BI TARTE

Birrindu, berregin

Nerea Ibarzabal Salegi - Mariñe Arbeo Astigarraga
2020ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Ausarta izan behar da egitura baten zimenduak birrintzeko. Gauzen muinak mingarriak dira. Eraikinek, harremanek, sistemek, norberak... denek dituzte zutarri ukiezinak, suntsituz gero lehengora itzuli ezin direnak. Ez da erraza urte askoan eutsi izan zaituzten kontzeptuak zalantzan jartzea, kontzeptu horiek kaltegarriak izan arren zuretzat. Nor dago prest une batez hankekin lurrik ez ukitzeko, ibilbide eder bezain ezegonkor bati ekitearren?

Zorionez, batzuk bai. Birrindu eta berreraiki egiten du feminismoak, eta geruza horiek ordenatuz, lekuz aldatuz, kontrajarriz, bat egiten dugu mundu zahar honen iskinetan, ke ezagunaren erdian.

Izan nahi nuke Mary Shelleyren Frankenstein odoltsu bat, emakumea egin egiten bada, Beauvoirrek esan bezala, desegin eta berregin dadin libre eta etengabe. Ideien harategi bat, norberarena barkatu, Woolf-. Txatalka noa, galderak daramatzat hortzoietan idatzita. «Zergatik ez da izan artista emakume gorenik?», Linda Nochlinek. «Nola iristen da bertsora emakume gorputzetik?», Itziar Okarizek Uxue Alberdiri. Edo Bizenta Mogelek inork galdetu aurretik erantzundakoa: «(...) ez dagokiola neskatxa bati bururik ausitzea liburugiñen. (...) Nola nik siniserazoko diet askori, euskeratu ditudala erdaldun jakitunak argiratu dituzten ipuiak?».

Hautsi diezadatela burua irekitasun mentalaren izenean, uler dezadan dena, nire garunetan kabi daitezen tamaina errealean Silvia Federici, Jule Goikoetxea eta gure amama Maria kafetegi batean, eta eztabaidatu dezatela kapitalismoaren garapenaz sukalde eta logeletatik behatuta. Beste aulki bat beharko dugu, Despentes dator. Ezkontza zer den, prostituzioa zer den... Hortxe dihardute, eta, denean bat etorri ez arren, amamak oroitu du Espainiako Estatuan dibortzioaren legea berriro onartu zenean disimulatu ezin izan zuen poza: «Ez dakizue ondo zer irabazi duzuen, umetxuak». Kafeak tragora edan, eta EHUko garbitzaileen aldeko manifestaziora doaz elkarrekin, zikinkeriaz kexu diren ikasle aberaskumeei pare bat gauza esatera.

Frankenstein honen epidermis zurira josi, arren, pasaporte europarra eta interpelazio deseroso guztiak, eta esaldi hau, hari lodi laranjaz: «Ez da aski Angela Davisen eta Patricia Hill Collinsen ideiak ezagutzea, hausnartu ezean zergatik ez daukazun zuria ez den lagun bakar bat ere zure bizitzan». Zapaltzaile izatea hautatzen badut, izan zuzenean edo zeharka, azala erreko didate nire arropen etiketek napalmak bezala, eta Bilboko portutik irteten diren armetan nire hatz-markak agertuko dira.

Genitalak sudurraren lekuan doaz, forma ezezagunekoak: lau zulo, azal ilun eta ile gorri sendoz; korritu naiteke ukitu barik ere, jakin barik nondik ari naizen eiakulatzen zer, izan naiteke naizen guztia, baina agian nahi dut zuk uki dezazun nire testura multzo hau, eta uki dezadan nik ere, ispiluan begiratu aldiro. Jakin-min hau ere ez al da plazer emailea, bere horretan? Ikusiko zenuen honezkero... pintada bat daramat bizkarrean, ez dudana ezabatu nahi erantzunak bilatu arte. Erantzunda ere, ez dut ezabatuko agian: «Zergatik zara heterosexuala?».

Beldur txatalak ditut txatal guztien baitan, hala ere. Flashback eran agertzen zaizkit aldizka, tximista berde eta trumoi hots artean, birrinduta uste nituen eraikin abandonatuak; nire josturen azpiko hiri zaharrak, gauez. Itzalak kaleetan, bidegorri erakargarriak iragan edo etorkizun errazago baterantz. Eta han, eraikinik altuenaren gorengo pisuan, ni nago, nire asmo guztiak boikotatzeko plan perfektua diseinatzen.

Betirakoa da gorputzen kanpo eta barne borroka hau, esplotatu, bortxatu eta hil ohi dituzten gorputzena. Horregatik josi ziguten bidea oinen azpian eta elkartasuna esku ahurretan. Zalantza, kritika, autokritika eta lan nekaezina egiten dituen mugimendu feminista kalera irtengo da gaur ere, txatalez txatal, geure buruak bezala sistema osoa irauli behar dela aldarrikatzeko. Haserre, baina antolatuta eta hedatuta. Urrunean ahots batek garrasika dio ezinezkoa dela, dena ezin dela, baina guk diogu baietz, den-dena izan behar dela, ezer izatekotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.