Pastor
DARWIN ETA GU

Mutrikuko kuleroak

2021eko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Mila bederatziehun eta laurogeita hamarreko irailaren 4ko goizean ezustekoa izan zuten Portbou-ko herritarrek. Neska gazte baten gorpua agertu zen bertan, arbola batetik zintzilik. Gironako herriko inork ez zuen neska hura ikusi lehenago. Emakumea nolakoa zen adierazi zion Rogelio Lacaci forentseak Catalunya Radio irratiari: «Gorpuzkera nordikoa, oso, oso gaztea, 20 edo 19 urte ingurukoa. Eta oso polita».

Badajoz-eko andre batek bere senide bat izango ote zen susmoa azaldu zuen hedabideetan, baina Lacacik hipotesia baztertu zuen: neskak depilatu barik zituen hankak —orduan Ipar Europan baino ez ei zegoen joera hori—. Beste datu bat eman zuen medikuak: hildakoaren bularretakoa eta kuleroak arrosak ziren eta mezu hau zuten idatzita: Touch me now. Haren iritziz, 90eko urteetako Badajozeko neska eder gisakoak ez zuen arropa hori eroango. Espainiarra, garbia eta aratza. La española, cuando besa, es que besa de verdad. Eta hemen? Halakorik jantziko luke Mutrikuko poxpolinak?

30 urte luze igaro dira geroztik. Gizartea asko aldatu da. Pentsatu nahi nuke 20 urteko emakume batek gaur antzeko arropak janztea ez litzatekeela aurreiritzi-iturria izango. Seinale txarra izango litzateke. Bikote ereduak, erlazionatzeko moduak ere ez dira lehenagokoak. Arlo pribatuan ez ezik, eremu publikoan ere ikusi dugu eboluzioa. Telebistan. Love Island programa dugu adibide: uhartean dauden bikoteek aurre egin beharko diote tentazioari, beste gonbidatu batzuk haiek seduzitzen saiatuko direlako. Bikoteak apurtu eta lotura berriak sortzea da jokoaren muina.

Irla egungo gizartearen isla dela azaldu dute adituek. Exhibizionismoa eta voyeurismoa antzinako lotsaren aurka, izan benetakoa, izan itxurazkoa edo gizartearen kode zaharrek behartua. Lehen isilean egiten zena agerian egiten dugu orain, kameren aurrean. Lasai asko, inongo erreparorik gabe. Ez da ezer berririk gertatu; amodioak, grinak, desirak eta desleialtasunak haragia haragi denetik izan dira munduan, baina lehen zigortuagoak ziren sozialki, zapalduagoak. Egun, espektakulua dira, gure gizartearen saltsa.

Tentazioa, adarrak. Desira, funtsean. Beti desira. Izan ere, horixe dugu Love Island bezalako programen edukiaren mamia. Desira apurtzailea izan daiteke, gure eguneroko ordena irauli ahal du. Eta gure kontraesanak azaleratu. Aïda N'Diaye filosofo frantziarraren ustez, sozialak eta kulturak gure apetak pizteko duten garrantzia ezagutzea ezinbestekoa da hori ulertzeko: «Zergatik feminista sutsu batzuen berdintasun desioa ez den logelara iristen, menderatuko dituen gizona desiratzen dutelako bertan. Edo nola gizonezkoen desira hainbat arau sozialek baldintzatzen duten, klase sozialari eta ideal femeninoari dagokienez». Itxura denez, oraindik segitzen dugu aspaldiko gizonen antzera desiratzen. Eta emakumeek beren burua behinolako moduan eskaintzen. Han eta hemen, teoriak teoria.

Izan ere, ez dut dudarik egiten: Love Island-en euskal bertsioa egingo balute, euskaldunok berdin antzean jokatuko genuke, lotsa eta beldurrik gabe. Aitona-amonen kontuak dira horiek, gazte! Lesakako gurasoek oso harro ikusiko lukete, zuzen-zuzenean, seme idixkoak neska ilehoriarekin nola jarduten duen. Eta ez lirateke harrituko, duela 30 urte egingo zuten legez, haien umea bikotekide berria larrugorritzen hasi —gizonak biluztu behar baitu andrazkoa, legeak agintzen duen bezalaxe— eta Mutrikuko neskaren bularretakoan eta kuleroetan mezu hau irakurriko balute: Touch me now.

Portbouko neskaren heriotzaren arrazoi ofiziala suizidioa izan zen, nahiz zalantzaren batzuk izan ziren. Nola egin zuen lurretik metro erdira zintzilik geratzeko, aulki edo euskarririk gabe? Zergatik zituen oinak guztiz garbi, lurrean ortozik ibili bazen? Oraindik ez da argitu neska hura nor zen. Ez zeraman agiririk aldean; inork ez zuen haren gorpua eskatu. Figueres-en lurperatu zuten, nazioarteko prozedurak agintzen duen moduan: harlauzan N. N. hizkiak idatzi zituzten. No Name.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.