Gabonetan, aukera zabala

Euskal Herriko hiriburuak Gabonetarako prestaketak egiten dabiltza; argiak piztu dituzte gehienek, eta egun horietarako programazioak ere osatu dituzte. Besteak beste, artisauen azokak egongo dira.

Gabonetako bola erraldoi bat jarri ohi dute urtero Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Konturatu orduko, iristear dira Gabonak, eta supermerkatuetan urriaren hasieratik aurki daitezkeen turroiez, polboroiez eta gozokiez gain, horren adierazle dira Euskal Herriko hirietan egiten ari diren prestaketak. Horietako gehienak dagoeneko prest daude garai horri ongietorria emateko. Donostian, Gasteizen, Bilbon eta Iruñean, esate baterako, azken egunetan argiztatu dituzte kaleak, eta baita zenbait jarduera martxan jarri ere. Baionan, abenduaren hasieran hasiko da denboraldia.

DONOSTIA

Denboraldiaren inaugurazio ekitaldia egin zuten atzo Donostian, eta hiriko kaleak argiztatuta daude jada; besteak beste, antolatzaileek Kontxako baranda eta Haizearen orrazia nabarmendu dituzte, eta baita Zurriolako zubiko farolak eta Parte Zaharreko kaleetako argizko sabaiak ere. Are, Alderdi Ederren Gabonetako bola erraldoi bat ere bada.

Gabonetako merkatua ere aldi berean ireki zuten. Zehazki, Europa erdialdeko merkatuen estiloari jarraitu nahi izan diote, udalaren esanetan, eta, horretarako, egurrezko 40 etxola ezarri dituzte Urumea ibaiaren alboan; Gabonetako gauzez gain, artisautzaz ere gozatu ahalko da, eta merkatarien produktuak sarean erosteko aukera ere egongo da.

Hala ere, beste urteetan bezalaxe, noria da protagonismorik handiena duen atrakzioetako bat. Alderdi Eder parkean dago, 36 metroko altuera du, eta 26 kabina ditu. Udalak adierazi du Kontxako badiaren «ikuspegi onenaz» gozatzeko bidea izan daitekeela, eta, gainera, txikienentzat ere beste noria bat egongo da autobus geltokiaren gainean.

GASTEIZ

Gasteizen ere atzo piztu zituzten Gabonetako argiak, baina hamabi metro luze den bola erraldoia da protagonista. Andre Maria Zuriaren plazan dago, eta barnetik igaro daiteke, sarbidea baitu.

Izotz pista ere plaza horretan bertan egon da azken urteetan, baina aurten jatorrira lekualdatzea erabaki dute. Florida parkean instalatuko dute, eta, printzipioz, abenduaren 17tik urtarrilaren 9ra arte patinatu ahalko da.

Izotz pistaz gain, parkean jaiotza erraldoi bat ere egongo da, eta Olentzero eta Mari Domingi ere bertara lekualdatuko dituzte. Katedral Berriaren parean egongo da euren etxola.

Merkatuak ere protagonista izango dira, jan eta edanekoak izan ezik. Gabonetako azokari dagokionez, abenduaren 17tik aurrera zabalduko dute, Independentzia eta Urrezko Zeledonen plazetan. Artisauen feriak ere egun berean zabalduko ditu ateak Probintzia plazan. Hala ere, aurten, karpa baten ordez, etxolak jarriko dituzte.

BILBO

Bilbon ere ofizialki hasi dira Gabonak. Hilaren 24an argiztatu zituzten kaleak, baina egongo da zer egin gehiago ere.

Izotz pista ekologiko bat jarri dute Areatzako kaian, eta udalak azaldu du instalazioak dituen materialei esker ur pista izoztu batean patinatzen den sentsazioa ematen duela. Hala ere, patinak beharrean txirristak nahiago dituenak horietatik irrist egin ahalko du, sei errai jarri baitituzte Erripako kaian. Bi aukeretan aritzeko, sarrerak leihatiletan eta online hartzeko aukera egongo da.

Plan lasaiagoa nahi duenak, ordea, Gabonart artisautza azokaz goza dezake, baina horretarako abenduaren 17ra arte itxaron beharko da. Areatzan jarriko dute, eta helburua da negozio aukera berriak sortzea artisauentzat, arloa ezagutaraztea eta herritarren artean hedatzea. Beraz, interesa duenak urtarrilaren 5era arte izango du horretarako parada.

Kultur programazioa ere egongo da urtarrilaren 5era arte. Antolatzaileen arabera, hainbat kultur arloz gozatzeko aukera egongo da, hala nola musikaz, antzerkiaz, magiaz eta zirkuaz. Eta, gainera, tokiko artistek izango dute presentzia, «bertako talentuaren» aldeko apustua egin dutelako.

IRUÑEA

Iruñean ere, Hego Euskal Herriko gainerako hiriburuetan bezalaxe, dagoeneko piztu dituzte argiak, eta San Francisco plazan bost metro luze eta bost metro zabal denbola erraldoi bat ere jarri dute.

Zezen plazan ere egongo da zer ikusia. Gaur bertan irekiko dute Gabonetako azoka han, eta urtarrilaren 6ra arte egongo da zabalik. Zehazki, karpa bat ezarri dute. Gainera, antolatzaileek jakinarazi dutenez, artisautzak ez ezik, bestelako arloek ere presentzia izango dute; elikagaiek, esate baterako. Are, bertako merkatariez gain, nazioartekoak ere egongo dira; hala nola Egipton, Indian eta Thailandian egiten diren lanak egongo dira ikusgai. Orotara, hirurogei postu inguru jarri dituzte, eta segurtasun neurriak mantendu beharko dira: eskuetako gela eta maskara, beti.

Gazteluko plazan ere azoka egon ohi da, baina, oraingoz, udalak adierazi du ezin duela ezer baieztatu. Hala ere, nabarmendu du datozen egunetan emango duela programazioaren berri.

BAIONA

Baionan beste hirietan baino beranduago emango diote hasiera Gabonetako denboraldiari. Hamabi gune ezarriko dituzte, eta abenduaren 3tik urtarrilaren 2ra bitartean egongo dira martxan.

Errobi ibaiaren bi banatan jarriko dira espazio horiek. Lehena Askatasunaren plazan egongo da, eta noria erraldoi bat jarriko dute. Errekaz beste aldera, berriz, artisauek beren lanak erakutsiko dituzte. Hirugarren eta laugarren guneei dagokienez, baina, Aturri ibaia zeharkatu beharko da, eta hor egongo dira haurrentzako txokoak eta puzgarriak.

Hala ere, berriro ere Errobiren alboetara jauzi eginda, gune guztiak hor pilatuko dituzte. Euskal Museoa da horietako bat. Neguko erritualen eta Olentzeroren inguruko hitzaldiak eta tailerrak emango dituzte bertan egun batzuetan, eta Olentzero bera ikusteko aukera ere egongo da, baina,horretarako, Roland Barthes plazara joan beharko da abenduaren 20an, 21ean eta 22an.

Horrez gain, larunbatero, abenduaren 4an, 11n eta 18an, kriseiluak aireratuko dituzte zerura, 19:30ean, musikarekin uztartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.