«Pribatizazioak prekaritatea dakar»

Zahar etxeetako langileek grebak egin dituzte Hego Euskal Herrian. Salatu dute patronalek eta instituzioek zaintzaren pribatizazioa bultzatzen dutela. Hitzarmen duinak exijitu dituzte

Zahar etxeetako langileen elkarretaratzea, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Iraia Vieira Gil - Olatz Silva Rodrigo
Gasteiz Bilbo
2022ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Zahar etxeetako langileen prekaritatea salatzeko beste greba sorta bat izan zen atzo Hego Euskal Herrian. Lurralde bakoitzeko egoera desberdina da, eta askotarikoak izan dira aldarrikapenak. Bizkaian, Nafarroan eta Araban greba egin zuten atzo, eta LABek agerraldia egin zuen Donostian, jakinda beste herrialdeetan grebak antolatuak zituztela. Adierazi zuenez, Hego Euskal Herriko egoeraren «errudun zuzenak» patronalak eta instituzioak dira, «zaintza sistema etengabe» pribatizatzen dutelako: «Zaintza sistema komunitarioa eta publikoa izan arte, egoiliarren eta langileen duintasuna eta bizi eta lan baldintzak ez dira bermatuko».

Gipuzkoako zahar etxeetako langileek urteak daramatzate hitzarmen baten alde grebak egiten, bi helbururekin: lan baldintza duinak lortzea eta sektore feminizatu eta prekarizatu horri «gizartean behar duen lekua» ematea. UGTk duela hilabete batzuk sinatu zuen hitzarmena, %8ko ordezkaritzarekin. Horrek egoera okertu duela azpimarratu zuen atzo LABek, eta zahar etxeetan «beste borroka ziklo bat» abiatuko dutela adierazi; esan zuenez, mugimendu sozialekin eta feministarekin batera borrokatuko dira, baita egungo zaintza eredua aldatzeko lanean ari diren eragileekin ere, «erdigunean jartzeko zaintza eta emakumeen borroka».

LABek deituta halaber, 60 pertsona baino gehiago bildu ziren Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, Esentzialak gara, erresidentzietako langileak borrokan lelopean. Zazpi greba egun antolatu ditu Bizkaiko nagusien egoitzetan, eta atzo izan zuten lehenengoa. Aldundiari eta patronalei bi eskaera jakin egin zizkieten: ratio duinak ezartzeko eta lan baldintzak egoitza publikoetako langileenekin parekatzeko. «Zahar etxeetanlangile falta izugarria dago», adierazi zuen Ane Escondrillas LABeko kideak: «Langile batek hamabost pertsona dutxatu behar ditu ordu bakar batean». Soldatak igotzeko ere eskatu zuten, alde handia baitago sare publikokoekin alderatuta.

Bizkaiko Foru Aldundiak zaintzaren pribatizazioan duen erantzukizuna salatzeko ere bildu ziren: «Pribatizazioak prekaritatea eta lan baldintzen urraketa dakartza».

Hitzarmen duinen beharra

Nafarroan hirugarren greba eguna izan zuten atzo zaharren egoitzetan, LAB, ELA eta UGT sindikatuek deituta. Urtebete daramate baldintza duinak bermatzeko hitzarmena eskatzen, baina patronalek ezezkoa ematen dute «etengabe», eta, salatu dutenez,Nafarroako Gobernuak ez du ezer egiten haien alde. Sindikatuek uste dute Nafarroako langile guztientzako hitzarmen duina posible dela, eta elkarrekin lor dezaketela. Horregatik, sektoreko langileek manifestazioa egin zuten astelehenean Tuteran, asteartean Tafallan eta, atzo, berriz, Iruñean.

Gasteizen ere kalera atera ziren atzo, LABek eta ELAk deituta. Adrian Garcia ELAko kideak Arabako Foru Aldundiari ohartarazi zionez dutela «edozer» onartuko zahar etxe pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako lan baldintzak hobetzeko. LABekin batera, eta pentsiodunen laguntzarekin, manifestazioa egin zuten Gasteizen, Erresidentziak borrokan lelopean. 60 lagun inguru bildu ziren, eta lan baldintza «duinak» ezartzea ez ezik, baldintza horiek adosteko «negoziazio mahaia behingoz desblokeatzea» ere galdegin zioten sindikatuek patronalari.

Otsailean bildu ziren lehenengoz aldundiarekin eta patronalekin, lan hitzarmen hori «hobetzeko» asmoz, baina oraindik ez dute lortu akordiorik. «Horren zain gaude oraindik», salatu zuen Tamara Letamendi LABeko kideak. Garciak gehitu zuen sektorea «duintzeko» garaia dela: «Ez da kasualitatea hain feminizaturik dagoen sektore bat horren prekarioa izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.