1978ko sanferminetako gertaerei buruzko Martin Villaren agiriak lortu dituzte

EH Bilduk eskuratu ditu, eta 78ko Sanferminak Gogoan taldeko abokatuek aztertuko dute edukia aurrera begirako urratsak egin aurretik

1978ko uztailaren 8an zezen plazan polizia armatuak indarkeriaz sartu zireneko argazki sorta bat. BERRIA.
joxerra senar
Iruñea
2019ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Ez dira paper ofizial guztiak agertu, eta oraindik ilunpean jarraitzen du 1978ko sanferminetako gertaeren egia ofizialaren zati garrantzitsu batek. Dena den, EH Bilduk lortu ditu Martin Villaren txostenak —izen hori hartu duteRodolfo Martin Villa orduko Espainiako Barne ministroak hizpide izan zituelako 1978ko uztailaren 19ko saioan Espainiako Kongresuan—. Berrogei urte eman dituzte desagertuta; garai hartako hamabi dokumentuok bertsio poliziala jasotzen dute. Koalizio abertzaleak 78ko Sanferminak Gogoan taldeari pasatu dizkio, eta, uneotan, haren abokatuak edukia aztertzen ari dira, hurrengo urratsak egin aurretik. Urtarrilaren 22an kereila kriminala aurkeztu zuten, eta informazio hori auzian baliatu nahi dute.

1978ko uztailaren 8an, gazte batzuek amnistiaren aldeko pankarta bat ireki ondotik, orduko polizia armatua indarkeria handiz sartu zen une hartan gainezka zegoen zezen plazara. Su armekin tiro egin zuten, eta hainbat zauritu eragin. Plazatik kanpo, poliziek tiroka jarraitu zuten, eta, gau hartako 22:00ak pasatuta, German Rodriguez 23 urteko gazte eta LKIko militantea hil zuten Orreaga etorbidean. Euskal Herri osoan asaldura eragin zuten gertaera haiek, eta, handik hiru egunera, Donostian izandako protestetan, Joseba Barandiaran Astigarragako gaztea erail zuten poliziek.

Uztailaren 19an, Kongresuan parte hartu zuen Martin Villak, eta orain lortutako dokumentuok hizpide izan zituen. Hala ere, gertaera haiek argitzeko, epaitegiek bost sumario ireki zituzten, eta, testuinguru horretan, Martin Villak aipatutako agiriok eskatu ziren, baina ez ziren eman. Sumarioek ezerezean amaitu zuten. Iaz, Iruñeko Udalaren ekimenez bultzatutako egiaren batzordeak ondorioztatu zuen orduko Barne Ministerioak ez zuela batere lagundu auzia argitzeko.

Legealdi honetan, Nafarroako Parlamentuaren zein gobernuaren bitartez, 78ko Sanferminak Gogoan taldeak hainbat aldiz eskatu ditu agiriok, baina PP zein PSOEren gobernuek ez diete jaramonik egin. Orain EH Bilduk eskuratutako agiriak bere garaian Gobernu Zibilak, Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiak eta Poliziaren Inspektoreordetza Nagusiak egindakoak dira. 78ko Sanferminak Gogoan taldearen arabera, Barne eta Defentsa ministerioek egindako beste agiri garrantzitsu batzuek «oraindik ilunpean» jarraitzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.