantzariak, bigarrena izanda enegarren ahalegina dirudien batean, askeago, bada, oraingoan. Ahotsa nagiak utzita baitabil dagoeneko, gardenago ematen digu auhena, murmurio etsian jausi bitartean, arnas itolarrian. Oihua irrintzi zoroa bihurtzen denerako atxikita geratzen zaizkio hegal hautsiak dantzariari gibelera, eta askatzeko ahala eginagatik ere, ezin du. Ez du berehalakoan lortuko; gorputz osoa astinduko dio beste behin dardarak, ahotsaren murmurioz, askatuko badira.

... /...

Itsasoa eta Lehorra izan zen Herioren hegal hotzak Laboa ukitu ondorengo lehen lekeitioa, egurraren hotsez abiatzen zena. Lehorra bezain leuna da hots hori, ataka horretan lasaitasuna eskaintzeko gai dena. Asko luzatu egin baita orain arteko eginahala. Aukera ematen dio dantzariari soa une batez guregana zuzentzeko. Berak ezin badu ere, egurraren hotsa hegaldatzen da, eta horrek ematen dio bitartekariari atsedena hartzeko aukera: figura luze etzana, beso baten gainean burua, bestea saihetsean. Hain gurea bilakatu dugun egur-hotsak ez dio melodiari leihoa zabaltzen, ezta gainontzeko tinbal gehienei larruek eskaintzen dioten epeltasun hurbila ere, baina aski dugu jo lehor horrekin. Kantariaren ahotsa jo soil horretan sostengatzen da, eta gitarraren ukitu aratzean. Aski du horrekin dantzariak loa debekatzen dion ohantze ilunetik altxatzeko. Badaki ezingo duela denbora neurtu lauki ilunean dagoen bitartean. Denboratik at barneratu baita bera ere, hildakoekin harremanetan jartzeko nolabait, haien kondena bera betetzea baitu baldintza.

Bilatu zuen irtenbide bat Laboak 1980ko hamarkada luzean, eta egurraren arrimuan egindako ahaleginari urrutirako bidaia batek jarraitu zion. Ipar Ameriketara jo zuen oihartzunen aztarnen bila, indio harro eta derrotatu haiengana bidaiatu zuen, txerokiengana, bizitzaren taupada haztatzeko.

Ez daki zer eta nolakoa izango den hurrengo mezua; antzinatera edo aitzinera bultzatuko duen, honezkero eramangarri egingo zaion... Bestaldeko hots eta ahots-uholde bakoitzak uzten baitu horrela, interludio bakoitza hutsetik abiatzeko enegarren ahalegina bilakatzen zaiolarik. Zatikatua, dudakor suertatzen da oraingoan, baina lehen aldiz eta segundo batez bada ere, besoak askatu egin zaizkio. Airean marraztutako keinuak berak eramaten du errepikatzera; indarra berriro bildu eta beste nonbait hainbat aldiz hegaldatzera...

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna