ATZEKOZ AURRERA. Oibar Olano. Albaolako boluntarioa

«'San Juan' ontzia ikusi nuenean, urtero bisitatzea erabaki nuen»

Olanok beste pauso bat eman du duela bost urte piztutako interesean: 'San Juan' baleontzia bisitatzetik bertan lan egitera igaro da. Gazteak dio asko ikasi duela Albaolako udako boluntariotzan.

ALBAOLA ITSAS KULTUR FAKTORIA.
amaia igartua aristondo
2020ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Aspalditik zuen ikusia, baina aurten ukitu ahal izan du Oibar Olanok (Asteasu, Gipuzkoa, 2003) San Juan baleontziaren egurra. Pasaiako (Gipuzkoa) Albaola itsas kultur faktorian aritu da lanean udan, boluntario gisa, eta, boluntarioei beste ontzi batzuk egokitu dizkieten arren, Olanok izan du abagunerik baleontzian ere aritzeko. San Juan egiten hasi zirenetik, 500 lagun baino gehiagok eman diote euren lan indarra doan; haietatik gazteena izan da Olano.

Nola izan zenuen Albaolaren boluntariotzaren berri?

Bertakoekin harremana duen gelakide bat daukat, eta, Albaola egiten ari den proiektuak gustatzen zaizkidanez, hari galdetu nion ea hara joaterik al nuen boluntario modura. Hasieran, hari esker jarri nintzen harremanetan Albaolakoekin.

Albaolako proiektuak ezagutzen zenituela diozu. Haien artean San Juan baleontzia, ezta?

Orain dela bost urte, gutxi gorabehera, joan nintzen bisitan lehenengo aldiz, eta baleontzia hasieratik gustatu zitzaidan. Erabaki nuen urtero joango nintzela ikustera; proiektua nola zihoan jakiteko interesa izan dut ordutik.

Baleontzitik, zerk harritzen zaitu gehien?

Baleontziak, orokorrean. Mota horretako ontziak ez dira inon egiten ari, eta ikusi nuenean denak harritu ninduen: nola egiten ari ziren, zein modutan zegoen eginda... ezaugarri denek harritu ninduten.

Zuk 16 urte dituzu, baina boluntariotza adin nagusikoentzat da, printzipioz. Zaila izan zen haiek konbentzitzea?

Ez. Bazekiten ni urtero joaten nintzela baleontzia bisitatzera, eta ikusi zuten han lan egiteko gogo handia nuela. Klasekideak ere hitz egin zuen haiekin, eta azkenean ni onartzea erabaki zuten.

San Juan baleontzian duzu interesa, bereziki?

Bai, hori da. Konkretuki, bai. Baina Albaolako lan egiteko modua ere gustuko dut, desberdina delako.

Zerk egiten du berezi?

XVII. mendean bezala egiten dute lan: ez dago gaur egungo makinarik, dena eskuz egiten da.

Boluntariotza bukatu berri duzu. Nola joan da?

Hasieran, sentitzen nintzen ez galduta, baina bai pixka bat arraro. Tresna bat hartzeko esaten zidaten, eta nik ez nekien zeinetaz ari ziren, ez nituelako izenak ezagutzen. Prozesuek ere euren izena zeukaten.

Izenak izan dira oztopo nagusia?

Bai, batez ere. Eta, gainera, heldu nintzenean ez nekien ezer egiteko moduez. Baina udan zehar ikasiz joan naiz, eta gutxi gorabehera oinarrizkoa ikasita atera naiz Albaolatik.

Hamarnaka boluntario aritu zarete. Nolakoa izan da elkarlana?

Oso ona. Albaola familia bat bezala da. Alde batetik, ikasleak zeuden, beren proiektuetan lan egiten, eta, beste aldetik, boluntarioak geunden, denok batera.

Lana nola dago antolatua?

Ikasleak aritzen ziren, batez ere, San Juan baleontzian lan egiten, eta egurrezko ontzigintzari zegozkionak egiten. Batzuetan, ikasleek laguntzarik behar bazuten, edo haietako bat beste kontu batean bazebilen, boluntarioek ere esku har genezakeen lan horietan. Baina, orokorrean, traineruak konpontzen ibili gara, edo zahartutako ontziak berritzen, pintatzen edota konpontzen.

Pentsatua duzu etorkizunean ere bide horretatik jarraitzea?

Egia esan, oraindik ez daukat erabakita aurrerantzean zer egin nahi dudan, baina bai, bide horretatik jarraitzea gustatuko litzaidake, ahal dela.

Ontzien konponketan ibiltzea gustatuko litzaizuke, zehazki?

Bai. Orokorrean, Albaolan egiten diren lan guztiak interesatzen zaizkit.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.