begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Ametsetako hitzak errealitate gordinean

2021eko abenduaren 31
00:00
Entzun
Iruñeko eta Bilboko zinema areto kalitate eta erronka handikoetan programaturik dagoen My Beautiful Baghdad Suitzako filma daukat altxor momentuotan nire etxe barruko pantaila txiki baina estimatuan. Donostiara, berriz, ez da iritsi. Hemen, hainbat pelikula garrantzitsu ari gara galtzen. Zineklubek, parekorik gabeko freak eta otaku-en bilkura ausarta horiek, salbatzen dizkigute, ahal dutenean, ponperiaz apainduriko aretoetan ateak itxita aurkitzen dituzten pelikula xume-bihoztun zenbait.

Dir-dir gezurrezkoa egiten duten saloi horietan, gizon-armiarmak edo Spielbergen hain ez-beharrezkoa den West Side Story-ren bertsio txit, oso, arras politikoki zuzenak baino ez dutela kabidarik ematen du maiz. Maizegi. Beste ezerk ez.

Baina ez naiz hasiko negar-malkotan 2021eko azken egunotan. Izan gaitezen beilari, izan gaitezen erromes eta pelegrin zeluloidezko Euskal Herrian barna. Zeluloide ona non, gu han, gu hara. Etsenplurako, Bilbo Mendi Film jaialdian merezimenduzko bi sari jaso zituen Luis Arrieta, Dani Burgi eta Jesus Iriartearen Mendiak-1976 dastatzeko, zergatik ez dugu ba egingo salto edo eskalada edo trekking Nafarroako hiribururantz?

Ez diot, alta, tristurari leku egingo lerro hauetan. Ez. Hitzen arteko konexioetan galduko naiz 2022a hasi aurretik.

Zinemak gure hiztegia nola aberastu, aldrebestu, itxuraldatu digun partekatu nahi dut zuekin.

Zinemak ametsetarako gai bihurtu ditu hitzak eta izenak. Errealitate gordinak, ostera, sarri, sarriegi, zapuztu, odolaz eta mixeriaz blaitu.

Samirren filmaren izenburuan badira bi hitz literaturazko eta zeluloidezko tinduz. Egizue kontu. My Beautiful Baghdad. Ez esan Hanif Kureshi eta Stephen Frearsen My Beautiful Laundrette ez dizuela gogora ekarri. Ez esan, Bagdad entzun edo irakurri orduko, hamaika aldiz filmatu eta mila eta bat gauetan zehar kontatua den The Thief of Bagdad ez zaizuela etorri burura.

Horiexek lirateke konexiorik bat-batekoenak, zuzenenak,baina baietz zuetako askok bihotzean eta begietan eduki, jada, 1987an Percy Adlon alemaniarrak eginiko Bagdad Café bitxikeria hura, Mohaveko basamortuan kokaturiko kontaketa erdi magikoa.

Gero, Saddam Hussein zela, inbasioa zela, gutako inork nahi ez zuen gerra zela, inork ikusi ez zituen hondamendi erabateko arma haiek zirela, Bagdad hitzak galdu zuen ametsetarako doinu berea; ilundu zen soinua, mingostu... Samirren pelikulan ere, samindurik, tristaturik, asaldaturik ere esaten dute pertsonaiek sehaska izan zuten Mesopotamia lur mitikoaren hiriaren graziya...

Antzeko zerbait gertatzen da/ zait, Iparraldeko kasik pantaila guztietan dagoen elurretako dokumental klasiko batekin. Aurten Cannesen sortutako Zinema Klimaren Alde sailean jendea ahoa bete hortz utzi zuen Marie Amigueten lehenbiziko filmak. La panthère des neiges du jatorrizko izenburua, baina ingelesez, Nick Caven eta Warren Ellisen musikarekin batera xuabebaina irmo dabilen zeluloide puska honi The Velvet Queen deitu izan diote. Eta musikak gehi zinemak sorgindutako multibertsoko izaki guzti-guztiek Velvet aditurik hasten gara beluseko fereka epela sentitzen. Laztan sentsuala, lizun gozoa. Hasten gara Isabella Rossellinirekin dantzan.

Arriskutsua, arras perilosa dela ederki jakin arren, saloiko pantaila gurea piztu, eta aspaldi-aspaldiko bideo zinta zahar, zatar, zakar hartan grabaturik dugun David Lynchen Blue Velvet berriro ikusteko prestatzen ditugu gure nerbio-sistemaren bukaera guztiak.

Hain da joan den mendekoa VHS zinta hori, ezen pelikulak amildegirako bidea hartzen duenean, mila zatitan hautsi eta hauts bihurtuko den. Ez du axola handirik; beti izango dugu eskura (hala izan bedi, Inch Allah, oxala) Bernie Wayneren eta Lee Morrisen abestia, estreinakoz Tony Bennettek kantatua, 1950ean.

Hitzak gogoan? Ziur buruz eta bihotzez dakizkizuela. Seguru, Velvet telesailerako Asier Etxeandiak ere abestu duelako... mende honetan:

She wore blue velvet
Bluer than velvet was the night
Softer than satin was the light
From the stars (...) But in my heart there'll always be
Precious and warm, a memory
Through the years
And I still can see blue velvet
Through my tears.

Badira beste hamaika sentsazio igualtxo. Askotan bizitzak eta herioak ustelduak, pozoituak. Mediterraneoa lurrik gabeko hilerria bilakatu aurretik, guk Lampedusa Il gattopardo-rekin lotzen genuen. Bertako printzeak sorturiko nobela gaziarekin, Luchino Visconti di Modronek—Lonate Pozzoloko konde komunista-sibaritak— eraturiko film mikatzaz.

Guk Lesbos ahoskatzen genuen bakoitzean, Safo poeta genuen gure barne ispiluan. Egun, maite ditugun izen horiei, ai! negar kresaltsua darie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.