Donostiako 66. Zinemaldia. Joaquin Cociña. 'La casa lobo' filmaren egilea

«Ez genuen zinema ikasi, eta horrek askatasuna ematen du»

Lausenguak trumilka jaso dituzte Joaquin Cociñak eta Cristobal Leonek 'La casa lobo' animazio lanarekin. Pertsonaiak eta espazioak egin eta desegin egiten dira, etengabe, film berezi horretan.

GORKA RUBIO / FOKU.
Gorka Erostarbe Leunda.
Donostia
2018ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Maria gaztearen istorioa kontatzen du La casa lobo animazio filmak. Txileko alemaniar erlijio-fanatikoen sekta batetik ihes egin ondoren, basetxe batean babestuko da Maria. Han bi txerri izango ditu bizikide bakar. Astiro, animaliak gizaki bihurtuko dira, eta etxea, amesgaiztoko mundu. Objektu errealak, mugitzen diren hormak, etengabe desegiten diren pertsonaiak... Mundu erreala eta fantasiazkoa, fantasiazko lan mardul batean. Joaquin Cociñak (Santiago, 1980) 2007tik darama animazioa lantzen.

Mugimendua, transformazioa eta irudimena; lan honen gakoak?

Transformazioa da gakoa, bai istorioena, baita erabilitako materialena ere. Filmak bi gidoi ditu: bata, narratiboa da, istorioaren hariari jarraitzeko balio duena, nolabait. Eta bestea materialen istorioa da, materialen performancearen istorioa. Istorio narratiboa bera baino lehenago genuen buruan materialen transformazioarena. Txileko kolonia alemaniarretik alde egiten duen neskatxaren istorioa baino lehenago zegoen materialen eta margolanen eraldakuntza plano batean kontatzearena. Dena transformatuz joatea dago jatorrizko ideiaren erdigunean. Transformazioa, eraikuntza eta berreraikuntza dira gakoak.

Sorkuntza lanaren metafora ere bada hori; transformazioa eta berreraikuntza, birziklatzea...

Filmean ia ez dago animaziorik zentzu tradizional batean; eszenak sortu eta desegin egiten dira aldiro. Storyboard baten modura egituratu genuen istorioa, baina trantsizioekin. Bost urte beharizan ditugu istorioa ontzeko. Hainbat galeria eta museotan ibilbide moduko bat egin genuen, bertan egindako tailerretan obra aldatu eta osatzen genuen, eta horrek ere luzatu zuen sorkuntza prozesua. Tailer ibiltari hori egiteak urte eta erdi gehiagoko lana ekarri zuen.

Ipuin klasikoa, otsoarena, adibidez, antzaldatu nahi izan duzue?

Haurrentzako ipuinaren egitura erabili eta berrerabili dugu, geure erara. Ipuin europar tradizionala hartu dugu oinarritzat. Interesatzen zitzaigun mundu horretan sartzea, nolabait kontaera zedarritzen dutelako ipuin klasikoek, eta munduan gertatzen dena ondo laburtzen dutelako. Haurrentzako ipuinen topikoek badute gauza oso on bat; jende guztiak identifikatzen ditu otsoa, neskatila... eta guretzat babes oinarri sendoak ziren horiek. Teknika eta materialetan dagoen kaos eta aldaketa erabatekoan ordena pixka bat jarri dugu ipuinen egituraketa eta erreferentzia horiekin.

Baina ipuin klasikoa gainditzeko helburua ere badu filmak.

Bai, gutxi-asko ipuin klasikoa jan dugu, digestioa egin dugu, eta gero geurea bota dugu. Oraindik ere ipuin gisa ikusten da, baina...

Metamorfosi bat gertatzen da Kafkaren ildoan, baina alderantziz: bi txerriak pertsona bihurtzen dira, eta pertsona ilun...

Hara, ez nuen pentsatu erreferentzia horretan. Baina bai, lotua dago guztiz, bai. Pertsonaiak nahiko hutsalak dira; hasieran erreferentzia naturalistagoak genituen, baina, gidoia idatzi ahala, konturatu ginen pertsonaia horiek ez direla existitzen, eta oso azalekoak behar zutela izan, batere sakontasunik gabeak; horrek berak bihurtzen ditu pertsonaia nahiko ilun eta perbertso.

Materialekin, teknikekin egindako collagearekin sakontasuna, bolumena eman nahi izan diozue animazio sorkuntzari?

Bai, eta guztiak lotura dauka ez Cristobalek eta ez nik ez dugulako jaso animazio hezkuntza formalik. Berak diseinua ikasi zuen, eta bere burua hezi du animazioan, eta nik ez dut neure burua hezi oraindik... Ikusizko arteak ikasi nituen, baina sekula ez nuen animazio ikastarorik egin. Deformazio mordoa du filmak, ezagutza faltak eragindakoak. Ez genuen zinema ere ikasi, eta horrek askatasun handi ematen du.

Zer zentzutan?

Produkzio metodoekiko oso sinesgaitza naiz. Ez didate konfiantzarik ematen. Zinemaren handitasuna da, baliabide eta aurrekontua gorabehera, dena formatu berean ateratzen dela: mugitzen den errektangulu bat da zinema. Film bat norberak nahi duen bezala egin liteke. Modu handinahi batean, guk pentsatzen dugu etengabe ari garela animazioa berrasmatzen. Badakigu ez dela horrela, agian efektu batzuk-eta asmatu ditugu, baina ariketa mental hori egiten dugu. Hayao Miyazakik esaten zuen ia ezinezkoa dela baliabide berriak ikustea animazio film batean. Guk ere badakigu ia ezinezkoa dela, baina horretan saiatzen gara.

Animazio sorkuntzak berritu beharra du?

Aldaketen banderak hartzeko joerarik eta zaletasunik ez dugu. Irudipena daukat jada ezin dela joera orokorrez hitz egin arteetan. Gehiegi dago, eta denetarik. Egia da Txilen azken hamabost urteetan sortu dela animazio zinema; lehenago apenas egongo ziren bi lan, eta hor gure ekarpentxoa egin genezake, agian.

Lan esperimentaltzat duzue zuen obra hau, edo hori gehiegi murriztea litzateke?

Prozesuari dagokionez esperimentala da, dudarik gabe, etengabeko prozesu sortzaile baten emaitza baita, eta egin ahala joan baikinen ikasiz, baina, era berean, saiatu gara obra gisa batere esperimentala izan ez dadin. Emaitza ikustean izan dudan sentsazioak ez dit gogorarazi zinema esperimentala esaten zaiona ikustean sentitu izan dudana. Gu saiatzen gara ikuslea besarkatzen, eta ez dezala sentitu abandonua.

Herenegun gauean aurkeztu zenuten filma, Tabakaleran, Zabaltegi sailean. Jendeak besarkatu egin zintuzten?

Bai, oso ondo sentitu ginen. Ederra da halako zinema jaialdi batean egotea; ez izatea soilik eta bereziki animazio jaialdi bat. Era guztietako zinema jaialdietan izatea gustatzen zaigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.