Baionako bestak

Txanponaren bi aurpegiak

Aste batez itzalpean lanean ari direnei esker, milioi bat bestazale inguruk Baionako bestak gozatuko dituzte. Lan baldintzak oso aldakorrak dira sektore batetik bestera; prekarioak, askotan.

Armelle Etxenike
Baiona
2019ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Asteazkenean hasi eta igandera arte, milaka bestazale batuko dira Baionako bestetan. Bost egunak antolatzen, baina, aspaldi hasiak dira hainbat arlotako langileak. Uztail bukaeran, milioi bat pertsona inguru bilduko da Baionara, eta horrek antolakuntza sakona eskatzen du hainbat eremutan. Izan ere, batzuentzat hilabeteko azken astea besta garaia baldin bada, beste batzuentzat —lan baldintza prekarioetan maiz— epe laburrean diru poxi baten egiteko parada da. Astea dorpea bezain gogorra izan daiteke taberna gibelera lan egitera doan gaztearentzat, karia horretara karriketan dabilen saltzailearentzat, gau eta egun sukaldean aritzen denarentzat, edota segurtasuna edo garbitasuna mantentzeko ordainduko duten langilearentzat.

Itzalean gelditzen diren langile horiei esker, bost egunez bestak iragaten ari dira, Baiona plazererako eta festarako eremu bihurtuz. Alta, garai horrek bi aurpegi dauzka: bestazaleena eta langileena. Maiz, gainera, langile horienguzien lan baldintzak gogortu egiten dira neurri horretako bestak daudenean. Kalostrape ostatuan urte osoan zerbitzari da Txomin Arkauz, eta, haren arabera, Baionako bestek «aste bakar batean metatzen den lan zama eta lan antolaketa berezia» ondorioztatzen dituzte. «Produktu kopuru handia kudeatu beharra dakar, bildu eta antolatu behar den bezala: intentsitate handia da bost egunez», gehitu du.

Berekin bat egiten du Baiona Ttipiko ondoko karrikan dagoen Chez Momo kebabeko Hafida Kchikech sukaldariak: «Ni, enpresa buru izanki, hor naiz 08:00etatik 03:00ak arte, egunero: beraz, lan zama handia da epe laburrean. Egia da, gero, gertakizun hau goaitatzen dugula urte osoan ditugun gastuei aurre egiteko, betiere jendeari ahalik eta harrera atseginena eskainiz».

Hala ere, Arkauzen iduriko, Baionako bestetan, urte osoan bezala, lan baldintza onak funtsezkoak dira. «Ostalaritza urte osoko lanbidea dut Kalostrape ostatuan, baina Baionako bestetan baizik lan egin behar ez banu, lan baldintzak nolakoak diren begiratuko nuke; ea bat egiten dudan enpresaren etikarekin, lantaldearekin... Dirua irabazteak ez baitu bortxaz ekarri behar lanean sufritu eta gaizki pasatu behar duzunik». Ideiak argi ditu Arkauzek: haren erranetara, Baionako bestak «zinez kontsumora bultzatzen duten bestak» dira.

Alta, hark ez du bat egiten eredu horrekin: «Ez dut atsegin horrela lan egitea eta ikustea nire herria». Haren ustez, nagusi batzuek bestak baliatzen dituzte «lan baldintza txarretan» gazte batzuei lan eginarazteko: «Gazteak pozik dira epe laburrean diru zama bat irabazten dutelako, baina gauzak ez dira horrela: jakin behar da dirutza ainitz pasatzen dela hortik, eta enpresek eta ostatuek sekulako dirua irabazten dutela. Jende xume batek bost egunez poltsa diruz betetzea bainoago, urte osoan gauzak nola egin pentsatu behar da».

Baionako besten garaian dauden lan baldintza gehienak prekarioak izan ohi dira, eta, batzuetan, urte osoko egoeren erakusgarri. Lanik prekarioenak langile gazteei egozten zaizkie, behin-behineko kontratuan edo kontratu gabe ari dira, lan ordu ainitz eginez. Lan baldintzak oso aldakorrak dira ostatu batetik bestera. Urteetan zerbitzari gisa aritu da Clemence Tauzia, eta zera dio: «Ordu bakoitzeko hamar eta hogei euroren artean irabaz daiteke, hamar eta hamabost oren arteko lanaldiak eginez egunero».

Bestazaleak kudeatu behar

Besta giroaren aitzakian, gainera, gehiegikeriak gertatu ohi direla aitortu du Chez Momo kebabeko sukaldariak: «Gauerdi eta hirurak artean izaten da zailena jendea kudeatzeko: niretzat, horrelakoetan, errespetua oinarrizkoa da, eta, gauzak ez direlarik behar den bezala iragaten, ez naiz beldur kanpora ateratzeko eta gauzak argi uzteko bezeroei».

Aste honetan, Kalostrape ostatuan ari da zerbitzari gisa CorineMansorentzat ere funtsezkoa da taldean lan egitea eta taldearen sostengua ukaitea, bezeroengandik gehiegikeriak eta erasoak pairatzerakoan: «Arazo bat baldin bada, nire lankideak hor dira laguntza emateko».

Baiona besta giro betean sartu den honetan, langile franko aste akigarri bezain bizia iragaten ari da. Ostalaritzaz gain, beste hainbat arlotan dago lana. Alde horretatik, karrikako saltzaile andana bildu da Baionara azken egunotan, eguzkitako betaurrekoak eta eskumuturrekoak besoetan dituztela. Horietako zenbaiti haien lan baldintzak nolakoak diren eskatzean, ordea, ez dute hitz egiten; baldintza kaxkarretan ari diren seinale izan da horietako baten erantzuna: «Ezin naiz mintzatu».

Hala ere, bateko zein besteko langile askok onartzen dute lan baldintza zailetan lan egitea, Baionako bestetan epe laburrean diru zama bat irabazteko parada dutelako oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.