Turismoaren inguruko eztabaida

«Nortasuna» dago jokoan

Donostiako Parte Zaharreko bizilagunak ez dira harritzen kaleak gainezka ikustean. Masifikazioak dakartzan ondorioak salatu dituzte, eta udalaren jokaera kritikatu dute.

Donostia
2017ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Parte Zaharreko nortasuna galtzear dagoelako gaude kezkatuak». Xabier Arberas Parte Zaharrean Bizi Auzo elkarteko kidearen eta auzokideen beldurra da hori. Auzoa «parke tematiko» bihurtzen ari dela salatu dute, eta espazio publikoa pribatizatzen ari dela. Argi dute masifikazioa errealitate bat dela gaur egun, eta pixkanaka ikusten ari dira nola «Parte Zaharra desegiten» ari den, «berezko nortasuna» galtzen, eta ohiturekin nahiz kulturarekin zituen harreman estuak hausten.

«Ez da gaur egungo arazoa soilik turismoarena, eta ez da egun batetik bestera hedatu». Urteak daramatzate bizilagunek borroka horretan, baina asteotan izaten ari den oihartzunaren aurrean ez daude «entzungor» egiteko prest: «Ez da bat-batean sortu, aurreko legealdiaz geroztik kontsolidatu da hau guztia. 2000. urtean izendatu zuen udalak Parte Zaharra gune saturatua». Arazoen artean nabarmendu dute asteburutan egoten den iskanbila: «Orain dela bi urte egin zuen udalak dezibelen inguruko txosten bat, eta ondorioztatu zuten neurriz kanpoko zarata egoten dela asteburuetan».

Haatik, turismoaren bilakaerak arazoa areagotu duela diote: «Nabaritu dugu lehen turismoa oso garaikoa zela, hau da, hilabete zehatzetan zegoela. Baina oraingo arazoa urte osokoa da». Elkarteak dituen datuen arabera, 2000. urtean, taberna bat zegoen 166 biztanleko; egun, aldiz, 29 biztanleko dago taberna bat. Horregatik, azpimarratu dute konpondu gabe zeuden arazoei gehitu zaiela turismoaren «saturazioa»: «280 pisu turistiko daude kasko historikoan, eta haietako %84k ez dute araudia betetzen. Etxean bertan pisu turistikoak izateak arazo handiak sortzen ditu, eta horregatik diogu arazoa ez dagoela kalean soilik, gure etxebizitzetan ere badugu».

Atzean dagoena

«Arazoa da udalak herritarrei estali edo ezkutatu nahi dien hori», esan du Arberasek. Argi dauka arazoa ez dela hedatzen saiatzen ari diren «turismofobia», baizik eta udalak bizilagunei eskaintzen dien laguntza eza. «140 salaketa egin ditugu dagoeneko, eta ez dute ezertarako balio izan; udalak ez die %90i erantzun. Horregatik diot turismofobia hitzaren ondoan jarriko nukeela prebarikazioa. Udalari garbi jokatzeko eskatzen diogu, desoreka honen aurrean oreka mantentzeko, eta ez dezala dena zerbitzutara bideratu».

Udalak, berriz, Donostiako turismoaren «kalitatea» nabarmendu du. Ernesto Gasco Donostiako Turismo zinegotziak azpimarratu du turistak Donostian bilatzen duena «desberdina» dela, «berezia»: «Gure eskaintza turistikoa merkatari euskaldunari dago zuzendua. Donostian apenas dago frankiziarik, eta merkatari txikien alde egiten dugu apustu». Adierazi du udaletxearen lehentasuna herritarrak direla, eta horien bizi kalitatea. Gainera, jakinarazi du Gipuzkoako turismoa egonkortu egin dela, hau da, ez dela igoerarik egon. Halere, esan du Donostian %4 igo dela uda honetan. Harkaitz Millan Basquetour Turismoaren Euskal Agentziako zuzendariak azaleratu du iaz 4.100 milioi euroren irabaziak eman zituela turismoak Hego Euskal Herrian, eta 100.000 langile aritu zirela sektore horretan lanean. Adierazi du ezin dela hainbeste langileren lanpostuekin hain «arduragabe» jokatu, eta auzia «despolitizatzeko» eskatu du.

Donostiako EH Bilduk etxebizitza turistikoen arazoa nabarmendu du. Jakinarazi du legez kanpoko 1.500 etxe turistiko daudela Donostian, eta turismo erabilera duten pisuak edozein lekutan daudela, ez soilik Parte Zaharrean. Bereziki «lehenengo solairuaren araua» bete dadin eskatu du alderdiak: soilik lehenengo solairuetan ezar daitezke pisu turistikoak edo beste solairu batean, baldin eta azpiko solairuan etxebizitzarik ez badago. Donostiako Hirigintza Departamentuak jakinarazi du gaur egun etxe turistikoen %25ek betetzen dutela araua. Horretaz gain, alderdiak azaldu du zehazki Parte Zaharrean daudela masifikazioaren eta saturazioaren ondorio zuzenak, baina ez dela soilik auzo horretako arazoa: «Hiriak duen arazo bat da, eta hiri guztian du eragina turismoaren gatazkak». Eremu masifikatuak dira, EH Bilduren arabera, Parte Zaharra, Erdialdea San Martin eta Bulebar artean eta Gros auzoa. Halere, kutsatze efektua dela medio, masifikazio arriskuan ikusten ditu ondorengoak: Antigua, Amara Berri eta Egia.

Legez kanpoko pisuen fenomenoaz gain, merkataritza txikiaren «krisiaz» ere hitz egin du: «Tokiko merkataritza zuzenean ari da lotzen turismoari, eta pixkanaka beste motatako jarduerak desagertzen ari dira». Langileen egoerari dagokionez, jakinarazi du 6.424 langile inguru ari direla lanean turismoan: «Sektore horretan aritzen diren langileek duten arazo handi bat da oso epe motzeko kontratuak dituztela. Ondorioz, oso soldata txikiak dituzte, eta desegonkortasun handia ekartzen die horrek. Horregatik uste dugu oso garrantzitsua dela sasoitik kanpoko turismoa lantzea, eta ez udako sasoia indartzea. Hala, kontratu luzeagoak eta iraunkorragoak izango lituzkete langileek». LAB sindikatuak ere salatu du langileen egoera. «Instituzio publikoek eta turismo arloko patronalak egungo turismo eredu neoliberalaren defentsa egin dute, eskulan merkean oinarritzen den ereduaren alde, hain zuzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.